"Lasarte-Oriaren alde gure alea jartzen ahalegindu gara beti"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 25a, 10:13

ORMAZABAL LORADENDA -  27. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiko omendua

Ormazabal loradenda izango da abiatzear den 27. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiko omendua. Julen Ormazabal arduratuko da 1 zenbakidun dortsala soinean lasterka egiteaz

Ormazabal loradendara sartu orduko, bertako loreen fragantziak edonor harrapatzen duen goxotasun berarekin egin diote, beste behin, harrera Koro Ortegak eta Ramon Ormazabal negozioaren arduradunek TXINTXARRI-ri. Hil hasieran jakinarazi zuen Ostadar SKTk aurtengo 27. Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoiko omendua izango zela aipatu komertzioa, eta izendapen hori aitzakia hartuta, kirol probaren atarian eurekin bildu da aldizkaria. "Pozik eta oso eskertuta" agertu dira aintzatespenarekin, eta igandekoa bizitzeko "gogo biziz".

Nola jaso duzue aurtengo omenduak izatearen berria?

Oso aitortza ederra izan da. Urteurren urtea da, eta denbora honetan guztian herriaren partetik jasotzen ari garen aitortza guztiari beste bat gehitu zaio. Sekulako ilusioa egin digu. Eskerrak eman nahi dizkiogu Ostadarri aintzatespen honengatik; pozarren gaude.

Omenduak izango ginela jakinda, 1 zenbakidun dortsala nork eramango zuen zehaztu nahi genuen. Biotako inork lasterka egingo ez dugunez, lehen unetik gure seme Juleni proposatu genion; bera izango da dortsal hori soinean eramango duena. Nork daki zer gertatuko den, baina podiumera igotzeko aukerarik izango balu, are ederragoa izango litzateke [barre eginez ahoskatu ditu Ramonek hitzok; ilusio hori agertu du. Aipamen horri dagokionez, elkarrizketak aurrera egin ahala, halako batean dendan agertu da Julen; Lasterka egitetik, gurasoei etxera joan aurreko bisita egitera etorri, eta beraiekin topatu du TXINTXARRI-ko kazetaria. Azken horrek aipatu dio bere aitak, Ramonek, bera igandean podiumean ikustearen ilusioa agertu duela, baina semeak hori ez dela gertatuko adierazi du. Aitaren nahi hori presioa ote den galdetu dio gero Koro amak, eta horri ere ezezkoa eman dio Julenek; adierazi du bera, zentzu horretan lasai joango dela lasterketara, gozatzera]. 

Semeak nola jaso du dortsala berak eramateko proposamena?

Poz handiz. Urteurren urte honetan aurrera eramandako hitzordu bakoitza poz handiz hartu du Ormazabal familia osoak. Gure ingurukoak, senide eta lagunak ere ilusioz ikusi ditugu eta hori ederra da. 

Ospakizun urte honen zikloa osatzen ari da. Ohartu gara familia handi bat garela, herritar eta jende ugari dagoela gurekin, gure ondoan, gure tribua direla eta hori zoragarria da.

Zer aitortzen dizue omenaldi honek?

Uste dugu, nolabait esatearren, instituzio bati egiten zaion aitorpena dela. Hori ez da Ormazabal loradendari soilik egiten zaion errekonozimendu bat, baizik eta, Ormazabalen hiru belaunaldiei. Saltsero hutsak gara, gogoko dugu herrian, han eta hemen parte hartzea eta Lasarte-Oriari modu batera edo bestera gure ekarpena egitea. Hori adierazi nahi izan dugu urteurreneko lemarekin ere, 100 urte zuekin, hala izan baita, urte hauetan guztietan, herriaren batera egin dugu bidea. Guri dagokigunez, loradendatik egindako ekarpena jartzen da balioan, baina, gure aurreko belaunaldiek gauza bera egin zuten. Ormazabal familia herriko saltsa askotan dabilen sendi bat da. Uste dugu aitortza honek hori guztia balioan jartzen duela. 

Loradendatik beti saiatu izan gara herriaren alde gure aletxoak jartzean, laguntzen, parte hartzen eta kolaboratzen. Guretzat oso garrantzitsua da Lasarte-Oriaren alde aritzea. 

'100 urte zuekin' dio ehungarren urteurrena ospatzeko sortu duzuen lemak. Hori izan da eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du Ormazabaldarren egiteko moduak.

Bai, gure Lasarte-Oriaren alde. Guretzat oso garrantzitsuak dira horren alde lanean ari diren entitate guztiak. 

Herri honek aurrera egiten badu, horiei guztiei esker da. Hiru oinarri nagusi ditu herriak: erakundea, askotariko esparrutako entitate eta eragile guztiak (kirol, kultura, sozial, eta abar), eta baita ere, noski, merkatari, ostalaritza negozio eta zerbitzuak ere. Guztion artean, eta noski, herritarrak bazter utzi gabe, egiten dugu gure Lasarte-Oria. 

Ehun urte hauetan bidea zuekin guztiokin egiten saiatu gara, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu. Hau esanda, argitu nahi dugu ez goazela inora, gure bidea ez dela amaitu. Batek baino gehiagok uste du denda ixtera goazela, hala adierazi digute, baina hori ez da horrela. 

Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoian parte hartzen ere urte mordoa daramatzazue. 

27. aldia du aurtengoa krosak, eta horietatik guztietatik, oraintxe erabateko ziurtasunez ezin dugu esan, baina hogei bat izango dira kolaboratzen dugula. Proposatu zigutenetik gaur arte. 

Eguna iristear da; krosa abitzear da. Nola zaudete? Nolako eguna izango dela aurreikusten duzue?

Egun polita izango da, ziur. Arestian esan bezala, lasterketan seme gazteak ordezkatu du Ormazabal, eta gozatzea nahi genuke. 

Esan behar dugu salmenta askoko une batean harrapatzen gaituela urtero krosak, Domusatu Egunaren atarian izan ohi baita, eta hori dela-eta, zoritxarrez, sekula ezin izan dugu hitzorduaz nahi adina gozatu. Igande honetan ere lanean aritu beharko dugu, baina hartuko dugu aintzatespenaz disfrutatzeko tartea ere. Horri lotuta, ez dugu informazio gehiegirik aurreratuko, baina Ormazabal familiaren partetik sorpresaren bat egongo dela esan nahi dugu; lasterketa hasieran izango da.