Badatoz Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia eta Korrika Festa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 17a, 10:06

Ostadar SKTko zein udal ordezkariak, babesleak eta Ormazabal lora dendako kideak, aurkezpenean.

Urriaren 27an, Lasarte-Oriako kaleak korrikalariz eta ipar martxalako kirolariez beteko da. Ostadar SKTk eta udal ordezkariek Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoaren 27. edizio eta Korrika Festaren 22.na aurkeztu eta aurtengo berrikuntzen berri eman dute gaur Okendo plazan egindako agerraldian

Antolatzaileek aurreratu modura, 1 dortsala Ormazabal lore-dendako kideek eramango dute, bere mendeurrenarengatik.

Kros herrikoian parte hartzen duten kirolariek 10 eta 5 kilometrotako ibilbideak egin beharko dituzte aukeratutako modalitatearen arabera eta ohiko ibilbidea berreskuratuko du lasterketak agerraldian jakitera eman dutenez, "Iaz, Allerruko zubian egin behar ziren zaharberritze lanak tarteko, azken unean ibilbidea aldatu behar izan genuen. Lasterketa ondoren egindako balorazioan ohiko ibilbidearekin jarraitzea lehenetsi genuen, eta, horrela egingo dugu". 

Helduen ostean, 12:00ak aldera, Korrika Festaren txanda izango da. Sei maila ezberdinetan 1.000 bat haur eta gaztetxok lasterka egitea aurreikusten dute antolatzaileek.

Rollerrik ez

Donostiako 15 km. Klasikak Lasarte-Oriako probarekin bat egiten duenez, patinatzaileen lasterketarik ez da izango. Asko kostata hartutako erabakia dela azaldu dute Ostadar SKTko kideek: "Gipuzkoako Irristaketa Federaziotik deia jaso genuen, roller batzuk ere jarri dira gurekin harremanetan, eta lasterketa ez antolatzea gomendatu ziguten. Erabakia hartzea kosta zaigu, baina, azkenean, bertan behera utzi dugu. Baina datorren urtean rollerrak gure artean ikusi nahiko genituzke". 

Horrez gain, kirol elkartea bere gizarte izaera sendotzen jarraituko duela aurreratu du, Fibromialgia abordatzen! ekimenarekin bat eginez. Beñat Garcia herritarra fibromialgia gaixotasunari ikusgarritasuna emateko lanean ari da kirol erronka ezberdinak gauzatuz, eta, urriaren 27an Lasarte-Orian izango da korrika. Horrez gain, ekimenaren berri emateko informazio orriak banatuko dira parte hartzaileen artean eta ekimenaren produktuak saltzeko postu bat ere jarriko da Okendo plazan.

Izena ematea

Kros Herrikoiko izena ematea zabalik dago elkartearen webgunean eta hilaren 21etik 25era, biak barne, Manuel Lekuona Kultur Etxean ere aukera eskainiko du elkarteak, 17:00etatik 19:30era. Lasterketa bezperan, berriz, Michelin kirol gunean egongo da izena emateko aukera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era, baita lasterketa egunean ere, 09:00etatik 10:00etara. 

Prezioak aurreko edizioko berak dira 10 eurokoa Ostadarreko bazkideentzat eta, 15 eurokoa gainerako guztientzat; lasterketa egunean 23 euro izango dira.

Izena ematen duten guztiek kamiseta tekniko bat jasoko dute opari eta hilaren 25era arteko inskripzioek Lasarte-Oriako taberna, jatetxe, okindegi eta bestelako dendek eskainitako oparien zozketetan parte hartzeko aukera izango dute, baita Reala, Bera Bera Eskubaloia eta Gipuzkoa Basket ikusteko sarrerak ere. 

Korrika Festako inskripzioa ere hilaren 21ean irekiko da Kultur etxean bertan. 7 euro ordaindu beharko dira eta trukean, kamiseta tekniko bana jasoko dute. Lasterketa amaitzean, aldiz, bestelako opariak izango dituzte.

Komertzioarentzat garrantzitsua

Alkate Agustin Valdiviak lasterketak gure herriko komertzioetan eta ostalaritzan duen eragina nabarmendu du. Horregatik, Tratu On Bat! markaren bidez krosa lagunduko duela iragarri eta ekimen horrek Lasarte-Oriako merkataritza herritarrei gerturatzea helburu duela gogoratu du.

Era berean mintzo dira Ostadar SKTko kideak ere: "Kirolaz gozatzeaz gain, famila eta lagunekin egoteko eguna izan ohi da eta horrek herriko ostalariengan du eragina". Horrez gain, azken urteetan bezala, sariak Aterpeako Merkatari elkarteko erosketa bonoak izango direla nabarmendu dute eta eskerrak eman dizkie babesle –Etxezarreta harategia, Bertako Igogailuak, Musika Faktoria, Amil torlojuak eta Lasarte-Oriako Udala–, laguntzaile eta boluntario guztiei.

Kirol zinegotzi Goizalde Pildainek urteroko festa horretan gero eta  parte hartzaile gehiago daudela azpimarratu du. "Kirol hitzordu garrantzitsu eta ezinbestekoa da herrian. Haurretatik helduetara parte hartzen duten festa bat da".

Hori guztia dela eta, Ostadarreko zein udaleko ordezkariek lasterketa egin edo parte hartzaileak animatzera gonbidatu dituzte herritarrak.