Ttakunenea elkartean atzo arratsaldean egin zuten bilera da udalerri honen aniztasunaren adibide bat: Milakultura egunean parte hartuko duten eragile ugaritako kideak eta norbanakoak elkarrekin hizketan, ezagutzak eta iritziak trukatzen, giro ederrean. Hedabideetako ordezkariak etortzean ekin zioten hilaren 23ko ospakizuna zertan izango den azaltzeari.
Eguraldiak laguntzen badu behintzat, Okendo plaza izango da kultura desberdinetako herritarren topalekua, 10:30etik hasita. Ordu horretatik aurrera girotuko dute erdigunea herriko ikastetxeetako (Garaikoetxea-Landaberri, Sasoeta-Zumaburu eta Oriarte) haur ugarik, Garaikoetxea-Landaberriko zuzendari Olaia Recondok azaldu duenez. "Hiru jolas egingo dituzte, eta, ondoren, aurrez landutako edota unean-unean inprobisatutako dantza batzuk, gure hezkuntza zentroetako aniztasuna islatuko dutenak". Ikasle horiek guztiek Porrotx pailazoa izango dute lagun. Egun handi horren aurretik familia denei egitasmoaren berri emango dietela zehaztu du Oriartekide guraso elkarteko kide Ainhoa Illarramendik. Sasoeta-Zumaburuko zuzendari Oiartza Panpliegak, azkenik, aurreratu du nola ari diren bizitzen prestaketa garaia: "Ilusio handiz ari dira haur guztiak lantxoak egiten; gizartearen kolore hori egunero bizitzen dugu eta oso presente dugu eskolan". Jolasez eta dantzez gain, bertsotan ariko dira ikasleak eta testu bat ere irakurriko dute.
Hezkuntza arautua bezain garrantzitsua denez ez arautua, pertsona ororen garapenean "pisua" duelako, Ttakun Kultur Elkarteko Aisia arduradun Pili Bermejok jakinarazi du arratsaldeko ekimen sortaren aurrekari gisa euskara elkarte horretako programetako partaideak ere animatuko direla Milakultura egunera. "Gure herriko aberastasuna ospatzeko jaialdi bat da eta oso interesgarria iruditzen zaigu bertan parte hartzea".
Jatorri desberdinetakoei, ongietorria
Kumme Laguntza Eskolako kidea da uruguaitar jatorriko herritar Andrea Garcia. 50 haur pasatxorekin aritzen dira eta antzeman dute gure herrian, komunitate ugari izanagatik, atomizatuta daudela eta beharrezkoa dela integratu eta elkar ezagutzeko ekimen bat aurrera eramatea, aniztasuna eta kulturartekotasuna "aberastasuna" direlako. Funtsezkoa iruditzen zaio altxor hori plazaratzea: "Nahi dugu Lasarte-Oriak ongietorria egitea jatorri desberdinetakoak diren bizilagunei, senti daitezela komunitatearen parte".
Kukukaren izenean Aurreskua dantzatuko duen Hugo Amil-ek Kummen egiten du lan boluntario gisa eta "oso-oso gustura" ari dela nabarmendu du, "parte hartu nahi duen edonor" beraiekin hastera animatu bitartean. Azaldu du elkarte horretara joaten diren gaztetxoei laguntzen diela eskolako lanak eta euren agenda akademikoa antolatzen.
Milakultura eguna egiteko arrazoietatik arratsaldeko egitaraua azaltzera igaro dira eta dinamizatzaile lanak egingo dituzten Iñaki Etxegia Patxo eta Coro Dominguezek hartu dute hitza, 19:00etatik aurrera Okendon egingo dituztenak aurreratzeko: aurkezleak izango dituzten Precious nigeriarra eta Vicky venezuelarra aurkeztea (partaide guztiak aurkeztuko dituzte bi horiek), norberak bere burua bere hizkuntzan aurkeztea, aurreskua dantzatzea, Mikel Laboaren abesti bat dantzatzea edota Bizipozaren koloretako paraxuta astintzea. Bestalde, Corok jakinarazi du Atsobakar egoitzako kideek asmoa dutela goizeko jarduerekin bat egiteko.
Espainiako nahiz nazioarteko lurralde ugaritan jaio eta gaur-gaurkoz herrian bizi diren pertsona eta elkarteek ere osatuko dute kulturartekotasunaren mosaiko koloretsua. David Pena galiziarrak, esaterako, Euskal Herriaren eta Galiziaren arteko lotura irudikatuko du, Gabriel Ariesti eta Manuel Maria poeten olerki bana irakurrita. Horren ostean, barre artean, pulpo a feira olagarro plater famatu eta ezin goxoagoa prestatzea ez du baztertu. Peru eta Nikaraguatik gurera etorri diren Araceli Girot eta Ondina Perezek ere aurreratu dute herrialde bateko zein besteko platerak prestatuko dituztela, eta, horrez gain, Nicaragua Nicaragüita abesti ezaguna dantzatuko dutela, Joxe Mari Agirretxek kantatu bitartean. "Oso eskertuta" daude parte hartzeko gonbidapenagatik eta datozen urteetan euren herrialdeetako pertsona gehiagok bat egitea espero dute.
Semblante Andaluz elkarteko lagunek rebujito edari fresko eta goxoa prestatuko dute, eta, Extremadura Etxekoek, Parrandera dantzatu eta Torta del Casar gazta ezaguna eskaini. Horrez gain, balioan jarriko dute lurralde horretako dialektoa den Castúo extremeño hizkera. "Euskaraldia hastear dago eta euskara, gaztelera... Elebitasun hori ere bizitzen dute Extremaduran, intentsitate gutxiagorekin, baina dialektoaren balioa nabarmentzeko mugimenduak-eta sortzen ari diren honetan, hilaren 23an hitz eta esamoldeak ezagutaraziko ditugu", azaldu dute elkarte horretako kide Pili Moreno, Pili Bermejo eta Begoña Iñigok. Bestalde, Xumela koruko kideek Epo i tai tai e abestia interpretatu eta patata tortilla goxoak eramango dituzte festara.
Sare zabala, "are zabalagoa"
Herriko Bizipoza taldeak azken urteetan egindako bidea errepasatu eta ehundu duten sarea azaltzeko Leire Elizegik hartu du hitza. Gogoratu du 2020an ekin ziotela elkarrekin aritzeari, Miren Bardaji herritarra Greziako Lesbos irlan zeregin humanitarioak egiten ari zen bitartean. "Egunerokoan gai askoren bueltan lanean ari garenak batu ginen eta ekimen bat egin genuen kultur etxean, Lesbosekoen egoera eta eragile horien guztien lana gizarteratzeko".
Sorgin Jaietan parte hartu dute eta baita 2022ko udazkeneko Euskararen 10. Maratoialdian ere. Iazko kurtsoan foro bat eratu zuten eta herriko ikastetxeak batu ziren egitasmora. Ikasturte osoko lanketa egitea erabaki zuten, bizipoza kontzeptuaren beraren bueltan. Aurten urrats bat gehiago egin eta gai bat hautatu dute, kulturartekotasuna hain zuzen. "Jatorri askotako pertsona asko bizi gara eta elkar ezagutzeko zubiak eraikitzea beharrezkoa iruditu zaigu". Gauzak horrela, zabaldu egin dute espazio hori eta Kumme elkartea eta Ttakun Kultur Elkartea batu dira.
Azaldutako hori guztia hartu, aurrera eraman dituzten bileretako ideiak jaso eta kartel eder eta ikusgarria egin du Sara Etxeberria Basoko Maxuxta ilustratzaileak. "Kulturartekotasuna adierazteko modu egokiena kolore desberdinak erabiltzea dela iruditu zaigu, jende asko azaltzen da dantzan eta plazan, banderak elkarbanatu bitartean".