Mende erdi barruko balizko Lasarte-Oriaren kontakizuna

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 26a, 21:33

Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak eta Semblante Andaluzek elkarlanean ondutako Lasartoria 2074 herri antzezlanaren estraineko emanaldia egin dute Manuel Lekuona Kultur Etxean larunbat arratsaldean. Lasarteoriatar askoren jakin-mina piztu du ikuskizunak 

Ilunpean, Xumela koruko kideen ahotsek lagunduta  talde bat sartu da antzokian. Ilunpean daramatzaten kriseiluen argiak besterik ez dira ikusten aulki artean. Eszenarioan, berriz, argi gorridun irrati zahar bat. 

Aretoa zeharkatu eta eszenariora igotzeko eskaileren ondoan elkartu da taldetxoa. "Nora goaz?" elkarri galdetzen hasi dira, izan ere, nortasunaren gaineko hausnarketa bada obraren ardatzetako  bat. Utreran jaiotako emakumea "la vasca" da han, eta hemen, berriz, andaluza. Hala ere, elkarren artean euskaraz hitz egiten dute. 

Irudikatu duten mende erdi barruko Lasarte-Orian, klima aldaketaren ondorioak nabari dira, pertsonaiek beroa baitute eta batzuek ez dute euria ezagutzen. Pertsonaietako baten jatorria den Utreraren klima du orain herriak. Kapitalismoa amaitu eta Erdi Aro Berrian, nazioarteko inbertsio funts handiak dira munduaren jabe eta etsipena da nagusi. 

Irratian entzundakoari tiraka, Rosita eta Romualdoren roletan aritu dira aktoreak, eta tradizioaz edo identitateaz gogoeta egin. Une batzuetan Kukukako eta Semblante Andaluzeko dantzariek parte hartu dute kontakizunean, baita herriko zenbait musikari ere. Azken ondorioa olatuak gisa ekin eta ekin ari direla da, inora iristeko esperantzarik gabe. Hori bai, zerbait badira, euskaldunak direla jakinda. Izan ere, antzezlana bera euskaraz egin dute aktore guztiek eta solasaldien gaztelerazko azpidatziak pantailan proiektatu dituzte. Xumelako lagunek Itsasoa gara abestu dute jarraian eta ikuskizunean parte hartu duten lagun guztiak irten dira eszenariora agurtzera. Txalo zaparrada bat jaso dute bertaratutakoen aldetik.