"Gure altxorra haurrak dira; oraina, eta etorkizuna"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 14a, 08:00

Omenduak izango direla jakin zutenetik orain arteko bidea "oso polita" izaten ari direla esan dute hiru pailazoek.

PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS PAILAZOAK

Zenbat aldiz esan eta, batez ere, abestu ote dute "maite zaitut" hiru sudurgorriek? Oraingoan, maitasuna eman bai, baina, batez ere, jaso egingo dute, herri omenaldi erraldoi batean. Maiatzaren 3an izango da, Barakaldoko BEC aretoan, 17:00etan.

Ttakunenea elkartean daude Pirritx, Porrotx eta Marimotots, bata bestearen ondoan, aurrenekoaren zapata handi eta koloretsuen alboan. Zentimetro batzuk atzerago eseri dira pertsonaia maitagarri horiek hezurmamitzen dituzten Aiora Zulaika (Lasarte-Oria, 1975), Joxe Mari Agirretxe (Lasarte-Oria, 1964) eta Mertxe Rodriguez (Lasarte-Oria, 1968). Tokia egin diote beraiekin jesarri den kazetariari, eta, grabagailua piztearekin batera, urrezko aukera hori baliatu du honakoa esateko: "Nik ere asko maite zaituztet". Singularrean baino, pluralean, esaldi hori bera ozen eta argi entzungo dute maiatzaren 3an, ia lau hamarkadako ibilbidean egindako guztiagatik sudurgorriei eskerrak emateko BEC aretoan (Barakaldo, Bizkaia) aurrera eramango duten Maite Zaitut festa erraldoian, 17:00etatik aurrera.  

Herri omenaldiaren antolatzaileek joan den udaran elkartu zituzten sudurgorriak, sutan egosten ari zirenaren berri emateko. Ordutik, bidea "oso polita" izaten ari dela nabarmendu du Zulaikak: "Gu sortu ginen bezala antolatu dute hau guztia, herrigintzatik. Aitortzatik harago, ulertzen dugu BECekoa izango dela herri aldarri bat euskaratik, alaitasunetik, bizipozetik... Denona eta denontzat den mundu bat oihuztatzeko". Aintzatespen ekitaldi horretarako hilabete eta erdiren faltan, pailazoek honela irudikatzen dute jai hori, Rodriguezek azaldu duenez: "Puzzle erraldoi baten barruan txikia da gure herria, baina era berean handia dela erakutsiko dugu fitxa txiki asko erabilita. Izan ere, gu hirurontzat bakarrik ez da izango, baizik eta gurekin batera lan egiten duen talde handi batentzat ere bai". Agirretxerentzat, "elkarlanean" dago beraien indarra eta maiatzeko ekimena ere horretatik dator, "duela 37 urte abiatu genuen proiektuan bidelagun izan eta ditugun guztiengandik. Orain hau jasotzea oso polita da". 

"Aitortzatik harago, ulertzen dugu BECekoa izango dela herri aldarri bat euskaratik, alaitasunetik, bizipozetik... Denona eta denontzat den mundu bat oihuztatzeko"

"Lasarte-Orian jaio ginen gu 80. hamarkadaren amaieran, Lasarte-Oria Berreuskaldundu Dezagun taldearen altzoan", gogoratu du Agirretxek, taldekide beteranoenak. Olentzeroren etorrera euskaraz egin nahi zutela-eta, pailazo jantzi eta emanaldia egin zuten. "Egun baterako zena 37 urteko ibilbide bilakatu da, oraingoz, eta luzaroan jarraituko du". Hasierako ardatzak "euskara eta alaitasuna" izan zirela oroitu du, eta, aurreneko esketxak, ganberroagoak eta tradizionalagoak. "Abesti herrikoiak-eta kantatzen genituen, geroago hasi ginen gure material propioa sortzen eta balore gehiago lantzen".

Gure herriaren orduko egoera soziolinguistikoa ez zen gaur egungo berbera. "Bost haurretatik lauk A ereduan [ikasgai guztiak gaztelaniaz] ikasten zuten; euskararik ez zegoen eskoletan". Ume askok bizi izan zuten egoera hori, tartean, Rodriguezek. "Beti ikasi izan dut erdaraz. Institutuan hasi nintzenean entzun nituen ikaskide batzuk euskaraz aurrenekoz eta izugarrizko inbidia sentitu nuen, beraiek bi hizkuntza menperatzen zituztelako eta nik ez". Garai horretan hasi zen festarik festa ibiltzen eta parranda giroko hizketaldi asko euskaraz zirenez, ez zituen ulertzen. "Urratsa egin eta euskaltegian hasi nintzen. Aurreneko helburua ulertzea zen, hori lortuta gehiago nahi nuen. Horrela, pausoz pauso, euskaraz amestera iritsi nintzen arte. Izugarria izan zen hurrengo egunean esnatzea eta hori egin izanaz jabetzea". Haur ameslaria izan zen Zulaika ere. Ederki gogoratzen du Takolo, Pirrutx eta Porrotx ikusi izana 11 urterekin, txistua altzoan zuela. "Amestu nuen noizbait oholtzara igo eta beraiekin aritzeari buruz, eta pentsa zer-nolako ibilbidea egin dugun. A zer zortea!".

Urdin koloreko mahai biribil baten bueltan egin dituzte gogoeta horiek guztiak hiru sudurgorriek. Altzari horrek ezin hobeto irudikatzen du beraien lan egiteko modua: "Gure aitek Lasarte-Oriako Michelin fabrikan egin zuten lan, beraz, beti esaten dugu gurpilek elkartu gintuztela", bota dute. "Gurpilgileen seme-alabak" izaki, "beti" egiten dute lan borobilean. "Hori da gure forma geometrikoa lana egiteko eta mundua konpontzeko bitarteko gisa erabiltzeko". 

"Borobila da gure forma geometrikoa, lana egiteko eta mundua konpontzeko bitarteko gisa erabiltzeko"

"Emozioz eta sentimenduz" betetako kantu "jolastia"

Biribila da baita ere festa erraldoiari izenburua eman dion Maite zaitut abestiaren urteurrena: 20 urte bete ditu aurten Euskal Herria soilik ez, mundua (sei hizkuntzatara itzuli dute) zeharkatu dituen kantuak. "Ez du maitasun erromantikoaz hitz egiten, maitatzeko sentimenduaz baizik, haurren hizkuntza jolastian: pila-pila patata tortilla edota ilargiraino eta buelta bezalako esamoldeak erabili ditugu, umeek bakarrik ez, guztiok ulertzen ditugunak. Horregatik izan du hainbesteko arrakasta", hausnartu du Rodriguezek.

2005ean argitaratu zuten 30 abestiko Maite Zaitut lana pailazoek eta izen bereko kantua ospetsuena izanagatik, besteak ere "oso politak" zirela goraipatu du Zulaikak: "Anakleto, Txorroskileroa... Egia da, halere, berehala sumatu genuela Maite Zaitut asko zabal zitekeela, emanaldietan abesten genuen bakoitzean 'ooooh' eta antzekoak entzuten genituela publikotik. Udara horretan toki guztietan entzuten hasi ginen, tabernetan, txosnetan, Euskadi Irratian... Eztanda egin zuen".

Aipatu kantuaren eta diskoaren jatorriaz mintzatu da Agirretxe. "Runba bat da, ijitoen komunitateari eskainitakoa delako. Gogoratzen dut egunkarian irakurri genuela Kale Dor Kayiko elkarteari buruzko albiste bat, jarriko zutelako martxan itzulpen zerbitzu bat euskarazko hitzak erromintxelera itzultzeko eta alderantziz". Berripaper horretan bertan leitu zuten baita ere ehiztari batek hartz ama bat akabatu zuela eta babesgabe geratu zela bere kumea. "Urtero etortzen dira ijitoak Asiatik, kaldereroetan, hartz eta guzti. Istorio bat eratu genuen Romi [Rodriguezek interpretatu zuen, Marimotots jaio aurretik] pertsonaiaren bueltan. Ijitoa da bera eta Anakleto aitona bisitatzera dator. Berarekin datorren animalia konturatzen da kumea bakarrik dagoela eta maitasuna ematen dio, baina Romi tristetu egiten da hartz ama hori joan egin delako. Orduan, guk abesten diogu maite diogula, bakarrik ez dagoela erakusteko". Romi hitzak "emakume askea" esan nahi du ijitoen hizkuntzan, Zulaikak azaldu duenez. "Umeen begiradatik sortu genuen emozioz eta sentimenduz betetako kantu bat. Esango nuke ilargiraino eta buelta esamoldea gure emanaldi batera joan zen haur batek esan zigula eta horrek inspiratu gintuela; adin guztietakook ulertzeko moduko esapide jolastiak erabiltzen dituzte". Esaldi honekin borobildu du Rodriguezek txikienekiko duten miresmena: "Gure altxorra haurrak dira; oraina, eta etorkizuna".

"Sentimenduaz hitz egiten du 'Maite Zaitut' abestiak, ez maitasun erromantikoaz, eta denok ulertzeko moduan, haurren begiradatik; horregatik izan du horrenbesteko arrakasta"

Baloreak eta harreman sarea

Pailazoek euskararekin eta alaitasunarekin hasi ziren euskal irriaren ortzadarra margotzen eta urteen poderioz balore (eta kolore) askoz gehiago gehitu dituzte. "Emanaldiak egiten hasi eta berehala konturatu ginen eredu ginela orduko haurrentzat eta gai gehiago lantzen hasi ginen", oroitu du Agirretxek. "Garai horretan gugana etorri zen Lasarte-Oriako bizilagun bat, adoptatutako bi alaba zituela eta kontatu zigun txikiek ez zutela euren burua ongi kokatzen eskolan zuhaitz genealogikoa lantzerako orduan", gehitu du Rodriguezek. "Une horretan, familia eredu desberdinak jorratzea erabaki genuen, adibidez".

"Gai sozial ugari" jorratu dituzte, Zulaikak nabarmendu duenez: kultura aniztasuna, natura, gaixotasunak, heriotza... Balio horiek guztiak gizartearekin batera eraldatzen doazen heinean, sudurgorriak ez dira atzean geratu eta "abiada berean" joan dira, betiere lan guztiak "euskaratik eta euskaraz" landuta. "Errealitateak erakutsi digu dena ari dela etengabe aldatzen eta familien ereduarena, esaterako, berrartu egin dugu". 

Euren lanak ontzeko gaiak gizartetik bertatik hartu dituzte gehienbat baina baita beraien errealitate propiotik ere. "Pupu eta Lore izan zituen Pirritxek, aurretik Aiora [Zulaika] Koikili eta Lizar bikietatik erditu zelako", esan du Rodriguezek. "Hori eta gero, gure kezka zen ea nola heziko genituen bi haur horiek", gehitu du Agirretxek. "Orduan sortu genuen Berria komunikabidearekin lankidetzan Irrien Lagunak proiektua: osasuna, natura, zientzia, kultura, elkartasuna, pertsonaia berriak... Gure herritik bertatik hasi ginen lanean Euskal Herri osoko haur eta familientzat".

Denbora honetan guztian harreman sare "izugarria" josi dute pailazoek, beraien lanetan parte hartu duten norbanako eta elkarte guztiekin. "Sortzaile, kultura eragile, musikari, talde... asko eta askorekin aritu gara eta gure gizarteko alor askotan eragiten saiatu gara. Sekulako sarea sortu dute gure inguruan eta beraien bidelagun izatea oso-oso aberasgarria izan da; hartu eta ematea", azpimarratu du Zulaikak. Lankidetza horren adibideetako bat da Bizipoza elkartea, gizakiok ditugun premia eta errealitate desberdin ugari erakusten dituzten ekintzaile ugarik osatzen dutena. "Hazia jarri genuenetik hona dimentsio handia hartu du eta Euskal Herri osoko 38 egitasmo biltzen ditu gaur egun", jakinarazi du Agirretxek. Lasarte-Orian bertan ere osatu dute talde eragile bat eta kulturartekotasunarekin ari dira aurten, buru-belarri. Maiatzean jaialdi bat egingo dute esparru hori gizarteratzeko eta hasi dira ospakizun ekitaldia prestatzen. Maiatz hasierako Maite Zaitut jaialdi erraldoia, beraz, elkarlan horrek eman duen fruituetako bat da. 

"Bidelagun ditugunek sekulako sarea sortu dute gure inguruan eta oso-oso aberasgarria izaten ari da hartu-emana"

Herrigintzan segi beharra

Hiru protagonistak lasarteoriatarrak izanik, elkarrizketaren azken minutuetan udalerri horretako egoeraz gogoeta egin dute. Agirretxe: "37 urte pasa dira hasi ginenetik eta herria ere aldatu da, noski. Haur guztiek D ereduan ikasten dute, garai horretan komunitateen artean genituen arrakalak desagertu egin dira baina baditugu orduan imajinatuko ez genituzkeen erronka berriak, esate baterako, munduko toki ugaritatik gurera etorri diren familiei harrera egiterakoan. Pailazoon taldetik oso garrantzitsua iruditzen zaigu errealitate horri ere erreparatzea". Izan ere, beste gai asko eta asko bezala, etorri berriena "aukera bat" da "elkar aberasteko eta euskaraz eta euskaratik komunitatea egiteko". Herrigintzan eragiten segitzeko, jakina, agente bakoitzak egin behar du bere lana. Sudurgorriak behintzat, jo eta ke ari dira: "Ugaritzen ari dira taldeak Euskal Herrian, gure haurrak izan diren gazteek taldeak eratu dituzte Euskal Herrian zehar: Hernani, Oñati, Bilbo, Amurrio, Sara...", jakinarazi du Rodriguezek. "Asko pozten gaitu horrek, gaztetxoentzako eredu bilakatzen direlako".

Erein, transmititu eta zaindu beharreko beste alor bat kultura dela iruditzen zaie. Garbi hitz egin du Agirretxek: "Lasarte-Oriaz hitz egiten ari garela, uste dugu zaindu behar ditugula bertako sortzaileak; gabezia bat dugu gure herrian". Ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik minbiziari buruzko dibulgazioa, formazioa eta akonpainamendua eskaintzen duen Izan Iñurri egitasmoaren egoera jarri du adibidetzat. "Lasarteoriatar batzuek sortu dute eta ehunka emakumeren erreferentziazko biltoki bilakatu da, baina, Usurbilen du egoitza eta herri horretan ospatu du jaialdia, han topatu dituztelako proiektuko kideek baldintza egokiak. Pena ematen digu esateak garun eta aditu ihesa dugula, eta, hortaz, udalari eskatzen diogu herriko elkarte, ikastetxe, sortzaile eta gainerakoekiko lagundu eta zaintzeko modua garatu dezala, oso garrantzitsua delako".

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!