Hogei galdera horietatik gehienak asmatzeaz gain argazkia ere zuzen bidali zutenen artean egindako zozketan Larraitz Izagirreri egokitu zaio Nekatur Nekazal Turismo Elkartearen zerrendako nekazal etxe batean gau bat igaro eta hurrengo egunean gosaltzearen saria. Bestalde, jokatu bitartean gure herriko toponimiaz ikastera animatu diren parte hartzaile guztien artean Avenida taberna-jatetxeko bi menu berezi zozkatu ditugu eta Begoña Igartuak irabazi ditu. Banaketa ekitaldia Hipodromo etorbidean egin zuten eta sustatzaileen izenean Lasarte-Oriako Udaleko Euskara saileko zinegotzi Jon Antxordokik eta TXINTXARRI-ko arduradun Iñigo Gonzalezek eman zizkieten ongi irabazitako sariak aipatu bi lasarteoriatar horiei.
Ekimen "arrakastatsua"
Hiru asteko lehiaketa horretan 130 pertsona inguruk parte hartu dute eta ekimenaren antolatzaileek azpimarratu dute "arrakastatsua" izan dela ekimena, ez soilik ehun pertsona baino gehiago animatu direlako jokatzera, baizik eta horiek guztiek Lasarte-Oriako toki izenen ezagutzan sakondu dutelako, erronkako galderak erantzun bitartean www.toponimia.lasarte.oria.eus webgunean saltseatu dutelako. Udalak eta Ikermap enpresak prestatu zuten atari digital hori eta 700 toponimo eta 500 argazki baino gehiago erregistratu zituzten bertan.
Orri hau osatzen duten Toponimiaren txokoa izeneko atal berezian argitu dute antolatzaileek misterioa, hau da, zehazki zer dagoen garai batean Zubiaurre etxe historikoa zegoen toki berean. Lasarte-Oriako toponimiaren garrantzia ikusarazteko egitasmoa datorren hilabetean amaituko dute udalak eta TXINTXARRI-k: arestian aipatutako sekzio horretan argitaratuko dute azken artikulua abenduaren 13ko 1.691. zenbakian.
Eduki guztiak https://txintxarri.eus/bereziak/lasarte-oriako-toponimia kanalean dituzue.