Aitor Etxeberria, Kroseko garailea: "Giroa izugarria izan da. Prestaketa moduan, horrelako lasterketa bat egitea beti da polita"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 27a, 13:11

Duela bost urte Lasarte-Oria Bai! Herri krosean garaile izan zen Asier Etxeberria Mugica igeldotarrak. Iaz izan zuen lesio batetik osatu eta garaipena eskuratu du berriro Lasarte-Orian. 

Etxeberriak espero bezala joan da lasterketa: "Banekien Jon Presa, Tanco eta Amets egongo zirela. Ikusi ditudanean banekien nire lasterketa nola joango zen. Lesio batetik nator eta hasieran kontrolatu eta bukaeran esprintean errematatu".

Lasterketan asko gozatu duela nabarmmendu du: "Giroa izugarria izan da. Prestaketa moduan, horrelako lasterketa bat egitea beti da polita".

Duela bost urte garaile izan zen igeldotarra eta oroitzapen politak zituen lasterketakoak: "Orduan bai ondo irabazi nuela, baina gaur asko sufritu dut. Nabaritu dut besteek ere maila igo dutela eta nik jaitsi. Zailagoa izan da".  Izan ere, Etxeberriak iaz lesio garrantzitsua izan zuen:  "Ez ditut lasterketa asko egin. Akiles tendoia apurtu nuen lehengo urtean eta otsailean hasi nintzen berriro. Lasterketak “txikia” egin ditudala esan daiteke, nire aurreko mailatik nahiko urruti. Udan lasai ibili naiz eta azken asteetan berriz martxa pixka bat hartu eta udaratik hona bigarren lasterketa da. Duela bi aste Martutenen egon nintzen".

Baina aurrean ongi ibiltzeko zein maila izan behar duen ongi kalkulatzen dakiela ere aipatu digu: "Lasterketan ondo ibiltzeko zein maila eman behar dudan nahiko ondo dakit. Eta maila hori lortzen dudanean aurkezten naiz lasterketetara. Beti saiatzen naiz borroka horretan sartzen. Egia da duela bost urte horretara dedikatzen nintzela eta gaur egin gozatzeko egiten dut. Eta  orain ondo nago baina maila aldetik bi eskaloi beherago nagoela esan daiteke".

Aurten bere helburua gozatzea da, baina badu jomuga bat: "Hurrengo urterako bai dudala markatua Behobia-Donostia. Badakit oraindik urruti dagoela, baina aurrean ibili nahiko nuke".