Toponimoek edo toki izenek informazio asko ematen digute eta uste duguna baino praktikoagoak dira. Balio dute, esate baterako, sari banaketa ekitaldi baten lekua zehazteko. Izan ere, saridunak eta antolatzaileak nola elkartuko lirateke bestela?
300 jokaldi baino gehiago
Antxordoki eta Gonzalez pozarren daude aipatu galdera lehiaketa horrek herritarrengan izandako harrerarekin. Jakinarazi dute parte hartu duten herritarrek 300 jokaldi baino gehiago egin dituztela hiru astetan eta egitasmoak jokalarien ahotan jarri duela Lasarte-Oriako toponimia, batez ere, galderen erantzunen bila ibili zirenean www.toponimia.lasarte-oria.eus atari digitalean. Bidenabar, nabarmendu dute gisa horretako ekimen ludikoek toki izenena bezalako jakintza alorrak sustatzeko duten balioa eta aurreratu antzeko joko bat prestatzen ari direla urrirako.
Lehiaketak ez ezik, beste eduki mota batzuk prestatzen ari dira antolatzaileak, hala nola, eskuineko aldean irakur dezakezuen artikulu bereziak, Toponimiaren txokoa deitutakoak. Lasarte-Oriako zenbait toki izen nabarmentzen ari dira pieza horietan, hilabete bakoitzean herrian aurrera eramaten ari diren ekimen bereziei erreferentzia eginda. Aurrenekoan toponimiari buruzko azalpen orokorrak eman zituzten, eta, bigarrenean, Azkorteko baselizara joateko bidean dauden lekuengan jarri zuten arreta.