Komunitate multikulturala izatea aberastasuna dela erakutsi dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 24a, 15:45

Bizipoza taldeak Lasarte-Oriako kulturartekotasuna ardatz, Milakultura festa antolatu du, ostiral honetan. Goizetik ilunerako ospakizuna izan da. Arratsaldean, jatorri ugarietako pertsonei plaza hartzeko aukera eman zaie. 

Herriko aniztasuna aberastasuna dela aldakarrikatzeko asmoz prestatu dute Bizipoza taldekoek Milakultura festa. Ostiral arratsaldean, Lasarte-Oriako altxorretako bat plazaratu dute; herri honetako kulturartekotasuna eta aniztasuna, hain zuzen. Horretarako, hainbat emanaldi eskaini dira, Okendo Plazan. 

Hasteko, Ttakun Kultur Elkarteko aisialdi taldekoek Mundua Saltsan!  emakizuna egin dute. Bertan, taldeka, nazioarteko herrialde bana aukeratu dute, eta haren inguruko bitxikeriak, partekatu, hots, bertako historiaren zenbait pasadizo edota bertako jantziak erakutsi. Era berean, haur bakoitzak euren masailetan aukeratutako nazioaren ikurrina izan du. Margolari lanetan, Tximistak taldea aritu da. Segidan, Hugo Amilek Kukukaren izenean, aurreskua dantzatu die emanaldiko partaideei. 

Jarraian, herriko mila kulturak ezagutzeko tartea izan da. Bertan, askotariko jatorriko pertsonak agertu dira: Nikaragua, Mexiko, Japonia, Andaluzia, Extremadura, Galizia, Peru, Maroko, Sahara eta Ekuador, besteak beste. Taldeka edo bakarka, alde batetik, euren bizipenak plazaratu dituzte, hau da, Lasarte-Oriarako bidea zergatik egin zuten azaldu edota herrian, zenbat denbora daramaten aitortu. Bestetik, erakustaldiak ere eskaini dituzte; dantza egin dute, euren herrietako hizkerako zenbait hitz erakutsi, baita abestu ere.

Ekitaldiak ekitaldi, Eskuhartzeko rap komunitateak eta Tximistak taldeak rap ekitaldia egin du. Bukatzeko, Xumela Abesbatzak Joxe Mari Agirretxerekin batera, Epo i tai tai e  abestu du a capella. Vicky venezuelarra eta Precious nigeriarra aritu dira aurkezle lanetan, fin. 

Festarekin amaitzeko, herrialde bakoitzeko janaria dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Izan ere, Okendo Plazako arkupeetan, herrialde bakoitzeko postu bat jarri da herrialde bakoitzeko jakiak zein edariak nahi zuen orori probatzera emateko.