Auzoa alaitasunez eta kolorez betetzera jaitsi da Teresa Sorgiña

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 31a, 20:54

Ibilbidea aldatu eta Pepenea baserritik jaitsi da aurten Teresa Sorgiña txosna gunera. Atzetik jarraitu dute dozenaka bizilagunek, zapi moreak lepoan. Horietako batzuek adarra, trikitixa eta panderoak zeramatzaten eskuetan, ongietorria girotzeko. Festa eremura iristean txalapartarekin egin diote harrera zaindariari; ostean, Sorgin Dantza herrikoia dantzatu dute eta Jalgune elkarteak emanaldia egin du, kalejira jendetsu batekin bukatu dena.

Duela zazpi urte Galiziatik herrira etorritako David Pena auzotarrak irakurri du aurtengo jaietako pregoia:

"Iritsi da Teresa Sorgiña berriro ere gu agurtzera eta auzoa alaitasunez eta kolorez betetzera. Zabaletako bizilagunok data hauek iristeko zain egoten gara urte osoan zehar, ez soilik festak direlako, bereziak direlako batez ere. Zabaleta ez da edonolakoa: berria dena tradizio eta sustraiekin batzen du. Bizitza guztia hemen daramatenak eta berriak garenak.

Orain zazpi urte etorri nintzen eta beso-zabalik hartu nauzue, oso ongi gogoratzen dut auzo elkartekoen berotasuna, animatzen parte hartzeko. Mila esker! Auzo aberats eta anitza gara, auzo batean barruan mundu bat gara. Mundua Zabaleta bezala izatea nahiko nuke, guztion artean eraikia litzatekeelako, festa hauek bezalaxe. Auzotar askoren ilusio, konpromiso eta borondatearen emaitza dira festa hauek.

Bihotzez eskertu nahi dugu duela 37 urte lehen aldiz jai eder eta herrikoiak antolatu zituzten belaunaldiko kideak, bihotzez eskerrik asko horiei guztiei. Horregatik dira horren politak, auzoak egiten gaituelako eta guk auzoa egiten dugulako. Hori guztia, Teresaren begiradapean.

Beraz, goza ditzagun festak, errespetuz. Ez dugu onartuko jarrera intolerante, matxista edo homofoborik. Intolerantziari dagokionez, salatu nahi dugu desagertu egin direla atzo jarritako kartelak; ez dugu adierazpen askatasunari erasorik onartuko hemen.

Gora Teresa, gora festak eta gora zuek!"

Horren aurretik, "bizitza guztia" Zabaletan daramanetako batek, Antton Garinek, bertso eder bat bota du.