EDUKI BABESTUA

Euskaraz dastatu, jolastu eta partekatzeko

Buruntzaldea 2024ko aza. 29a, 10:30

Hego Euskal Herriko makina bat udalek euskarazko produktuen katalogoa ondu dute aurten ere, elkarlanean. Tartean dira, nola ez, Buruntzaldea eskualdeko seiak: eskolen bidez banatuko dituzte Andoain, Hernani, Urnieta eta Usurbilek; Lasarte-Oriak, aldiz, etxez etxe; eta, Astigarragak, azkenik, eraikin publikoetan eta liburu dendetan.

Euskarazko Produktuen Katalogoa erabiltzen duten guztien zentzumenak dantzan jarriko dituzten eskaintza prestatu dute Hego Euskal Herriko udal eta mankomunitatetako ehun Euskara zerbitzu baino gehiagok, Jolastu, dastatu eta partekatu lelopean. Ohi bezala, 0-12 urte arteko haurrei zuzendutakoa da produktu sorta bat, eta 12-16 urte arteko nerabeentzat bestea. Urteko zein garaitan gauden kontuan izanda, sustatzaileek nabarmendu dute "seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburu, musika, jostailu edota jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea" dela. Horrekin batera, gogorarazi dute aurten 26. aldiz kaleratu dutela aipatu bilduma hori. 

Bi hamarkada baino gehiago daramatzate euskarazko produktuen katalogoa herritarren eskura jartzen, eta, eskaintzak erakargarria izaten  jarrai dezan, itxuraldatu egiten dute maiz. Gauzak horrela, jakinarazi dute paperezko edizioak eta "etengabe" eguneratzen duten atari digitalak (www.katalogoa.eus) "azal berriak" estreinatu dituztela aurten. 

Atari digitalean, 10.000 erreferentzia baino gehiago

Paperaren gisako euskarri fisikoek oraindik garrantzi handia badute ere, gero eta pisu gehiago irabazten ari da euskarazko produktuen katalogoaren atari digitala: webgune horrek 10.000 produktu baino gehiagoren erreferentziak jasotzen ditu dagoeneko. "Bizi-bizirik" dagoen atari digitala da, eguneratuta mantentzeaz arduratzen diren langileek kendu egiten dituztelako dagoeneko deskatalogatuta dauden produktuak, sortzaileek ondu dituzten berriengatik ordezkatzeko. Hori horrela izanik, www.katalogoa.eus-en sartzen direnek aukera izango dute 0-12 urte artekoentzako  (7.706 produktu daude gaur-gaurkoz) nahiz 12-16 urte artekoentzako (3.428 produktu daude gaur-gaurkoz) liburu, disko eta bestelakoak ezagutu eta begiz jotzeko, atal bakoitzak bere direktorio propioa duelako. Hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da, arrazoi honengatik: produktuak titulu, argitaletxe, autore, adin tarte edota prezioaren arabera bistara daitezkeelako.  Hori egin ostean erabiltzaileren batek produkturen bat erosi nahi badu, argitaletxearen denda birtualera sartu ahal izango du, Non eskuratu botoia sakatuta.

Paperezko 50.000 eskuorri banatuko dituzte egunotan

Egunotan banatuko dituzte euskarazko produktuen katalogoaren 50.000 ale Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Azken urteotan egin izan duten bezalaxe, euskarri horretan editatzen duten eskuorriak bi atal nagusi izango ditu: azal batek sarbidea emango die 0-12 urte arteko haurrentzako  eta euren gurasoentzako eskaintzara, eta, besteak, 12-16 urte arteko nerabeek dituzten aukeretara. Bilaketa nabarmen errazteaz gain, adin tarte bakoitzari "nortasun propioa" ematea izan da diseinatzaileen helburua. 

Ekimen honen sustatzaileek nabarmendu dutenez, paperezko katalogoan erabiltzaileek ez dituzte topatuko atari digitalean bezainbeste produktu, baizik eta atalka (jostailuak eta jokoak, musika, DVD filmak, aplikazioak, aldizkariak, liburuak, gurasoentzako materiala eta komikiak) antolatutako hautaketa bat baizik.

Eskualdeko udaletako Euskara zerbitzuek jakinarazi dutenez, Buruntzaldea osatzen duten sei udalerrietatik lautan (Andoain, Hernani, Urnieta eta Usurbil) eskolen bitartez banatuko dituzte katalogoak; Lasarte-Oriakoak, berriz, etxez etxeko banaketa egingo du; eta, Astigarragak, udalerri horretako eraikin publikoetara eta liburu dendetara eramango ditu eskuorriak.

Nobedadeen buletina

Euskarazko Produktuen Katalogoaren nobedadeak etengabe berritzen dituzte atari digitalean. Horien berri unean-unean izan nahi dutenek aukera paregabea dute www.katalogoa.eus/buletina helbidean harpidetu eta berrikuntzaz betetako hamar buletin jasotzeko urtearen buruan. Helburua hauxe da: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken nobedadeak ere erabiltzaileen eskura jartzea, modu erraz batean.

Haurrentzako (0-12 urte) gomendioak

Gazteentzako (12-16 urte) gomendioak