Aurrez ekimen pare bat gauzatu bazituzten ere, jaien hasiera bandera igoerak adierazi zuen. Ostiral arratsaldean, hilak 6, jarri zituzten asteburu osoan zabalik egon diren oihalak elkarteko egoitzaren ate gainean. Albo batean, elkartearena, eta bestean, Ikurriña eta Extremadurakoa. Keinu horren aurretik, estreinakoz, Extremadurako ereserkia jo zuen danborradak. Gutxi entseatzeko aukera izan zutela aitortu arren, nahiko txukun aritu ziren, Donostiako Martxa tartekatuta, bigarren aldiz jo zutenean, akaso, hobetoxeago. Inguruan ez zeudenek ere jakin zezaten jaiak hasi zirela, bi suziri jaurti zituzten, eta Dinbi Banda batukadak ere zabaldu zuen giroa Jaizkibel plazaren inguruan. Haiekin batera joan ziren, jantzi tradizionalen desfilean parte hartu zutenek. Eguna itxi zuen MNV DJaren emanaldia baino lehen, gainera, pintxo-potea ere aurrera eraman zuten.
Gaua nahi beste luzatu ondoren, fededunek hitzordu berezia zuten larunbat goizean. Izan ere, lehenengoz, extremadurar meza Ama Brigitarren komentuan ospatu baitzuten. Tolosatik etorritako Flor de la Jara taldeak girotu zuen elizkizuna eta Felix Garitano apaizak Guadalupeko amari aipamenak egin zizkion, besteak beste, bere sermoian. Irteeran, Oiantxe in deu! Txarangako kideak zain zeuden, mezara joandakoei eta nahi izan zuen orori Sasoetara bidea erakusteko. Musikak lagunduta, kalejiran joan ziren haraino. Ordurako, elkartean, bazkari herrikoirako jaki nagusia prestatzen ari ziren: 245 paella anoa.
Bazkalostean, Jalgune elkarteko kideekin futbolin txapelketa kooperatiboan parte hartu, musean jokatu edo herri kiroletan aritzeko aukera izan zuten. Geroxeagoa, txikienek buruhandiekin lasterkaldiak egin zituzten, eta maxkurien kolpeak saihestu nahian zebiltzala Donostiako Virgen de Guadalupe taldearen emanaldia hasi zen. Extremadurako dantza eta abesti tradizionalekin osatu zuten ia ordubete iraun zuen saioa. Ondoren, bestelako erritmoetan nola moldatzen diren erakutsi zuten karaokean parte hartzera animatu zirenek. Kantuan eta dantzan ahalegindu ziren, batzuk besteak baino hobeto, eta itxuraz, bai partaideek bai inguruan zeudenek tarte atsegina igaro zuten.
Plazan hala zebiltzan bitartean, egoitzan, bazkide eta gonbidatuentzako afarirako gunea atontzen ari ziren, sukaldean Angel Barrera eta zenbait kide menua plantatzen ari ziren bitartean: iberikoak, haien tintan egindako txipiroiez betetako piperrak, entsalada, presa iberikoa Torta del Casar gaztarekin egindako saltsan eta profiterolak. Gaua amaitzeko, zezensuzkoa eta MNV Djaren emanaldi berri bat izan ziren.
Jolasak eta txapelketak, agurrerako
Asteburuarekin batera, igandean, jaiak ere bukatu dira. Hala ere, bandera jaitsi artean, zeregin ugari izan da Jaizkibel plazaren inguruan. Goizean eguraldiak ez du gehiegi lagundu eta euriak baldintzatuta, etxebizitzen arkupeetan aurrera eraman behar izan dituzte jolasak eta tailerrak. Dulce Tentacioneko arduradunen laguntzarekin, mahai baten bueltan, margotu eta eskulanak egin dituzte horren alde egin dute haurrek, handik gertu jolasean aritu diren bitartean: zaku eta goilara lasterketak, aulki jolasa edota kidea momia bilakatzea. Arratsaldean eman diete irabazleei beren saria, baina partaide guztiek jaso dute opari gisa gozoki poltsa bat.
Ordu erdi bat geroago, buruhandiak itzuli dira plazara eta erraldoiak egoitza atarian egon dira, eszenarioan Semblante Andaluzeko dantza taldeek emanaldia egin baitute. Azahar, Duende, Gitanillas del Alba eta Zambra igo dira txandaka bizpahiru aldiz dantza egitera ordubeteren bueltan luzatu den saioan, eta azken piezan elkarrekin aritu dira denak. Taldetxoa bildu da zabalgunean haiek ikusteko, eta ole eta txalo ugariez gain, gorputza mugitzera ere animatu dira batzuk.
Eguerdian, herri bazkariko eltzekaria janez gosea berdindu eta jaien azken txanparako indarrak hartu dituzte. Bazkalostean, tute eta bola txapelketak aurrera eraman dituzte. Irabazleak ebatzi direnean, sari banaketaren ordua heldu da. Goizeko jolasekin hasi dira, bakoitzean haur, gazte eta heldu onenak jaso du oparia. Ondoren, marrazketa lehiaketaren txanda izan da. Bola txapelketako sariak elkartean ahaztuta utzi dituztenez, etentxo bat egin behar izan dute lehen hiru emakumezkoei eta hiru gizonezkoei beraien oparia banatu aurretik. Mus eta tute txapelketetakoak izan dira azkenak, eta denak emanda, goxokiak bota dizkiete eszenario aurrean zeudenei, hurrengo urtera arte agurtzearekin batera.
Hasitako moduan bukatzeko bi suziriren eztanda artean jaitsi eta gorde dituzte banderak.