Aipatu lau gonbidatu horien jarduna, bizipenak eta anekdotak ezagutu, sormen prozesuen nondik norakoak aletu eta alor desberdinetan sortzen ari diren emakumeen lana aldarrikatzeko jardunaldia izango da. "Haien lana ezagutu eta balioan jarriko dugu, maiz ezkutuan gelditzen baita glamour eta xarmaz betea irudikatzen dugun ametsfaktoria horretan", aurreratu dute Ihitteneko kideek.
Aipatu jardunaldi hori hirugarrena izango da. Ekainean bost emakume sortzaile lasarteoriatarren bizipenak ekarri zituzten Antonio Mercero aretora, eta, urrian, berriz, memoriarekin aritzen diren hiru emakumeren jarduna. "Ihitten sortzeko arrazoietako bat izan zen ikus-entzunezkoen alorrean gabiltzan emakumeak saretzea, elkarrekin ekinez gogoko lanak sortzeko, betiere nongoak garen eta non eragin nahi dugun ahaztu gabe". Norabide horretan, udalerriko kultura bizitzari euren ekarpena egiteko asmoz aurrera eramaten ari dira jardunaldiak, guztien artean "sorkuntzaz blaitutako herria egiten jarraitzeko. Eta horretan dihardugu!".