Hilak 23, Milakultura eguna
Lasarte-Oriako Bizipoza taldeak, herriko ikastetxe guztiak, Ttakun Kultur Elkarteak eta Kumme elkarteak elkarrekin aurrera eraman genuen Milakultura eguna, hilaren 23an, Okendo plazan.
Egun koloretsua izan zen, multikuturala, belaunaldiartekoa, komunitatetik sortua eta komunitatean gozatua.
Festari goizean eman genion hasiera herriko hiru ikastetxeetako (Garaikoetxea-Landaberri, Sasoeta-Zumaburu eta Oriarte BHI) umeekin, irakasleekin, familiekin eta Porrotxekin, Munduko jolasetan murgilduz. Eta aipatzekoa eta positiboki baloratzen duguna, Atsobakarreko egoiliar eta langileen parte hartzea eta elkarrekin aurrera eraman genuen ekimena. Goizean plazan guztiok elkarrekin ospatu eta aldarrikatu genuen gure herriko aniztasuna. Eta egunaren aurretik ere, plaza apaintzeko eskulanak bideratu zituzten Atsobakarren eta ikastetxeetan ere.
Milakultura egunak arratsaldean izan zuen jarraipena. Hasteko, 18:00etan, Ttakun Kultur Elkarteko gazteekin eta eskuhartze komunitario zerbitzuko eta Tximistak taldeko gazteekin mundua saltsan jarri genuen. 19:00etatik aurrera, berriz, herriko hamalau herrialde desberdinetako komunitateak elkarrekin egindako ekimenean mundua gurekin dagoela sentitu eta bizitu genuen.
Eguneko balorazioa
Bizipoza elkartetik egunaren balorazio oso positiboa egiten dugu, gure herriko aniztasunaren aldarrikapena, kultura desberdinen aberastasuna erdigunean jarri genituela sentitzen dugulako. Eta egiteko modua ere transbersala izatea denontzat aberatsa izan zela sentitzen dugu: multikulturala, belaunaldiartekoa, komunitatetik antolatua eta euskara ardatz hartuta. Izan ere, gutako bakoitza hizkuntza bat baino gehiagoren jabe gara, baina euskarak gu bakarrik gaitu. Euskara elkarrekin komunikatzeko tresna izateaz gain, balioak transmititzeko bitarteko ezin ederragoa dugu. Euskarak batzen gaitu.
Ikasturte osoko prozesuaren balorazioa
Hilaren 23ko eguna bera positiboki baloratzeaz gain, ikasturte osoan elkarrekin egindako lana izan da Multikultura eguna ospatzea ere posible egin duena. 2023-2024 ikasturtean eman genion hasiera herriko ikastetxe guztien eta Bizipozaren arteko elkarlanari eta kurtso honetan lankidetza hori zabaldu egin da: Bizipoza, ikastetxe guztiak, Ttakun Kultur Elkartea eta Kumme-ren arteko elkarlana izan da nagusi, modu honetan gure herriko sareak indartu, elkarren arteko ezagutza handitu eta elkarrekin kulturartekotasuna gaiaren lanketa bideratuta. Uste dugu garrantzitsua dela gai hori lantzea eta aurrera begira lanketa elkarrekin egiten jarraitzea, herritarrak, eragileak eta Lasarte-Oriako komunitatea zipriztinduz.