Donostiako bulebarrean hasi eta Asteasuko plazara hori izango da hilaren 21etik 23ra egingo duen bidea. Egitasmoaren izenak dion modura gure lurraldeari bira emango dio eta beraz, ibilbidea ez da zuzena izango. Hala nola, Hondarribi, Oiartzun, Hernani, Orio edo Elgoibar igaroko ditu Garciak eta Lasarte-Oriatik hilaren 22an goizeko 05:00ak eta 6:30ak artean pasatzea aurreikusten du.
Lasarte-Orian barrena egingo duen bidea zehaztu digu Garciak: "Hernani bidetik Zabaletara sartuko naiz, aldapan behera San Pedro elizarantz egingo dut eta bertan Okendo plazara joango naiz. Bertatik Hipodromoko zubira egingo dut Zubietara abiatzeko".
Eta ibilbidea amaitzean, Asteasun jai txiki bat antolatu duela ere azaldu du: "Eguerdian iritsiko naiz Asteasura eta bertan pintxoak, hitzaldi bat eta abar izango dira eta gero eta jende gehiago bildu gero eta ikusgarritasun gehiago emango diogu egitasmoari".
Bidelagunak probarako
Bidean anoa puntuak izango ditu Garciak eta berarekin bidea egiten dutenek ere bertan mokadutxo bat egiteko aukera izango dute. Izan ere, egitasmoarekin bat egin nahi duten pertsonek ibilbideko zatiak egin ditzakete: "Jendea animatu nahiko nuke nirekin batera bidea egitera. Guztia korrika egitea zail izango da eta zati batzuetan oinez egingo dut. Beraz, nahi duenak nirekin parte hartu dezake fibromialgiari bultzada ematera".
Esperientzia horretan bidelagun izan nahi duenak hemen du ibilbidea eta ordutegia:
Erronka handia
Azken hilabeteetan entrenamendu saioak egin ditu, distantzia luzeko probetan ere parte hartu du, baina Garciak onartu du inoiz ez duela hainbeste kilometrotako ibilbidea egin. Horregatik saio berezi bat egin zutela jakitera eman du: "Lehengo astean 100 kilometro egitea aurreikusia genuen, baina eguraldiagatik moztu behar izan genuen eta 17 bat egin nituen. Guztia ongi joan zen, baina akats batzuk egin genituen eta ongi etorri zen, birarako zuzenduko baititugu".
Eguna iristeko zain dago eta motibazioa altu mantendu behar duela aipatu digu: “Proba hasten dudanean motibazioa altu izatea komeni zait, gero roba egitean jaisten joango dela seguru da”.
Horrez gain eskerrak eman nahi dizkie egitasmoa babestu duten merkatari, babesle eta udalei, baita birako egunetan izango diren laguntzaileei ere.
“Gipuzkoan eta Lasarte-Orian hainbat dendek egin dute bat. Distintibo bat banatu diegu ikusgarria izateko eta donazio txiki bat ere egin dute. Horrez gain, diru bilketa kanpaina bat ere dugu martxan. Egitasmoaren azken gastuak ordaindu eta Elisa Oltra ikertzaileak duen proiekturako bideratuko da biltzen duguna", jakitera eman du.
Egitasmoaren informazioa eta jarraipena egiteko @pirata.garcia instagram, Tiktok eta youtube kanaletara jo dezakete interesa dutenek.