Hasi da Lasarte-Oriako toponimiari buruzko bigarren lehiaketa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 14a, 09:48

Udalerriaren ondare preziatuenetako bat dira toki izenak, izan ere, bertako informazio asko ematen digute eta egunerokorako ezinbesteko erreferentziak dira. Horren garrantzia ikusarazte aldera lehiaketa bat martxan jarri dute Lasarte-Oriako Udaleko Euskara sailak eta TXINTXARRI aldizkariak.

JOKATU EGIN NAHI DUT

Hiru asteko ekimena izango da, gaurtik hasi eta azaroaren 3ra arte. Aurreneko bi asteetan hamarna galderako lehiaketa bana egingo dute. Hirugarrenean, berriz, bestelakoa izango da erronka: toponimo jakin bat aurkitu eta horren argazkia atera eta bidali beharko dute. Zuzena izanez gero, bost puntu gehiago jasoko dituzte sailkapen orokorrean.

Hogei galderatatik gehienak asmatu eta hirugarren asteko argazkia ongi bidali dutenen artean nekazal etxe batean asteburupasa bat zozkatuko dute; parte hartzaile guztien artean, berriz, menu berezi bat bi pertsonarentzat. Animatu eta parte hartu lehiaketan!

Parte hartzeko jarraibideak

Lasarte-Oriako toponomiari buruzko hiru asteko lehiaketa bat aurrera eramango dugu.

• Ez dago denbora mugarik. Ez izan presarik jokatzeko. Hasten zaretenean nahi adina denbora har dezakezue, hori bai, zabaldutako leihoa ez itxi!

• Erantzunak, webgunean. Lehiaketako galdera eta erronken erantzunak toponimia.lasarte-oria.eus atari digitalean dituzue eskura. Beraz, sartu webgune horretara eta lasai saltseatu.

• Gutxienez 18 urte eta partida bakarra jokalari bakoitzeko. Lehiaketan parte hartzeko gutxieneko adina 18 urtekoa da eta partaide bakoitzak behin bakarrik jokatu ahalko du aste bakoitzean, ez gehiagotan.