Jarduera ugari iragarri ditu Ttakun KEk Eguberrietarako

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abe. 13a, 13:31

Talo goxoak egingo dituzte talogileek San Tomas eguneko azokan.

Urtero bezala, Eguberriak euskaraz gozatzeko egitaraua prestatzen ari da jo eta su Ttakun Kultur Elkartea, Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean. Ekitaldi nagusia, nola ez, Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera izango da; hilaren 24an iritsiko dira herrira, lagunekin batera. Horrez gain, halere, ekimen gehiago iragarri ditu.

Xixukoren bisitak ikastetxeetara

Mari Domingi eta Olentzeroren lagun kuttunetako batek, Xixuko ahateak, herriko ikastetxeak bisitatuko ditu 17an eta 18an, haurrek egindako marrazki politak jasotzeko.

Ikastaloa

Hurrengo egunean, eta 21eko San Tomas azokari begira, taloak egiten ikasteko ikastaro bat (Ikastaloa) egingo dute, Ttakunenea elkartean, bi txandatan: 17:00etatik 18:30era eta 18:30etik 20:00etara. Izena eman nahi dutenek kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi edo 695 78 53 89 telefono zenbakira deitu behar dute. 

San Tomas azoka

Aurtengo feria goiz eta arratsaldekoa izango da. Antolatzaileek baserritar jantziak etxean ez uzteko nabarmendu dute. Hauxe da Ttakunek prestatu duen egitaraua:

12:00 / 14:30

Talo eta gaztaina postua

12:00 / 13:00

Xumela korua eta Oaintxe in deu! txaranga

13:00 / 14:00

Dantza saioa 

17:30 / 20:30

Txistorra postuak eta tonbola

20:00

Udalaren eskutik, erromeria Bide Batez taldearekin

Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera

Hilaren 24an, goizean, herriko ikastetxeetako haurrak kantu eskean ibiliko dira erdigunean barrena eta 12:00etatik aurrera Mari Domingi eta Olentzero Merceron egongo dira. Arratsaldean, urteroko desfileaz gain, ikuskizuna egingo dugu Okendo plazan. Bertan izango dira Mari Domingi, Olentzero, Maritxu Teilatuko, Xixuko, Porrotx, Galtzagorriak, eta abar.

Egitarauarekin hasi aurretik, ohar garrantzitsu bat: Mari Domingi eta Olentzerorekin tartetxo bat igaro nahi duten haurren familiek txartelak hartu beharko dituzte Ttakunen bulegoan (Geltoki kalea 4, behea), hilaren 17tik 20ra, 09:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 18:00etara. 12:00etatik 14:00etara arteko txandak izango dira eta pertsonaia bakoitzarekin hamabina haur egongo dira gehienez aldi berean.

Hilaren 24ko egitaraua hau izango da:

11:00-12:00 Herriko ikastetxeen kantu jira
12:00 Txokolatada
13:00 Herriko saltokiek emandako oparien zozketa, Okendon
12:00-14:00 Mari Domingi eta Olentzerori gutunak emateko txandak
17:30-18:00 Loidibarren pilotalekutik Okendora, desfilea
18:00-18:30 Mari Domingi, Olentzero eta lagunen ikuskizuna, Okendon