Jon Presa: "Urtero-urtero parte hartzea espero dut, gorputzak 'bale' esan arte"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 31a, 12:54

Jon Presa herritarra izan da beste behin herriko lasterkari azkarrena gizonezkoen kategorian.

Gustura zaude krosean egindakoarekin? Espero zenuen?

Alde batetik bai baina penarekin ere bai, sasoi onean nengoela erakutsi nuelako Hiru Hondartzetako krosean. 6. edo 7. kilometrorako ikusi nuen arerioek ni baino indar gehixeago zutela eta ez nuela lortuko iazko postua eta marka hobetzea. Dena den, amaieraz gozatu nuen behintzat, bukaera aldera erritmoa pixka bat jaistea erabaki nuelako.

Zein zen zure helburua lasterketa hasi aurretik?

Iaz bezala podiumera igotzea, eta, ahal banuen, irabaztea. Banekien oso zaila izango nuela garaipena Aitor Etxeberria etorri zelako eta saiatu arren ez zen posible izan.

Zure iritziz, zerk egiten du berezi Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia?

Esango nuke herri osoa inplikatzen dela, beste lasterketa batzuetan ez dut sentsazio hori izaten. Aurreko egunetan jendea galdezka, ezagunak ikustea entrenatzen... Gero, krosean bertan, festa giroa, azken metroetako sentsazio berezi hori, lasarteoriatarra naizelako. Lasterketa ez baina beste guztia primeran atera zen. Urtero-urtero parte hartzea espero dut gorputzak 'bale' esaten didan arte.