Dantza, zinema, antzerkia, balleta... osagai ugari izango ditu hilabete honetako agendak ere, nahiz eta ekitaldi sorta normalean baino motzagoa izango den, hilabete erdialdeko etenaldiagatik. Programa irekiko duen aurreneko jarduera Doos Colectivo taldearen Tierra de nadie dantza ikuskizuna izango da. Larunbat honetan oholtzaratuko dute, 20:00etatik aurrera, kultur etxeko auditorioan. Sarrerek 6 euro balio dute.
Modalitate horren nazioarteko eguna hilaren 29an ospatuko dute mundu osoan zehar eta Lasarte-Orian ere bai, jakina. Kukuka eskolakoek, azken urteetan bezala, diziplina hori lantzen duten herriko zenbait eragile gonbidatuko ditu eta guztien artean emanaldiak egingo dituzte Okendo plazan, 18:00etatik aurrera. Duela gutxi Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatu du aipatu talde horrek.
Antzerkiarekin hasita, Mar-Mar Teatroa konpainiak Elara, bidaia bat izarretara lana erakutsiko du kultur etxean hilaren 12an, 17:00etatik aurrera. Haurrei zuzendutako emanaldi horretarako sarrerek 4 euro balio dute. Bestalde, hilabeteroko proiekzio digitala antolatu dute udalak eta Danok Kide elkarteak. Oraingo honetan Australian Ballet talde entzutetsuak oholtzaratutako Coppelia balleta proiektatuko dute hilaren 9an, 19:00etan, kultur etxean. Sarrerek 7,5 euro balio dute aurrez erosiz gero, eta, egunean bertan eskuratzen dituztenek 9 euro ordaindu beharko dituzte.
Film ugari
"Zazpigarren arteaz" gozatzeko abagune ugari izango dituzte herritarrek hilabete honetan ere, kultur etxeko auditorioan. Hauxe da udalak prestatu duen kartelera:
- Hilak 6, 17:00etan: haurrei zuzendutako Lurrak eztanda egin zuen eguna. Sarrerak, 4 eurotan.
- Hilak 6, 19:30ean: helduei zuzendutako A complete unknown (Bob Dylan). Sarrerak, 6 eurotan.
- Hilak 11, 20:00etan: Okendo Zinema Taldearen aurreneko pasea, Mi única familia. Sarrerak, 6 eurotan.
- Hilak 13, 17:00etan: haurrei zuzendutako Diplodocus. Sarrerak, 4 eurotan.
- Hilak 13, 19:30ean: helduei zuzendutako Tierra de nadie. Sarrerak, 6 eurotan.
- Hilak 25, 20:00etan: Okendo Zinema Taldearen bigarren pasea, Bird. Sarrerak, 6 eurotan.
- Hilak 27, 17:00etan: haurrei zuzendutako Superwings. Sarrerak, 4 eurotan.
- Hilak 27, 19:30ean: helduei zuzendutako Los aitas. Sarrerak, 6 eurotan.
Udal Liburutegiko jarduerak
Arestian aipatutako kultura jarduerez gain, udalak gogorarazi du herritarrek zenbait ekimen izango dituztela Udal Liburutegian hilabete honetan zehar. "Irisgarria eta anitza" da prestatu duten programazioa.
Gaurtik aurrera, adibidez, kultur etxeko hirugarren solairura igotzen direnek irudia, liburua eta sormena uztartzen dituen Bookface erakusketa berritzailea ezagutuko dute. Hilabete osoan zehar egongo da Udal Liburutegian eta bertaratu nahi dutenek ohiko ordutegian joan beharko dute: astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 20:30era, eta, larunbatetan, 09:30etik 13:00etara.