LOOPA plataformak salatu du medikurik gabe daudela herriko biztanleen ia erdiak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 12a, 12:56

Iazkoa amaitzean bezain arduratuta ekin dio LOOPA Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Aldeko plataformak ikasturte berriari. Uztaileko ohiko udalbatzarra adi jarraitu zuten eragile horretako kideek: orduan kontu eman zuen Agustin Valdivia alkateak Osakidetzako arduradunekin bilera batean hitz egindakoez. Apirilean eskatu zion hori egitea LOOPAk, mozio bidez: "Udalerriko egungo sanitarioari buelta emango dion talka plan bat eskatzea, eta, ondoren, bilkuraren emaitzaren berri ematea lasarteoriatarrei".

Uztaileko saio horretan entzun zuten gauza denen artean "larriena", eragileko kideen iritziz, "Osakidetzako arduradunek etorkizunerako iragartzen duten osasun publikoaren eredua da". Azaldu dute familientzako erreferentziazko pertsona ez dela medikua izango, erizaina baizik. "Zer medikuntza prebentibo mota egin daiteke horrela?". LOOPAk defendatzen du ardura hori diziplinarteko talde egonkor batek (medikua, erizaina, pediatra...) izan behar duela, "taldean lan" egingo duena eta "prebentzio, babes eta sendatze lanak" egingo dituena. "Ikerketa zientifiko guztiek erakusten dutenez, hori bezalako sendagai eraginkorragorik ez dago heriotza tasak epe ertain-luzean murrizteko".

Sei kupo, hutsik

LOOPAren "susmo txarrenak" gainditu ditu Osakidetzako arduradunek alkateari esandakoek. Izan ere, udalerriak hamabi kupo –mediku bakoitzari esleitutako pertsona multzoa– eta erdi ditu eta uneotan sei bete gabe daude, lau hutsik daudelako eta beste bietan iraupen luzeko bajak dituztelako langileek. "Lasarte-Oriako biztanleen ia erdiek ez dute medikurik!", salatu dute. Horri guztiari gehitu behar zaizkie oporraldiak eta iraupen laburreko bajak, gaur-gaurkoz ordezkatzen ez direnak. "Horrek frogatzen digu pairatzen dugun egoera guk uste baino askoz okerragoa dela".

Valdiviak uztaileko udalbatzar horretan kontatu zuenez, arestian azaldutako agoera hori "partzialki" bideratuko du Osakidetzak, hutsik dauden lau kupoak Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE) baten bidez: "Urte amaierarako ebatzita behar luke". LOOPAko kideak poztu ditu "egungo arreta falta arintzen lagunduko duen" neurri horrengatik, baina bat egin dute alkateak orduan adierazitako "eszeptizismoarekin". "Ahaztu gabe iraupen luzeko bi bajak ez dituztela ordezkatuko eta konponbidea urrun egongo dela oraindik". Eragileak "erne" jarraituko du bilakaera. 

Larrialdi zerbitzurik gabe

Asteburuetan larrialdi zerbitzurik ez izateak ere kezkatzen du osasun publikoaren aldeko herritar taldea. Arduratuta dago gabezia horrengatik eta baita Osakidetzako kudeatzaileen justifikazioagatik: "2012tik aurrera ezarri zen zerbitzu hori aparteko gauza bat izan zen, Donostialdean mediko gehiegi zeudelako". Norabide horretan, ulergaitza zaie "momentuko zirkunstantzien arabera" gestionatzea sistemaren baliabideak, "herritarren osasun bebharren araberako plangintza baten barruan" antolatu ordez. "Zer plangintza arduragabea da, urte gutxiren buruan, mediku gehiegi edukitzetik apenas kupoen erdiak beteta izatera garamatzana? Herritarrok azalpen bat merezi dugula uste dugu".

Horren guztiaren aurrean, eragileak eskaera batzuk egin dizkio udalari, nahiz eta badakien erakunde horrek eskumenik ez duela osasunaren esparruan. Galdegin dio "lidergo jarrera aktiboa" hartzea administrazio publiko eta beste entitate batzuen aurrean, "lasarteoriatarren kalitatezko osasun publikorako duten eskubidearen defentsan". Halaber, "zaurgarritasun egoeran daudenentzako laguntza mekanismoak" ezartzea eskatu dio, "Osakidetzak uneotan ematen ez duen kalitatezko arreta jaso dezaten".

Oinarrizko giza eskubidea

"Osasuna oinarrizko giza eskubide bat da, ez negozioa". Argi hitz egin dute LOOPAko kideek eta berretsi dute "kalitatezko osasun publikoaren alde" duten konpromisoa. "Lehen arreta sistemaren erdigunean jartzea, gaixotasunen prebentzioa eta osasuna sustatzea, hurbileko tratua ematea, pazienteak nahikoa denborarekin artatzea eta atzerapen zerrendak zentzuzkoak izatea nahi dugu".

Aldarrikapen horiek gero eta jende gehiagorenak izatea nahi dute eta horregatik gogorarazi dute "talde irekia" dela LOOPA. Herritarrei eskatu diete "eragile aktiboak" izateko: "Ez dugu beste inoren esku utzi behar gure eskubideen defentsa". Datozen aste eta hilabeteetako ekimen eta deialdiei adi egotea eta mobilizazioetan parte hartzea ere galdegin diete. Eragileko kideekin harremanetan jarri nahi duenak lasarteoriaopa@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar du.