Arantxa Sarobe: "Merezi du horrelako lasterketa batean parte hartzeak"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 31a, 13:03

Arantxa Sarobe izan da herriko ipar martxalari azkarrena emakumezkoen kategorian.

Gustura zaude krosean egindakoarekin? Espero zenuen?

Oso pozik nago eta ez nuen espero, ateratzen garenon artean batzuk azkarrago iritsi ohi direlako. Indarrez sentitu nintzen eta gustura egin nuen; iritsi nintzenean sorpresaz hartu nuen.

Zein zen zure helburua?

Ostadar Ipar Martxako taldekideekin batera parte hartzea aurten ere. Gainera, Gironatik etorri da Cristina Borras eta bere taldea eta giro polita izaten dugu denon artean; merezi du horrelako lasterketa batean parte hartzeak.

Zerk egiten du berezi Lasarte-Oriako krosa?

Herrikoa da. Hasieran kosta egiten da aldapak igotzea baina erritmoa hartu eta laguntzaileak, herritarrak... txalotzen ikusten dituzunekoak oso momentu politak dira.