Elkartasuna adierazi diete Palestina eta Libanori

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 7a, 21:09

Dozenaka herritarrek bat egin dute Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimenak (LOPHE) deitutako manifestazioarekin. Erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte 'Palestina, Libano, sarraskia gelditu! Israelen kolonialismoari stop!' lelodun afixa eskuetan eta Israelen aurkako aldarriak eztarrietan. Abiatu eta berehala performance bat egin dute Kale Nagusian: manifestariak lurrean etzan bitartean 'Txoria txori' abestu dute Xumela koruko kideek. Okendo plazara iristean, antolatzaile taldekoek komunikatu bat irakurri dute.

Urtebete da gaur Israelek Gazaren aurka "1948ko Nakba-z geroztik burutzen ari den erasoaldi bortitzena" abiatu zuenetik. Hori horrela izanda, aurreko hilabeteetakoak bezalako elkartasun olde bat bidali diete lasarteoriatarrek, eta baita Libanori ere, estatu sionistak berriki erasotu baitu herrialde hori, eta, besteak beste, Hezbola erakundeko liderra erail, Sayyed Hassan Nasrallah. Manifestariek salatu dituzte baita ere Zisjordanian bizi direnek pairatzen duten "eguneroko sufrimendua" eta Israelek egindako beste erasoetako bat, Sirian, Iranek bertan duen kontsulatuari.

Israeli laguntza militar, teknologiko eta ekonomikoa ematen dieten Mendebaldeko herrialdeak ere kritikatu dituzte. "Genozidioari ekin ziotenetik 40.000 lagun baino gehiago hil ditu erregimen sionistak; harro eta inpunitatez jokatzen du AEBen eta Europaren proiektu geopolitikoa hori delako Ekialde Hurbilean". Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzan agintea duten EAJ eta PSE-EE kritikatu dituzte, defendatzen dutelako "Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea". Sozialistek eta jeltzaleek osatzen duten Lasarte-Oriako udal gobernuaren jarreraren aurka ere hitz egin dute: "Israelen genozidioa salatzeko mozio bat eraman genuen udalbatzarrera eta betoa jarri ziguten".

Amaitu aurretik protestan jarraitzeko asmoa eta gogoa adierazi dituzte LOPHEko kideek: "Erregimen sionista salatzen jarraitu behar dugu kalean eta elkartasuna adierazi Palestinako nahiz Libanoko herritarrei. Jerusalem askatu, Palestina askatu eta Israel suntsitu!", aldarrikatu dute.

Erlazionatuak