Usurbildarrak oso gustura egin du lasterketa eta indarrak neurtzen egon dela nabarmendu du: "Erritmo lasaian joan naiz eta bukaeran estutu dut. Indarrak neuzkan eta garaipena lortu dut".
Lasterketa egiteko laguntza izan duela onartu du: "Lagun batek esan zidan lagunduko zidala. Erritmoa berak jarri dit, berak erregulatu dit. Lasterketa honek arriskua du hasieran azkarregi ateratzea. Gero horrek faktura pasatzen du. Beraz, lagunarekin joan naiz eta bera joan da niri erritmoa jartzen. Taldetxo bat egin dugu eta uste dut gehienak antzera bukatu dugula".
Ez da ohikoa usurbildarrak errepideko lasterketak egitea, mendian lehiatu ohi da. Lasarte-Oriako proba salbuespen bat dela onartu du: "Entrenatzeko denborarengatik eta errepidean egiten dut, baina lasterketak mendian egiten ditut. Gehiago gustuko dut. Errepidean Lasarte-Oriakoa dut urteroko hitzordua. Bide hauetan ibiltzen naiz entrenatzen. Eta bestea San Silvestrea izaten da".
Larrañagak badu arrazoi garrantzitsua horretarako: "Urte askotan Lasarte-Oriako atletismo taldean ibili naiz, baina orduan ez nuen korrika egiten, jauziak egiten nituen. Baina hura utzi eta korrika hasi nintzen eta konstantziarekin urtetik urtera azkarrago".