Jakina den bezala, mendi gailurretan pilatzen da elurra, hara iristea kosta egiten zaigun gune altuetan. Izerdia bota ostean, bidez bide luze ibiliz, bertara heltzeko esfortzua eta denbora eman ostean iristen gara, azkenik, elurra egiten duen zonalde eder horietara. Hortaz, igo gaitezen gure mendira eta itxaron dezagun bertan elur malutak pilatzen direneko garai hori, zergatik ez? Eta behin paisaia zuritzean ukitu dezagun geure eskuekin elur preziatua, bizitzaren sari preziatua, nolatan ez dugu ba hori nahi izango?
Baina, ikusi mendizaleak, mendi tontor gainetik igo dituzuen baso eta zelaiak. Zeren, urtuko den elurrak bezala, guk ere mendi tontor gainetik jaitsi beharko dugu. Eta ez negarrik, ez baita bide txarrik... beherantz, beherantz... doan elurra bezala... gu ere horrelakoak gara, maldan beheranzkoak.
Zeren, ez da kezkarik, ezta larritasunik ere, berandu baino lehen, ahanzturaren itsasoan amaitzea dagokio eta mundu guztiari. Mendi kate honi lotuta nire elurra zurea den bezala, urtze hau ere biona izango da. Itzulera baten moduan, ur bihurtuko gara eta urak bere bidea jarraitzearekin batera orain itsasoa garela esango diogu elkarri. Ala baliteke, bestela, ukaezina den prozesu zikliko natural honen amaieran, itsasoari begira emango dugula gure azken hatsa.
Nolanahi ere, aurtengo urteari begira nire desiorik onenak helarazi nahi nizkizuke: urte elurtsua izan dadila zentzurik onenean. Eta zure mendian elurrik egiten ez badu ere, egon zaitez lasai, euria egingo duela nahiko ziurra baita. Eta txarrenenean jarrita, aurtengoan sekulako lehortea espero baduzu, beti geratuko zaizkizu ur lurrunezko ametsak... Eutsi beraz gogor zure amets ederrenei, ikusgarria den guztia hor hasten baita: noizbait elur izango diren hodeietan.