Aktore bikainak direla erakutsi dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 27a, 20:03

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatu dute, urtero legez, Kukuka eskolako ikasle gaztetxoek; 'Antzerkia, kalera!' leloa aukeratu dute aurtengo ekimena aurrera eramateko. Kalejira egin dute arratsaldeari hasiera emateko, eta antzerki emanaldiak gero

Gaztelekutik abiatu du Kukuka eskolak Antzerkiaren Nazioarteko Egunerako iragarritako lehen jarduera: kalejira. Euskarazko musika aireratu dute bozgorailutik, eta antzerkigile bikainak izateaz gain, argi erakutsi dute dantzan ere ederki moldatzen direla. Tajamar biribilgunetik barrena, Okendo plazara iritsi taldea. Ordurako ikus-entzule mordoa zain zuten herriko plazan, euren senide eta lagunak agertokian noiz ikusiko zain. 

Egitasmoaren aurkezpena egin, eta Theodoros Terzopoulos antzerki zuzendari ospetsuaren mezua zabaldu dute lehenik: "Erantzunik gabeko galderei esker existitzen da eta irauten du antzerkiak". Ostean, berehala irten da jendaurrera lehen taldea; haren atzetik etorri dira gainerakoak gero. Askotariko antzerki obra laburrak plazaratu dituzte, oso modu atsegin bezain artistikoan. Hala berretsi dute, erakustaldiz erakustaldi talde guztiek jaso dituzten txalo zaparradek.

Andoni magoaren erakustaldiarekin amaitu da ekimena.