Beñat Garcia Escribano: "Jende asko ari da ekimenera batzen eta bere aletxoa jartzen"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 25a, 09:45

Beñat Garcia Escribanok 'Fibromialgia abordatzen!' ekimena ekarriko du herrira.

Beñat Garcia Escribano 'Fibromialgia abordatzen!'-eko sustatzailea 

Beñat Garcia Escribano (Lasarte-Oria, 1993) Fibromialgia abordatzen! ekimena ari da aurrera eramaten gaixotasuna ikustarazteko. Hamaika kirol proba egingo ditu 2024 urtean zehar eta Lasarte-Oria Bai! Herri Krosa da horietako bat. Ekimenaren pirata zapia buruan eta elastiko morea soinean etxean bezala lasterka egingo duela onartu du, "bost urterekin Asteasura joan nintzen bizitzera. Erdi Lasarte-Oriakoa naizela esan daiteke". Horrez gain, @beniflow_ instagram, Tiktok eta youtube kanaletatik, besteak beste, proiektuaren nondik norakoak azaltzen ditu

Nola sortu zen ekimenaren ideia? Eta leloa?

Ideia sortu zen behar batetik. Nik ikusten nuen etxean, nire amak du fibromialgia eta behar bat ikusten nuen jendeak gaixotasuna ulertzeko. Nik ikusten nuen nire ama eta fibromialgia zuten pertsonak sentitzen zirela ezikusiak bezala. Ezkutuan zeudela eta arazo askorekin. Behar hori eta nire motibazio pertsonala, kirol erronkak eta gainditzeko helburua, nahastu eta Fibromialgia abordatzen! proiektua garatzen hasi nintzen.

Leloari dagokionez, lagun batek ideia bat eman zidan. Zerbait ikusgarria egiteko desberdina izan behar da eta esan zidan, joan zaitezke pirata zapi batekin eta horrela ere jendeak ikusiko zaitu.

Beraz, fibromialgia gaixotasunaren izena hartu eta abordatzen... Ba pirata zapiarekin joaten naizenez lasterketan eta piratek ez zutela galdetzen ea beste ontzia abordatzerik zuten. Kasu honetan, nik fibromialgia gaixotasuna; ze nik hau ez dut galdetu, nik egin dut nire sentimendutik. Eta hori lotuta  Fibromialgia abordatzen! leloa sortu zen eta gainera nire bideoetan beti esaten deitzen ditut pirata. Eta irudikatu nahi dudana da zerbait nahi baduzu joan horren bila eta egin.

Zertan datza ekimenak?

Asmoa zen, 2024 urtean hamabi erronka egitea eta hamahirugarrena amaiera emateko modukoa izatea. Baina proiektuak bere bidea hartu du eta beste proba batzuk ere egin ditut.

Egutegian ere moldaketa batzuk egin behar izan ditugu. Behobia-Donostia egin nahi nuen baina ezin izan nuen izena eman. 15 Km klasika eta Lasarte-Oria Bai! egun berean dira eta horregatik beste lasterketa batzuk sartu ditut.

Villabonako Trikuharri egin nuen. Lagunak ditut bertan eta hor ere etxean bezala egin nuen lasterka. Gainera Trikuharri proban omenaldi bat egin zieten fibromialgia gaixo eta familiei.Oso hunkigarria izan zen. Euren proban tartetxo bat egin ziguten gure proiektua sartu eta ikusgarritasuna emateko.

Nire herriko Asteasuko Santamaña igoera ere egin nuen. Beste lasterketa horiek sartu ditut nire egutegian ikusgarritasuna emateaz gain, etxean korritzea bezala ez dagoelako

Eta Mendiko maratoi bat sartu dut, Mañaritik Atxetara. 42 kilometro eta 3.800 metroko desnibel positiboa. Ez nuela nik inoiz horrelakorik egin, baina Gipuzkoako itzulia egin behar dudanez proba modura horrelako erronka bat behar nuen. Lehen urtea zen proba egiten zela eta eurek ere pila lagundu ziguten bere aletxoa jartzen.

Eta guztia hiru fasetan banatu duzu.

Bai, horrela da. Lehen fasean duatloi eta triatloiak eta Gasteizeko Half probarekin amaitu nuen, erronka handia. Egia esan, erronka handia izan dira guztiak; aurretik inoiz ez nuelako duatloi edo triatloirik egin.   

Bigarren fasea, guztia lasterka. 10 km., 15 km., 21 km. eta azkenik maratoia. Horietako bat da Lasarte-Oria Bai! Krosa. Beti gustuko dut hemen lasterka egitea, herrian bezala sentitzen naiz eta aurreko marka gainditu nahi dut. Gainera, leku ona da gaixotasunari ikusgarritasuna emateko. Ezagutzen zaituzten lekuetan babes gehiago izaten baitizu.

Eta azkenik, urteari amaiera emateko, Gipuzkoari itzulia, 190 km. Hori bai dela, nire erronka pertsonala. Aspalditik egin nahi nuen horrelako zerbait eta honekin bat aurrera egitea erabaki dut. Bota nuen harria, entrenatzen ari naiz eta data gerturatu ahala, zelako erronka bota nuen esaten diot buruari. Baina egiteko ondo ikusten naiz. Herri guztietatik pasa eta sortzen ari den mugimenduarekin gaixotasunari ikusgarritasun ona emango diogula uste dut.

Ibilbidea zehaztua duzu?

Bai eta asmoa da jendea gonbidatzea nirekin lasterka egitera edo pasatzen naizenean animatzera gerturatzea. Ibilbidea honakoa izango da: Asteasu, Villabona, Ordizia, Zumarraga, Elgoibar, Deba, GR21tik Zumaia, Zarautz, Orio, Usurbil, Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Irun eta Jaizkibel goitik Donostira eta bertan Easo plazan amaituko dut.

Eta zer moduz doa prestaketa?

Urduri nago. Gero eta kilometro gehiago egiten ari naiz entrenamenduetan. Lehengoan 60 kilometro egin nituen eta gauez. Eta ostean, pentsatu nuen, kopuru hori egin eta gero horrela banago, ez dut jakin nahi guztia egindakoan nola egongo naizen. Hala ere, ondo noa eta prozesuaz gozatzen ari naiz.

Eta 2025erako ere erronka duzu, Iron Man bat.

Hori da. Geroz eta hobeto ari naiz sentitzen eta gorputza ondo ikusten dut. Esango nuke ez dela Iron Mana bakarrik izango.  Beste saltsaren bat egiteko aukera dudan ikusten ari naiz. Beraz, oraindik ez dakit zehatz-mehatz zein proba egingo ditudan Iron Mana prestatze aldera.

Baina kirol arloaz gain, sentsibilizazioa ere lantzen duzue probetan.

Proiektu hau nik sortu nuen, baina Bizi bide elkartearekin elkarlana egiten dut. Beraiek dira profesionalak eta guregana gerturatzen diren gaixoak bertara bideratzen ditugu babesa eduki dezaten. 

Beraz egiten dudan proba bakoitzean postu bat jartzen dugu eta horretan informazio banatzen da, bai elkartearena, baita Fibromialgia abordatzen! proiektuarena. Pirata zapi batzuk, kamisetak, jertseak... ditugu salgai gaixotasunaren ikerketarako, elkarteari lagundu eta proiektuaren gastuak ordaindu ahal izateko.

 

 

Eta sare sozialean ere mugitzen ari zara.

Gustuko ditut eta ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz. Bideoak, postak… egiten ditut. Instagram, Tiktok eta youtube kanala ere baditut eta azken horretan, saiatzen naiz batetik lasterketak nola prestatzen ditudan erakusten, erronka berak eta gero elkarrizketak egiten ditut gaixotasuna duten pertsonekin edo medikuekin.

Horrez gain, nik nire esperientziatik ere aholku batzuk ere ematen dizkiet, ez gaixotasuna duten pertsonei, hori medikuek egiten dute, baizik eta familientzako, nola lagundu, zer egin…

Erantzuna ona izaten ari da?

Proiektua hasi nuenetik ez nuen espero hainbestera iristea. Nik etxean nuen egoera azaleratu nahi nuen eta egoera berean zeuden pertsonei lagundu. Baina jendea asko ari da batzen, jendea asko ari da bere aletxoa jartzen. Jendeak probaren egiten duenean zapitxoa erosi eta horrekin argazkia ateratzen du. Mezuak bidaltzen ditu, sare sozialetatik jarraitzen gaituzte eta horrek betetzen du. Eta gaixo batek, familia batek edo senide batek eskerrak ematen dizkidanean egindako bideo edo dena delakoarengatik dagoeneko irabazi dugu. Edo ez nekien Bizibide elkartea zegoenik esaten dutenean. Helburua gaixotasunari ikusgarritasuna eman eta pertsonaren bati laguntzea zen. Baina ez da bat izaten ari, asko dira. Beraz hobeto.

Lagundu duen horietako bat Jon Zugasti argazkilari eta herritarra izan da, ezta?

Jon Zugaztirekin Ostadarren egin nuen bat, jokalari moduan eta bere kuadrillakoekin ere jokatu dut. Orain  duatloi eta triatloietan hasi naizenean berriro egin dugu topo eta gehiago batu gara.

Berak proposatu zidan, ateratzen zituen argazkiekin Fibromialgia abordatzen! proiektua laguntzea. Urtean zehar norbaitek argazkirik eskatzen bazion, irudia bidaltzearekin batera, nahiez gero Bizi bide elkarteari ekarpena egiteko aukera ere ematen zien.

Horrelako jendea eta ekimena aurkitzeak betetzen du. Batzuetan honetan bakarrik zaudela sentitzen duzu, jendearengana iristen ari naiz galdetzen diozu buruari eta horrelako ekimen batetik egiten duzu topo. Eta bihotza betetzen zaizu.

Baina izango duzu proiektua laguntzarik?

Bai, nire atzetik jendea asko dago lanean. Ni naiz korrika egiten duena eta aurpegia ematen duena, baina ezkutuan jendea asko dago lanean. 

Proiektua hasi genuenean enpresa batzuekin egin genuen harremana eta publizitate truke, ekonomikoki laguntzen dute. (Ikus Fibromialgia Abordatzen! irudia).

Arroparen Biga Estudioak diseinu guztia egin du eta orain kanpaina Blai estudioarekin egiten ari gara. Gipuzkoako itzulirako elementu batzuk egin nahi ditugulako.

Eta noski, Bizi bide elkarteak badu whatsapp talde bat eta bertan familiei eta gaixoei eskaintzen zaie postuan egotea.

Eta nola lagundu dezake jendeak?

Lehenik eta behin gaixotasuna duten pertsonak ulertzen, ez epaitzen eta sinesten. Hori da lehen pausoa.

Bestetik gaixotasuna duen norbait ezagutzen badu elkartea bideratu dezake. Horrez gain, Fibromialgia abordatzen! proiektua ere jarrai dezakete. Nire ustez, ekimenak indar pixka bat ematen die, euskarria da eta familiek ikus dezateke badagoela biderik gaixotasunarekin elkarbizitzeko. 

Eta ekonomikoi lagundu nahiez gero, ekimeneko zapitxoa edo dena delakoa erosi. Zapitxo horrekin guztiak morez bagoaz ikusgarriagoa egingo dugu gaixotasuna.

Horregatik igandean jendea postutik pasatzera, zer egiten dugun ikusi eta lasterketan zehar animatzera gonbidatuko nuke. Zapitxoarekin bada hobe. Horrela jendeak ikus dezake ekimena martxan dagoela eta Lasarte-Oriak fibromialgiarekin bat egiten duela.