Mari Domingi eta Olentzero bisitatzeko erreserbak egiteko epea bihar irekiko du Ttakun KEk

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 16a, 10:08

Zenbait haur, Mari Domingirekin, iazko Gabonetan.

Egun gutxi falta dira Euskal Herriko pertsonaia maitatuenetako bi gure herrira etortzeko: hilaren 24an helduko dira Mari Domingi eta Olentzero, goizean, eta egun polita pasako dute euren lagun diren Xixuko, Mariteilatuko eta Porrotxekin. Herriko haurrek aukera izango dute bata ala bestearekin tartetxo batez egoteko, 12:00etatik 14:00etara, Antonio Mercero aretoan. Txartelak hartzeko epea bihar goizean irekiko du Ttakun Kultur Elkarteak, 09:00etan. Erreserbak egin nahi dituztenek Geltoki kalea 4 zenbakiko bulegora etorri beharko dute.

Mari Domingi eta Olentzerorekin tartetxo bat igaro nahi duten haurren familiek txartelak hartu beharko dituzte Ttakunen bulegoan (Geltoki kalea 4, behea), hilaren 17tik 20ra, 09:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 18:00etara. 12:00etatik 14:00etara arteko txandak izango dira eta pertsonaia bakoitzarekin hamabina haur egongo dira gehienez aldi berean. Erreserbak egiteko azken eguna ostirala izango da, hilak 20.

Egitaraua

Hilaren 24an, goizean, herriko ikastetxeetako haurrak kantu eskean ibiliko dira erdigunean barrena eta 12:00etatik aurrera Mari Domingi eta Olentzero Merceron egongo dira. Arratsaldean, urteroko desfileaz gain, ikuskizuna egingo dugu Okendo plazan. Bertan izango dira Mari Domingi, Olentzero, Maritxu Teilatuko, Xixuko, Porrotx, Galtzagorriak, eta abar.

11:00-12:00 Herriko ikastetxeen kantu jira
12:00 Txokolatada
13:00 Herriko saltokiek emandako oparien zozketa, Okendon
12:00-14:00 Mari Domingi eta Olentzerori gutunak emateko txandak
17:30-18:00 Loidibarren pilotalekutik Okendora, desfilea
18:00-18:30 Mari Domingi, Olentzero eta lagunen ikuskizuna, Okendon