"Pozik eta eskertuta" agertu dira Ormazabaldarrak iragan igandean, hilaren 27an, aurrera eramandako 27. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiari esker bizitakoarekin. Horren berri izan asmoz, Ramon eta Pello Ormazabal anaiekin eta horietatik lehenaren seme Julenekin elkartu da TXINTXARRI aldizkaria.
Esker oneko agertu da behin eta berriz Ramon. Lehenik eta behin, krosaren antolatzaile Ostadar SKTrekin eurak omentzeagatik. Kirol probak duen dimentsio eta garrantziaz mintzatu da gero: "Oso hitzordu inportantea da; ikusi besterik ez dago zenbat parte hartzaile biltzen dituen bai lasterketa nagusiak eta baita Korrika Festak ere. Kontuan izatekoa da ere herrian sortzen duen giroa". Hitzoi honako adierazpenok gehitu dizkio Pello anaiak: "Eguna bera ederra da, areago aurtengoa, baina probaren aitzakian herrian pare bat asteburu lehenago ikus daiteke mugimendua, eta hori oso polita da". Anaiak bezala, berak ere esker hitzak zuzendu dizkie antolatzaileei, eta egiten duten lana goraipatu du: "Lasarte-Oria Bai! Krosaren leloan jarri nahiko nuke arreta. Herri hau gaztea da, baina indartzen ari da, eta horren erakusle da lasterketa hau ere. Ni kulturaren esparruan aritzen naiz gehien, eta eremu horretan ere pauso gehixeago ematea gustatuko litzaidake herri apur bat gehiago egiteko".
Aurreskua dantzatzeko unean "urduritasuna" antzeman zuela ere kontatu du Ramonek: "Ez zen dantza egite soil bat, Ostadar SKTri eta Lasarte-Oriari eskerrak emateko modu bat baizik".
Horrekin batera, herria egiteko kolektibo gisa jardutearen garrantzia azpimarratu du: "Gure herriari bizia emateko oso garrantzitsuak dira herriko eragileak, merkatari, ostalari eta zerbitzuak eta erakundea bera; denon artean egin behar dugu gure Lasarte-Oria".
Lasterkariaren bizipenak
Txikitan Korrika Festan parte hartutakoa da Julen, eta helduen proban ere zenbait alditan egin du korri. Urte horietako guztietako parte hartzea "berezia" dela aitortu du, nahiz eta aurtengoa are gehiago izan den, urtero ez baita 1 zenbakidun dortsalarekin parte hartzeko aukerarik sortzen: "Ibilbidean zehar ikusleek animo ugari ematen dituzte, baina, aurten jaso dudana bestelakoa izan da; dortsala nik eramango nuela jakin dutenek, hitzordu aurretik ere animo asko eman dizkidate; izan da, aitak bezala, podiumera igotzearekin txantxa egin didanik ere".
Maratoia prestatzen ari da gaztea, eta iragan igandeko proba, horri begira bere burua neurtzeko baliagarria izan zaio. Egindakoarekin eta lortutako emaitzarekin "pozik" agertu da, helburua iazko denbora hobetzea zelako, eta lortu duelako.