Gure iragan hurbilean ondo asko ikusi dugunez, gehiegietan gizakia gizaki hurkoenari otso gisa oldartu zaio. Horrela, auzokide hurbilenarekin ere ezin izan garela fio gertatu zaigu, borreroaren alde egiten ari zelakoan. Ez dago egoera grabeagorik elkarbizitzarako. Euskal esaera zaharrak dioen bezala, auzoa hiletan zela ere ez baitziren gutxi poz giroan opiletan zebiltzanak. Orain, atzera begiratuta, portaera hori auzo-lotsagarritzat jotzen dugu. Hartu dezagun, bada, irakaspen gisa eta txerta dezagun gure gogoramenean. Izan ere, gaur adostasunekoa da iraganeko sufrimenduaren memoria partekatzeak elkarren adiskideago egingo gaituela.
Aurtengo Memoria Eguneko ospakizuna ekarri nahi dut hona. Mercero udal aretoan egindako ekitaldian, Jabier Urritegi lasartearraren erailketa oroitu zen. Orain aste gutxi 32 urte bete dira ETAk gertakari krudel eta bidegabe hura egin zuenetik. Ekitaldi hartan, "egun ilun haien" ondoren bere senideek jasan izan duten biziera garratzaren berri izan genuen, bere arreba Manolik idatzitako gutuna irakurri genuenean. Pasarte zirraragarrietan, etxe hartako bizimoldeetan gertatu zen aldaketa gogorra azaldu zigun."Hutsune beteezina" amarentzat, hil artean falta zitzaionaren tristura gainean zeramakiela. Biktimizaturik geratu direnek sentitzen duten bakardadea eta herritik deserrotzeko mehatxu errealaz ere jabetu ginen.
Biktimak eraman behar duen karga ikaragarria da.
Baina, inork ez du egoera horretan hondoratuta bizi nahi. Urritegitarrek bizi dutenetik ikas genezakeena horixe da. Gizakiek tragediaren kiribiletik ateratzeko berebiziko ahaleginak egiten dituztela. Manolik esan duen bezala, beren bizitzaren erritmoa berreskuratu eta berbideratu nahi dute, "pakean, askatasunean eta lasaitasunean".