Halako zerbait gertatzen da erasoekin. Argi ditugu aldarriak, diskurtsoak eta esan beharrekoak; argi ditugu hitz gakoak: saretzea, militantzia, borroka eta politika feministak; argi dugu martxoaren zortzian egitarau aberats bat antolatzeko beharra. Baina txoznagunean jazotako erasoa gaitzesteko kontzentrara joaten gara eta elkarretaratzearen osteko tragoek parranda giroa pizten dute berriro. Beste emakume bat erahil dutela irakurtzen dugu egunkarian eta estatistika bat irudikatzen dugu gure burutan. Hil berri duten Agedak ez baitu aurpegirik guretzat. Eta hala jarraitzen dugu, bezperako kopletan iltzaturik, biharamunaren ahanzturapean.
Santa Ageda bezpera ospatuko dugu aurten ere, gure lurrek dar-dar egingo dute makil eta kantuen baldintzan. Udaberria iragartzeko ekintza omen da, lurra esnatu eta loratu dadin eskatzeko modua. Ageda gurtzeko eguna, Sizilian jaiotako birjina eta martiria. Quicianok berarekin ezkon zedin nahi izan zuen, baina Agedak uko egin zion kristaua izateagatik eta hori izan zen bere martirioaren kausa: mutilazioa ezezko baten truke.
Boterea ez da horrenbeste aldatu azken mendeetan. Ezezko batek, ideia kontrajarri batek ala erdigunera atera nahiak zigorra dakar sarri, ahots kordak mutilatzen dizkigute batzutan, askatasuna bestetan. Eraso bat dagoen bakoitzean, gure diskurtso feminista okatzen dugu inertziaz, baina ez dakit kontziente garen, emakume bat erasotzen duten bakoitzeko gorputz atal bat moztuko baligute aspaldian desagertuak geundekela.
Nik lurra kolpatzeko gogoa izaten dut sarri, amorruz, minez. Jakin nahi nuke zergatik lokartzen garen biharamunetan. Ahanzturatik atera gaitezela opa diot gizarteari. Oroimenetik, minetik, gogotik eta batez ere beharretik aritu gaitezela, biharamuna kontzienteki bizi dezagun, gure ideiak, gorputzak eta kontzientziak mutilatu ez ditzaten. Bi mila urte pasa dira Agedari bularrak moztu zizkiotenetik, eta uste dut lurra ez dela esnatzeko daukagun gauza bakarra.