Lasterketa hasteko ordu erdiren faltan, 10:00etarako, hara eta hona beroketak egin eta egin aritu dira parte hartzaile gehienak; giharrak ondo luzatu eta lasterketa ahalik eta ondoen egiteko gogoz ikusi ahal izan ditu TXINTXARRI-k.
Pixkanaka-pixkanaka bertaratu dira Geltoki kaleko irteera lerrora. Bertan zain zituzten dantzariak, Andoni Iparragirre eta Bixente Beltran txistulariak eta sorpresa eman duten Ramon eta Pello Ormazabal anaiak. Aurten antolakuntzak Ormazabal loradendari eman dio 1 zenbakidun dortsala eta aintzatespen hori eskertze aldera Aurreskua dantzatzera animatu dira. Parean zuten Julen semea eta iloba, korrika egiten hasteko prest eta hunkituta. 10:30erako abiatu dira lasterkariak, puntu-puntuan. Jarraian, ipar martxalarien txanda izan da. Batzuk zein besteak animatu dituzte alboetan pilatutako herritarrek eta Asier Odriozola aurkezleak.
Etxeberria garaile
Azkar ihes egin dute gerora lehen lau sailkatuak izan diren Aitor Etxeberria, Amets Aramberri, Ignacio Tanco eta Jon Presa herritarra. Lauak nor baino nor gehiago ibili dira ia bukaerara arte. Geltoki kaleko zuzengunean nahiko pareko iritsi dira aurreneko hiruak (Presak ezin izan die eutsi) eta azken erritmo aldaketa jo du Etxeberriak. 31 minutu eta 58 segundotan geratu du kronometroa.
Lehen emakumezkoa Irati Larrañaga usurbildarra izan da eta 39.37ko denbora egin du. Bigarrena Amagoia Fernandez de Lezea (41.14) izan da eta, hirugarrena, Laida Oiz (42.02).
Ipar martxalarien kategorian, berriz, Gironatik etorritako taldeko kideak izan dira nagusi gizonezkoetan nahiz emakumezkoetan: Josep Donaire (37.07) eta Cristina Borras (38.25) izan dira irabazleak. Modalitate horretako kirolariek 5 kilometroko ibilbidea urratu dute; lasterkariek, berriz, 10 km. pasatxokoa.
Merezitako sariak
Sari banaketa egin dute proba nagusiari amaiera emateko, Okendo plazan. Bi lasterkari azkarrenek, eta ipar martxalariek txapela bana jantzi dute. Gainera, kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek Aterpea elkarteko establezimenduetan erabiltzeko erosketa bonuak eskuratu dituzte eta Kale Nagusiko tarteko helmugara iritsitako lehenengoek, aldiz, Berria saria ere bai.
Saridunak
Lasterkariak (gizonak)
- Aitor Etxeberria
- Amets Aramberri
- Ignacio Tanco
Lasterkariak (emakumezkoak)
- Irati Larrañaga
- Amagoia Fernandez de Lezea
- Laida Oiz
Lasterkariak (Lasarte-Oriako azkarrenak, gizonak)
- Jon Presa
- David Andres
- Julen Ormazabal
Lasterkariak (Lasarte-Oriako azkarrenak, emakumeak)
- Maite Salazar
- Sara Beldarrain
- Nerea Arteaga
Ipar martxalariak (bi garaileak)
- Josep Donaire
- Cristina Borras
Ipar martxalariak (Lasarte-Oriako bi azkarrenak)
- Arantxa Sarobe
- Ricardo Ortega
Helduen proba amaitzean hasi da Korrika Festa, gaztetxoen lasterketa.