MAITE ZAITUT JAIALDIA

Bihar kontuan izateko zenbait ohar egin dituzte antolatzaileek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mai. 2a, 07:30

Ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei merezitako herri omenaldia egiteko. Jaialdiari buruzko zenbait abisu eman dituzte antolatzaileek, Barakaldoko (Bizkaia) BEC aretora bertaratuko diren milaka pertsonek kontuan izan ditzaten.

Areto horretako ateak 15:30ean irekiko dituzte. Jaialdia 17:00etan hasi eta 19:00ak aldera bukatuko da. "Etorri garaiz baina etorri lasai! Guztiontzako tokia egongo da", ohartarazi dute. Arratsaldeko bostak jo arteko itxaronaldia girotua izango dela aurreratu dute.

Autoz joatekotan direnek BECen parkingean aparkatu ahalko dute, eta, metroa hartzeko asmoa dutenek Ansio geltokian jaitsi beharko dute.

Jaialdia pistatik jarraituko dutenak Kanpoko sarrera deitu dioten atetik sartu beharko dute 4. pabilioira joateko. Harmailetara joango direnek, berriz, Barruko sarrera erabili behar dute, 4. pabilioira baita ere. Zalantzak argitu eta laguntza emateko informazio gune bat jarriko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Hemen mapa:

 

Behin aretora sartuta, haurrak eramateko karruekin sartzen direnek gune berezi batean utzi ahalko dituzte ibilgailuak. 

Beste jarraibide batzuk

Honako ohartarazpen hauek ere egin dituzte ekimenaren antolatzaileek:

  • Guztiek behar dute sarrera, baita haur txikienek ere.
  • Sarrerak digitalean edo inprimatuta eraman daitezke.
  • Txartelak ez daude zenbakituta eta antolatzaileek lagunduko diete sartzen ikus-entzuleei.
  • Mugikortasun urriko pertsonek haientzako gordetako espazioak izango dituzte.
  • BEC barruan janari eta edari postuak jarriko dituzte.
  • Aurpegirako pintura gorria eta boligrafoak eramatea gomendatu dute.