Helduentzako solasaldi literarioak, haurrentzako ipuin kontalari saioak eta literatura, artea eta sare sozialak uztartzen dituen argazki erakusketa bat iragarri dituzte. Arduradunek azaldu dute programazio horren helburua dela liburutegia herritarren askotariko interesetara egokitutako espazio ireki, dinamiko eta parte hartzailea bilakatzea. Honako adierazpenak egin ditu Elicecheak: "Udal liburutegia herritarrentzako gune “bizi, ireki eta hurbil” gisa sustatzen jarraitu nahi dugun lekua da. Kultura irisgarri eta parte hartzaile baten aldeko apustua egiten dugu. Espazio hori ez dela soilik ikasteko eta irakurtzeko lekua, hori baino gehiago izan behar du".
Zinegotziaren hitzartzearen ostean, Urruzolak hartu du hitza, eta "komunitatearen interes aniztasuna islatzen duen programazioaren aurkeztu du.
Solasaldi literarioen zikloaren berri eman du lehenik. Hiru izango dira guztira, eta horietan lehena dagoeneko aurrera eraman dute. Hilaren 24an izan zen, eta Yoko Ogawa idazle japoniarraren La formula preferida del profesor landu zuten.
Bigarrena, berriz, maiatzaren 5ean, astelehenarekin, egingo dutela jakinarazi du. Horretan, Amélie Nothomb belgikarraren Estupor y temblores lanaren txanda izango da. Eta hirugarren eta azken solasaldi literarioa ekainaren 2an izango da, hori ere astelehenarekin. Stefan Zweigen Novela de ajedrez klasiko ezaguna izango dute hizpide.
Saio horiek guztiak 18:00etatik 20:00etara izango dira, liburutegian bertan eta saioak Monica Leiva irakurketa partekatuan adituak dinamizatuko ditu.
Lego Spike robotika tailerrak
Apirilaren 5ean, 8 urtetik gorako haurrei zuzendutako robotika hezigarriko bi tailer egingo dituzte liburutegian, Lego Spike erabiliz. Saio bakoitzean gehienez 20 parte hartzaile arituko dira, eta Discover Bricks enpresak gidatuko du. Jarduera horren helburua da pentsamendu logikoa, sormena eta talde lana garatzea jolasa eta programazioaren bitartez.
Haurrentzako ipuin kontalari saioak ere izango dira. Apirilaren 2an izango da lehena, Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Egunean. Mamuak eta beste auzokide batzuk izeneko ipuinaren berri jasoko dute bertaratzen direnek. 4 eta 10 urte bitarteko haurrentzako jarduera dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta 18:00etan izango dela. Horren helburua da txikitatik irakurzaletasuna sustatzea, jolasaren, ahozko narrazioaren eta irudimenaren bidez.
11n aurrera eramango dute bigarrena. Liburu Baby Klubaren beste saio bat izango da, 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako hileko ipuin-kontaketa saioa. Gurasoekin batera parte hartuko dute txikiek, eta saioa euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango da. Horrek ere haurrak liburuen mundura hurbiltzea du helburu, estimulu sentsorialen eta lotura afektiboaren bitartez. Hurrengo saioak, berriz, apirilaren 12an, maiatzaren 10ean eta 31n, eta ekainaren 7an eta 21ean izango dira, 11:00etan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Bookface erakusketa
Irudia, liburua eta sormena uztartzen dituen proposamen bat ere egin du Udal Liburutegiak aurkeztutako programazioan.
Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna dela baliatuta, aurrez aurreko jarduerez gain, Bookface erakusketa ikusgai jarriko dute. Ikus-entzunezko proiektu berritzaile horrek liburuen mundua argazkigintza eta sare sozialen artearekin lotzen du.
Erakusketan Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko taldeak egindako irudien hautaketa bat aurkeztuko dela jakinarazi du Urruzolak, eta esan, argazkietan parte hartu dutenak benetako erabiltzaileak direla. Egitasmo horren xedea da liburutegiaren irudi isil eta itxia hautsi eta publiko gaztearengana modu sortzaile eta hurbilean iristea. Honako adierazpenak egin ditu gero liburutegiko arduradunak: "Erakusketa hau ekarri nahi izan dugu, oso modu originala iruditzen zaigulako liburuak erdigunean jartzeko, publiko berriekin konektatzeko eta liburutegietan ere ustekabea eta espresio artistikoa badagoela erakusteko.”