Maite Zaitut festa erraldoia aurrera eramango du Maite Zaitut Kultur Elkarteak datorren maiatzaren 3an, larunbatarekin, Barakaldoko BEC Bilbao Exhibition Center-en. Hala iragarri zuten iragan azaroa amaieran, Lasarte-Orian, eta, ordutik hona, ekimen horren gaineko gero eta xehetasun gehiago jakinarazten ari dira antolatzaileak. Bertaratuko direnek jakin badakite, adibidez, musikariak, abeslariak, dantzariak, antzerkigileak, arte plastikoetako protagonistak, bertsolariak, eta abar batuko direla omenaldian, denek elkarrekin, eta publikoarekin batera, Pirritx, Porrotx eta Mrimototsi maite dituztela ozen esateko.
Antolatzaileek azpimarratu dute maitatzen zekien herriari Maite Zaitut esaten irakatsi zietela sudurgorri lasarteoriatarrek. Gainera, dagoeneko ereserki bilakatu den pailazoen Maite zaitut abestiak 20 urte beteko dituenean jasoko dute, hain zuzen, merezitako herri omenaldia hiru protagonistek.
Ikuskizun hunkigarria
"Esku askotara jositako" aintzatespena izango da, hala iragarri zuten antolatzaileek, eta gaur-gaurkoz iragarri duten gonbidatu eta parte hartzaileen zerrenda ikusi besterik ez dago hori hala izango dela berresteko. Kontuan izan behar da, oraingoan ez direla pailazoak ariko oholtzan; hor gertatzen denaren lekuko izatea egokituko zaie, bertatik esan nahi dietenaren ikus-entzule izango dira. 37 urtetako ibilbidea ondu dute dagoeneko Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, eta urte horietan guztietan emandakoa aintzatestea izan da ekimena antolatzeko arrazoietako bat, eta, bestea, esan bezala, Maite Zaitut abestiaren 20. urteurrena.
Herritarrak, oholtzan
Arestian esan bezala, artista gonbidatuak pixkanaka-pixkanaka ezagutarazten ari dira antolatzaileak, eta, nola ez, lasarteoriatarrak ere animatu dira herri omenaldian parte hartzera. Horien artean izango dira Intza Alkain aktorea, Sara Etxeberria Basoko Maxuxta ilustratzailea edota Semblante Andaluz elkarteko Semblante Rociero korua. Horiekin batera, ikuskizuna buru-belarri prestatzen ari den gidoigileetako bat da Ane Labaka idazle eta bertsolari lasarteoriatarra, eta bera ere, aurretiazko lan horietan aritzeaz gain, eszenatokitik ere ariko da maiatzaren 3an.
Gauzak horrela, herritar eta eragile horiekin hitz egin du TXINTXARRI aldizkariak; jaialdira begira jarri ditu, eta bertan parte hartzeak eurentzako zer suposatzen duen bildu nahi izan du hedabideak. Horrez gain, herriko sudurgorriak zergatik maite dituzten ere galdetu die agerkariak, eta kontu horiek guztiak ondoko orrian irakur ditzakezue.
1.- Zer suposatzen du zuretzat Maite Zaitut jaialdian parte hartzeak?
2.- Zergatik maite dituzu Pirritx, Porrotx eta Marimotots?
ANE LABAKA MAYOZ

1.- Pasa den udan jaso nuen festaren gaineko gidoilari lanetan aritzeko proposamena. Amagoia Mujika eta Leire Elizegi etorri zitzaizkidan esanez taldetxo bat elkartu zirela pailazoei eskertza moduko bat egiteko, eta, hori hala izanik, hasiera samarretik egon naiz ni ere hor. Oso pozik jaso nuen proposamen hori, eta hasieratik sentitu nuen, lanez gainezka nenbilen arren, baiezkoa eman behar nuela. Nik ere bide horren eta omenaldiaren parte izan nahi nuen.
Esan bezala, gidoilari lanak egiten ari naiz. Bertan irakurriko diren errelato gehienak nik idatziak izango dira; pantailetan joango dena, eta aurkezleek esan beharrekoa, eta abar hori guztia egiten ari naiz. Egunean bertan ere han izango naiz, eta, gainera, testu horietako bat irakurtzeko aukera ere izango dut; ilusio handia egiten dit.
2.- Pailazoak maite ditut ni ere oso maitatua sentitu izan naizelako beti beraiengandik. Beti esaten dut, Euskal Herriko batzuk bagarela, behintzat, beraien seme-alabak, asko sormen munduan gabiltzanak, bai idazten, bai bertsotan, bai ilustraziogintzan, edota aktore lanetan. Iruditzen zait piztu edo utzi zutela gugan hazitxo bat eta gero horrek askotariko formak hartu dituela. Nik, batez ere, euskararekin eta umorez egindako lan hori guztia, kulturgileokin egindakoa azpimarratuko nuke. Horregatik maite ditut hainbeste; hazitxo hori jarri zutelako nigan.
SARA ETXEBERRIA ZAPIRAIN

1.- Niretzako izugarrizko aukera izan da Nik ere maite zaitut festan parte hartzea. Pailazoek egin duten lan guztia eskertzeko modu bat izanik, nire aletxoa jartzeko espazioa eman didate eta oso pozik hartuko dut parte bertan. Alde batetik, pertsonalki oso eskertua nago esku bat botatzen utzi izanagatik eta beste aldetik, profesionalki hazteko aukera polit bat izaten ari da. Artistikoki hartuko dut parte beste sortzaile askorekin batera eta oso eskertua nago inguruko jende guztiarekin.
2.- Pailazoak niretzako erreferenteak dira, Euskal Herriko beste hainbat pertsonentzat bezala. Txikitatik ikusi izan ditut eta nire bizitzaren parte izan dira modu batera edo bestera. Egiten duten lana adin guztietako jendearentzat egiten dute eta gizarte hobe bat eraikitzeko balio du. Balio asko transmititzen dituzte eta gaur egun naizena eta pentsatzen dudana eraikitzen lagundu dute ere. Hori gutxi balitz bezala, pertsonalki asko maite ditudan pertsonak dira, zoragarriak dira.
INTZA ALKAIN IBARGUREN

1.- Mila miloi esker kolektibo eta ozen bat esango diegu eta maitasunez beteriko eskertza oihu horren parte izateak ilusio handia egiten dit. Gainera, oholtza gainean egongo garenak nolabait bertaratuko diren haur, heldu eta pailazoen bizikide guztien eskertza mezu horren bitartekari lana egingo dugula sentitzen dut eta oso lan polita izango da horrenbeste maitasun mezuren mezulari lanetan ibiltzea.
2.- Oraindik oroitzen dut 7 bat urterekin “Nik <3 pailazoak” kamiseta soinean jantzita Kintxo barrilete dantzatzen nueneko irudia. Haur nintzela maite nituen dantzan eta kantuan jartzen ninduten nire lagunak zirelako, nire irrien lagunak! Hazi gara, eta heldu garenok badakigu norbere lagunak ez ezik, Euskal Herriko eta beste hainbat txokotako herritarren lagunak ere badirela. Maitasuna eta irria lau haizetara zabaldu dutenek ezin dute bueltan haien lagunengandik kontrakorik jaso!
SEMBLANTE ANDALUZ

Semblante Andaluz herrian sustrai sendoak dituen kultur elkartea da, eta gure presentzia eskatzen diguten kultur ekimen ia guztietan parte hartzen dugu, ahal dugun neurrian. Denbora daramagu Lasarte-Oriako pailazoekin elkarlanean eta guretzat plazera da entitateekin elkarlanean aritzea eta, bereziki, haur eta gazteen eremuan. Gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek haurrekiko duten ardurar argia da; profesionaltasun handiz, gure herriari ospea emanez eta haurrak euskarara hurbiltzeko modu ezin hobean.