Iazko urrian martxan jarri zuten Gernika Palestina herri ekimena, "Israel eta Palestinaren arteko gatazkan emandako azken gertaerek sortutako arduratik. Geroztik, eta bereziki Gazan, Israelgo estatuak palestinarren aurkako genozidio saiakeraren aurrean jarri du mundua milaka herritarren heriotzak eraginez", azaldu dute ekimen horretako kideek. "Baina ez hori bakarrik; baita miloi bat desplazatu, giza hondamendia, eta nazioarteko legediaren aurkako jardun iraunkorra ere".
"Suntsipenaren ondorioak" lehen eskutik ezagutzen dituztela nabarmendu dute, izan ere, 1937ko apirilaren 26an Bizkaiko herri hori bonbardatu zuten Alemaniako eta Italiako indar faxistek, ia urtebete lehenago estatu kolpea eman zuen Francisco Franco militar espainiarrari 1936ko gerra irabazten laguntzeko. "Gernika berririk ez oihukatzeko beharra dugu euskal herritarrok; ezin dugu horrelakorik onartu".
"Israel egiten ari den sarraskiaren aurrean ezin dugu isilik egon, ezin dugu besoak gurutzatuta geratu. Gaur eta hemen premiazkoa da ondorio latzak izaten ari den igoaldi belikoa gelditu eta bake eta itxaropen etorkizuna ematea", azpimarratu dute. Hori dela eta, esan bezala, kontzentrazioak deitu dituzte gaur Euskal Herri osoan zehar.