Lehen hitzordurako minutu gutxi falta zirela botatako zaparradak Okendo plaza Oriarte Institutuko jolastokiagatik aldarazi badie ere, bestelako eraginik ez du izan egitarauan. Aurreikusitakoari eutsi diote, Landaberri eta Sasoeta-Zumaburuko ikasleekin prestatutako saioan.
Dantza, kanta, marrazkiak... Bizipozez betetako jaialdia aurrera eraman dute. Porrotx eta Marimototsek aurkeztu dute, Euskararen Maratoiko Zortzikoteko Koro Dominguez Rodriguez, Vicky Castro Bravo eta Iñaki Etxegia Loiarte, Aspanogiko Laura Hueso eta Naizeneko Marijo Martinezek lagunduta. Musika kontuez, berriz, Bizipoza Elkateko koordinatzaile Leire Elizegi Beloki arduratu zen.
Ikasleek bertso, marrazki edota hitzen bidez adierazi dute zer den bizipoza beraientzat. Azken hilabeteetan lantzen aritu dira gaia ikasgeletan, Porrotxen bisita tarteko. Norberarengandik hasi dira, etorkizunean beste arlo batzuetan sakontzeko asmoz. Ikasleek egindako marrazkiekin osatutako horma-irudiak erakutsi dizkiete Porrotx eta Marimototsi eta ondoren, Zortzikoteko kideei eman dizkiete. Beste batzuek sentipena definitzerakoan agertutako aukeretako batzuk partekatu dituzte. Gauza askotan topatu dute haurrek bizipoza: begirada goxo bat, txakurrarekin jolastea, amonarekin paseatzea, aitonarekin sukaldatu, baratzan aritu osaba-izebekin, liburu bat irakurri, pelikula bat ikusi... Jarduerak jarduera, esaldi bakarrean hala laburbildu dute: "Maite ditudanekin eta maite nautenekin egotea, horixe da niretzat bizipoza".
Askotariko tantak
Ikastetxeetara bueltatu dira haurrak eta atseden hartu dute tarte batez Bizipozako kideek. Euria uxatuta, bigarren hitzordua, Lasarte-Oria Zipriztindu, Askatasuna parkean gauzatu dute. Elizegik aurkeztu du ekimena albo batean, zortzikoteko kideak zituela, aurrekoei Rebeka Garzes Aldazabal eta Joxe Mari Agirretxe Kerexeta gehituta, eta bestean, Lasarte-Oriako Bizipoza taldea osatzen duten zenbat elkartetako lagun. Haiek aurkeztu aurretik, Earra bertso eskolako Arkaitzek eta Ametsek hiru bertso kantatu dituzte, bana bakarka, eta azkena, bi ahotsetan.
Arkaitz:
Biek: |
Amets: |
Azken hilabeteetan herriko ikastetxeekin elkarlanean aritu direla azaldu du Elizegik eta ordu batzuk lehenago egindako saioa "zoragarria" izan dela gehitu. Ondoren, herriko taldearen parte diren kideei eman dien hitza, beraien proiektuaren berri eman zezaten. Ostadar SKTko Kirol Egokitu ataleko Ainhoa Arruti Loiarteren esanetan, beren helburu nagusia "kirolean pertsona guztien inklusioa lortzea da" eta horretarako zenbait kirol eskaintzen dituzte herrian: boccia, eslaloma, atletismoa eta multikirola. "Poliki-poliki sekzioa handitzen doa eta hogei kirolari ditugu gurekin. Animatzen zaituztegu nahi duzuenean ezagutzera”.
Jarraian, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria elkarteko Tomas Arrutik hitz egin du. Mendebaldeko Sahararen aldeko ekimenak aurrera eramatea xede duen taldeak bere gain hartu du Oporrak Bakean programa, hortaz, ahalik eta haur saharar gehien herrira ekartzeko ere lanean ari direla nabarmendu du.
Naizen eta Aspanogiko, Martinez eta Hueso izan dira hurrengoak. Lehenak, haur eta gazte transexualei ikusgarritasuna ematen dihardu, "ezagutarazi eta onartzeko, bakoitza den bezalakoa izanda askatasunean bizi ahal izateko". Bigarrenak, berriz, haur eta nerabe minbizidunen gurasoen elkartea herrian ezaguna izateak asko pozten duela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie herriko haur eta irakasle guztiei. "Gaur etorri gara zuei irakasteko bizipoza eta inklusioa zer den, baina irakaspena guk jaso dugu".
Azkenik, Izan Inurriko kide Sandra Barkaiztegi Navarrok hitz egin du. "Inurritxo bat naiz. Minbizia daukagunok elkarlanean aritzen gara elkartean, eta bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta, talde lanean indartu egiten gara. Lagundu eta batzuk besteongandik asko ikasten dugu, gaur zuengandik ikasi dugun bezala".
Taldeen txanda amaituta, eta dantzarik gabe jairik ez delako, Bizipozaren kantaren doinura aritu dira. Dantza ezagutzen zutenak besteen aurrez aurre jarri dira zortzikoteko kideekin batera, gainerakoei pausoak erakusteko. “Lasai, badakit ez duzuela ikasi, baina kopiatu guk nola egiten dugun. Guk ez dugu oso ondo egingo, baina perfekto da soso” esanda lasaitu ditu Agirretxek. Lehenengoa entsegutzat hartuta, bigarren aukera izan dute, eta amaitzeko, Bizipozaren oihal koloretsua aterata eta beste dantza bat egin dute.
Zer da Bizipoza Eskola?
Dena jasota, Antonio Mercero gunera igo dira elkarteko kideak, zortzikotekoak eta zenbait haur. Bertsoen ondoren, partaide guztiei eskerrak eman dizkie Elizegik, arratsaldean eta baita urte osoan zehar ere herria “bizipozten eta zipriztintzen” dabiltzan guztiei, hedabideei, beti prest dauden Zortzikoteko kideei eta solasaldian ariko zirenei.
Bizipoza Euskal Herri osoko 38 elkartek osatzen dute, denek izaera bereziko gaiak lantzen dituzte eta oraindik ere hainbat eskubide bete gabe dituzten haur eta familiek osatutako elkarteak dira guztiak. Askotariko gaiak landu arren, oinarri eta helburu bera dute: "Denona eta denontzat beharko lukeen gizartea, Euskal Herria, eraikitzea euskaratik eta euskaraz". Bide horretan, proiektuak, jardunaldiak kantak, bideoklipak, biharamunean Hernanin aurrera eramandako Bizipoza Jaia... Hemendik aurrerako erronka da ere elkarrekin eragitea eta bide horretan Bizipoza Eskola tresna nagusia izango da. “Betetzeke dauden eskubide horiek betetzeko bide bat egin nahi dugu Administrazioari, erakundeei eskutik helduta”.
Zipriztintzea da Bizipoza Eskolaren nahia: ingurua, norbera, besteak... Haur eta nerabeak begirada berrian hezi eta haiekin batera, helduek ere gauza bera egitea. Horretarako baliabideak eskaintzen ditu webguneak. Eskolari buruzko bideo baten ondoren, proiektua aurkeztu du bere koordinatzaile Nerea Godoy Fuentesek.
Bizipozaren balioak lortzeko hezkuntza formala, ez formala eta herrigintza ataletan banatutako edukiak ditu. Ikasmaila guztietarako sailkatuta daude materialak hezkuntza formalaren kasuan eta hizkuntza mailaren arabera, ez formalean. Herrigintzaren barruan, berriz, oraingoz bi eredu daude: Lasarte-Oriakoa eta Bilboko Uribarri auzokoa.
Kide diren eragileek lantzen dituzten gaiak bost taldetan banatuta dituzte: familia aniztasuna eta identitatea, kultura aniztasuna, heriotza, desgaitasunak eta gaixotasun larriak. Halaber, bederatzi ataletan sailkatu dituzte eta hala aurki daitezke hizkuntza eta hezkuntza maila guztietan. “Guztietan helburua horixe da: jolastuz, dantza eginez, margotuz, hausnartuz... elkarrekin Bizipozaren balioekin zipriztintzea”. Horiekin batera, norbere buruaren ezagutza eta taldekidetasuna ere gehitu dute. Nor naiz ni, zer gaitasun ditut, zer gabezia ditut eta zer daukat borobilari emateko eta borobiletik jasotzeko. “Salbuespena” da, honetan norbera baita protagonista, eta horregatik da garrantzitsua.
Beharrez eta baliabideez
Materialen berri eman ondoren, mahaingurua egin dute, batetik, ikastetxeak, proba pilotuan parte hartu duen Añorgako Amassorrain ikastetxea, Landaberri, Sasoeta. Zumaburu eta Oriarte Institutua; eta bestetik, elkarteak: Ttakun Kultur Elkarteak, Ostadar Inklusioa, Aspanogi, Naizen, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eta Izan Inurri. Galdera bana bota die partaideei Elizegik.
HEZKUNTZA
Amasorrain ikastola - Maider Nolakoa izan da zuen esperientzia? |
“Ohorea izan da”. "Euskaratik eta euskaraz" eta Euskal Herri osorako proiektua izatea balioetsi du, Hezkuntza alorreko gatazkak gainditu eta "ekarpen eraikitzailea" dela. Curriculumarekin bateragarri izateaz gain, gida didaktikoen malgutasuna nabarmendu du, baita "bermea", elkarteak erdigunean jartzen baititu, hainbat gai jorratzeko aukera emanez. "Aniztasunaren betaurrekoak jarri eta ikuspegi garaikide bat eman digu". |
Landaberri - Lorea Mundua denontzat ez dela erakusten duen adibiderik? |
"Ikastetxeak gizartearen isla dira". Bost urteko gelan irakasten du eta kontatu duenez, Inauteritan ezpainak margotzeko bat eraman zuen. "Mutilek ezin dituztela ezpainak margotu atera zen. Harritzen nau gaur egun oraindik ere komentario horiek ateratzea". Horrez gain, duela urte batzuk fisikoki mutila izan arren neska zen ikasle bat zuten eta neska bezala tratatzen zuten. "Guraso bat etorri zitzaidan guraso bilerara esanez ea zergatik esaten genuen neska zela". Estereotipoak puskatzeko oraindik lan handia egiteko dagoela uste du, txiki-txikitatik. "Nire taldean lantzen dut ekipo bat garela. Ekipo batean bat ondo ez badago, ez du funtzionatzen". Halaber, besteekiko errespetua. Bide horretan euskarri bat izateak, "asko laguntzen digu”. |
Sasoeta-Zumaburu Zergatik dira garrantzitsuak proiektu hauek? Noiz txertatu beharko lirateke? |
Lehen Hezkuntza hasi dira gaiak lantzen eta "oso lagungarriak izan dira". Beren ikasmailan heriotza landu dute, "bada gai bat askotan ez dakizula nola eutsi. Laguntza handikoa izan da". Halakoei eusteko uneari dagokionez, uste dute beharra agertu hasi beharko litzateke lantzen, aurre hartzen. "Oso gustura" egon dira gai hori lantzen, beste ikasmaila batzuetan beste batzuk jorratu dituzte, baina beraiei kasuan "emozioak lantzeko, nola sentitzen duten beraiek heriotza adin horretan... Joko handia eman digu" eta jarraitzeko asmoa dute. |
Oriarte institutua - Olga Zein toki izan dezakete halako proiektuek gazteen artean? |
"Argi dago leku berezia behar dutela". Eskerrak eman dizkie edukiengatik, "lan izugarria iruditu zaigu" eta curriculumean, urteko planean edota dokumentuetan nola txertatu aztertzen ari dira. "Oso harro nago egin den lanaz eta gure eskuetatik pasa den jendeaz, dokumentalean eta hemen asko daude". Batzuen ibilbidearen berri izateak, "ze lanetan ari diren eta nola inplikatzen ari diren herrian eta gizartean orokorrean, emozionatu egiten nau". Hortaz, bide beretik lanean jarraitu behar dutela uste du. "Ez dago besterik. Hezten ari gara etorkizuneko herritarrak eta nahi dugu horrelakoak izatea, hemen ikusi ditugunak bezalakoak, eta hori horrelako gauzekin lortzen da". |
Ttakun Kultur Elkartea - Haritz Material egokiak, egokituak eta euskaraz izateak zer garratzia du ? |
"Eremu librea izan arren, materialak garrantzia handia du. Pentsatuta, planifikatuta, atzetik dagoen lan guzti horrekin funtzionatzen duen eremu bat da. Horretarako materiala gakoetako bat da". Euskaraz izateak bezainbesteko garrantzia eman dio bertan sortua izateri, "hemengo beharrei erantzuteari". Hala ere, zehaztu du "hemen eta han" horiek muga ere badirela. "Zein gara gu? Elkarrekin funtzionatu eta elkar ulertu nahi dugun guztiak izan gaitezke, eta hor, noski, hizkuntzak eta euskarak parte inportante bat izan beharko du". Horrez gain, materialek bestelako ezaugarri batzuk ere izan behar dituzte: moldagarria, magua, atsegina, haurrei eta erabiliko duten guztiei erakargarri egin behar zaie... Bizipoza Eskolak aurkeztutako materialek badituztela uste du. "Ikaragarrizko lana egin da eta hori ere benetan aipatzekoa da". |
ELKARTEAK
Ostadar Inklusioa - Ainhoa Mundua denontzat ez dela erakusten duen adibiderik? |
Gizarteko oztopoak oraindik ere kirolean islatzen direla azaldu du. Adibide gisa, duela gutxi arte bere kirolariek ez zuten Atletismoan lehiatzeko aukera. "Badaude proba batzuk kirolaria norberaren marka pertsonalaren bila doana, duela gutxi arte gure kirolariei ez zitzaien aukera hori ematen, nahiz eta gero beste txapelketa batzuetan marka horiek exijitu". Borroka handia egin behar izan dute hori aldatzeko. Hala ere, lasterketa askotan banatu egiten dituzte: "alde batetik, kirolari guztiak eta bestetik, gureak. Guk benetan eskatzen duguna da gure kirolariek gainerako kirolariekin parte hartzea. Askotan dirudielako oztopo bat direla, ez denean kasua". Borroka egingo dute hori lortzeko. |
Naizen - Marijo Ze onura ditu antolatuta egoteak? Heziketa da bidea? |
"Bizipoza Elkarteak eman didana da aukera ezagutzeko beste elkarte batzuk, beste pertsona batzuk, haiek ulertu, haien beharrak, beraiek gureak... Hartu-eman bat da eta denok elkarrengandik ikasten dugu. Eta gure egoera lau haizetara zabaltzeko aukera ere eman digu". Sinetsita dago gizarte hobeago eta justuagoa lortzeko, heziketa funtsezkoa dela. "Naizenen nahi dugu gure seme-alabek aukera berak izan ditzatela, askatasunean bizitzea, onartuak izan daitezela, eta horretarako lan egin behar dugu. Heziketa da bidea. Gauzak ulertu egin behar dira, eta ulertzeko, ezagutu egin behar dira. Izena ez duena ez da existitzen. Gureak existitze dira: badaude zakildun neskak eta bulba duten mutilak". |
Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria - Tomas Erakundeek zer toki bete beharko lukete honelako ekimenen aurrean? |
Bere taldeak egiten duenaren berri eman du kideak eta beren helburuak erdiesteko erakundeei bi gauza eskatu dizkie: inplikazioa eta elkarlana. "Erakundeei eskatu beharko genieke diruz babesteko proiektua, eta baita ere inplikazioa. Kanpaina bat egitea, gure kasuan gure herrian, eta elkarlanean aritzea harrera familiak aurkitzeko". |
Aspanogi - Laura Elkarrekin, komunitatean aritzea, garrantzitsua da. Noiz egin behar genuke: beharra dugunean? Aurretik? |
Aspanogiko kideak eskoletara, hitzaldiak ematera... askotan joaten direla argitu du kideak. "Jasotzen ditugun emaitzak harrigarriak dira". Hori beraien erralitata bada ere, beste elkarte batzuk ez dira hain hunkigarriak. "Umeen minbiziak bihotza ukitzen du, baina beste batzuk ez dira hain ikusgai horretarako oso interesgarria eta inportantea da denon artean lan egitea, laguntzea eta denon babesa sentitzea". Elkarlanaren garrantzia azalduta, uneari heldu zion. "Egin behar da arazoa ikusi baino lehen, bestela urgentziaz aritzen gara eta baliabideak ez dira behar bezala erabiltzen. Horretarako haurren lana oso garrantzitsua da eta egiten ari zareten guztia, mundiala". |
Izan Inurri - Sandra Elkarte bat sortzeak zer aportatu dizue? |
Pertsonaletik erantzun dio galderari. Minbiziak berari eta bere ondokoei beldurra eragin bazien, Iñurrik horrek kanpotik bidelagun izatea, laguntza eta gauzak naturaltasunez aurrera eraman ahal izatea eman dio. "Indartu nau ni eta nire inguru osoa". Horrez gain, gaitzaren ondoren gorputza nola aldatu den onartzen ere lagundu dio. Bularreko minbizia izan zuen eta titibakar izatea erabaki zuen, ez zuela beste bide bat hartuko. "Zure gaixotasunaren protagonista zu zarenez, erabaki horren protagonista ere zu zara eta edozein erabaki ondo dago. Bakoitzak daukagu erabakia hartzeko eskubidea". Eta horrekin batera, epairik gabeko lagun talde bat izatea ere eman dio. Halaber, minbizia nahiko tabua denez, hori eraldatzen ahalegintzen dira, mahai ganean jartzen dakarren guztia, dituen ondorioak eta hori nola landu. |
Txandak bukatuta, Joxe Mari Agirretxek mikroa hartu eta bertaratutakoei galderak egin dizkie. Sortutako giroaren ildotik, emozio handiko hitzak entzun dira, bizipenetatik askotan. Haietako bat Maialen Aristegi. Urduri eta hunkituta, bereziki Barkaiztegiren hitzengatik, bere amonak ere minbizia izan zuelako; negarrak eten dio hizketaldia eta Barkaiztegik besarkatu du, gainerakoen txalo artean. Mikrofono irekiaren erronda amaitzerako hunkidurari buelta emanda, berak emozionatu ditu mahai ingurura bertaratutakoak, Bilatu gabe aurkitutakoak abestia interpretatuta. Horren aurretik, bertso eder bat abestu zuen Oihan Navarrok.
Bukatzeko, Antonio Merceron bildu direnek talde argazki bat atera dute, elkarrekin eta saretuta mundu hobe baten alde lan egitea posible dela irudikatzeko.