"Kukukaren eta Semblanteren arteko zubiak sendotzea izan da helburuetako bat"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 24a, 09:13

Argazkia: Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola

Egindako lana erakusteko prest dira Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako eta Semblante Andaluz elkarteko kideak. 'Lasartoria 2074' oholtzaratuko dute kultur etxean

Euskal Herriko eta Andaluziako kulturen arteko "harremanak sendotu, eta herri integratuago zein kohesionatuago bat" egin asmoz oholtzaratuko dute, bihar, hilak 25, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako eta Semblante Andaluz elkarteko kideek Lasartoria 2074. Hemendik 50 urteko herria nolako izan daitekeen irudikatuta sortu dute eta denbora luzeko prestaketa lanen ostean, herritarrei hori erakusteko unea iritsi zaie parte hartzaileei. Informazio askorik aurreratu nahi gabe, obraren gainean hitz egiteko elkartu da TXINTXARRI aldizkariarekin aipatu bi elkarteetako kide Kontxu Iartza Etxenike, Dami Lopez Polaina, Jose Perez Acosta eta Puri Fadrique Fuentes. 

Nola sortu da elkarlan hau egiteko aukera?

Informalki abiatutako bide batetik sortu da aukera. Duela lau urte, pandemia baino lehen, Semblante Andaluz Elkarteko lehendakariak proposamen bat egin zion Kukukari; Andaluziako dramagile baten obra itzuli, muntatu eta euskaraz antzezteko ideia luzatu zion. Kukukak begi onez ikusi zuen proposamena, eta inolako zalantzarik gabe baiezkoa eman zion. Bi elkarteen arteko zubiak sendotzea izan da helburu nagusia.

Eta xede horrez gain, badu besterik?

Arestian esan bezala, Semblante eta Kukukaren arteko zubiak sendotzea izan da elkarlan honen helburuetako bat, elkarlana bultzatu eta Lasarte-Oriak duen aniztasunean sakontzea, horrela, herri kohesionatuagoa izateko. Horrez gain, Andaluziako eta Euskal Herriko kulturen arteko lotura egitea, eta elkar ezagutza bultzatzea ere bai. 

Eta, nola ez, Lasarte-Oriatik kanpo emanaldiak egitea ere hasieratik zehaztutako helburuetako bat izan da. Talde bakoitzak bere kontaktu sarea baliatuko du herritik kanpo Lasartoria 2074 erakusteko; ahalegin hori egingo dugu. Alde batetik, Semblantek FARAE Andaluziar Etxeen Federazioarekin dituen harremanen bidez saiakera egingo du andaluziar etxeak dauden beste herrietara eramateko. Bestetik, ahalegin bera egingo du Kukukak euskal antzerki amateurraren arloan. Aurreratu dezakegu, adibidez, Azpeitiako Antzerki Topaketan izena eman dugula.

 

"50 urte barruko lasartoriatarrak izango dira istorioaren protagonistak"

 

Ideia pandemia garaian sortu zela aipatu duzue. Urte luzetako bidea egin du, beraz, antzerkiak. 

Bai. Arrazoi ezberdinak medio, hainbat unetan egonean egon da proiektua, baina martxa hartu zuenetik gaurdaino iritsi gara.

Datu asko aurreratu gabe, zer ikusiko dute bertaratzen direnek. Zer aurrera dezakezue?

Oso lan berezia topatuko dute, hitz egingo den modutik hasita, adibidez. Jende askok parte hartuko du eta gauza ezberdinak ikusiko dituzte. Antzerki bat da, baina obraren barruan diziplina ezberdinak oholtzaratuko ditugu, hala nola, dantza, zuzeneko musika, koruak, eta abar. Lasarte-Oria anitza da, eta aniztasun horren erakusle izango den herri antzerki bat izango da. 

50 urte barruko herritarrak dira istorioaren protagonistak, jatorri eta kultura ezberdinetakoak; batzuk Lasartorian jaioak, beste batzuk ez, baina denek hitz egingo dute hizkuntza bera: euskara. 

Irrati zahar batek presentzia handia izango du; horrek erakarriko du arreta. Gailu horren bitartez entzundakoak eramango ditu pertsonaiak jolas batean sartzera. Rosita eta Romualdoren rolean arituko dira antzezleak, eta jolas horren bitartez euren istorioa kontatuko dute. Utrerakoak (Andaluzia) dira jatorriz, eta hango bere herrikideentzat beraiek dira los vascos; lasartoriatarrentzat, berriz, los andaluces. Gauzak horrela, beren nortasunarekiko zalantzak besteei azaldu nahian, gaztetan euren artean izandako ligoteo kontuak kontatuko dizkiete ikus-entzuleei, dantzariek eta koruko abeslariek lagunduta. Zer gara gu? Nor gara gu? galderen aurrean, ondorio batera iritsiko dira: jatorria edozein dela, euskaldunak direla. 

Azken finean, fusio handi bat izango da; dantza eta zuzeneko musika ere barne hartuko dituen antzerki bat.

 

"Arrazoi ezberdinak medio, hainbat unetan egonean egon da proiektua"

 

Nolako herria irudikatu duzue hemendik 50 urterakoa?

Erdi Aro Berrian bizi diren herritarrak agertuko dira oholtza gainean. Nazioarteko inbertsio funts handiak izango dira munduaren jabe, eta estatuak eta gobernuak, berriz, folklorean geratu diren arrastoak baino ez dira. Herritar xumeen artean, etsipena izango da nagusi, lasartoriatarrentzat ere bai. 

Horrekin batera, azken 50 urte horietan emandako aldaketez ohartzeko, 2074. urtean klima aldaketak ere bere bidea egiten jarraitu duela ikusiko du ikus-entzuleak. Utrerak duela 50 urte zuen klima bera izango du irudikatuko dugun Lasartoriak, eta, Utrerak, berriz, Aaiunek (Mendebaldeko Sahara) duela mende erdi zuena izango du. Horrela irudikatu dugu.

Euskarak garrantzia izango du obran. 

Bai. Euskaraz izango da, baina gaztelaniazko azpitituluak izango ditu; pantaila handian irakurri ahal izango dira horiek. Horien bitartez, euskara menderatzen ez dutenek ere elkarrizketak ulertu eta jarraitu ahal izatea ahalbidetu nahi izan dugu. Gainera, obra honetan ikusiko da euskara izango dela 2074. urtean lasartoriatar guztiek amankomunean izango duten gauza bakarra.

 

"Erdi Aro Berrian bizi diren herritarrak agertuko dira oholtza gainean"

 

Nola sortu duzue antzerki obra? 

Lasartoria 2074 sortzeko XX. mende hasierako Andaluziako teatro burgesaren erreferente arrakastatsuak izan ziren Alvarez Quintero anaien entremes edo antzerki labur bat hartu dugu oinarri: Azares del amor. Lan hori hartu, eta euskararatu egin dugu, eta horri, Pablo Barrio herritarrak idatzitako beste testu batzuk gehituta osatu dugu taularatuko dugun lana. Andaluziar kostunbrismo burgesaren eta abangoardia garaikidearen nahasketatik sortu da.

Zenbat parte hartzaile arituko dira oholtzan?

Semblante Andaluz elkarteko hogei bat lagun arituko gara, eta Kukukatik, aldiz, bederatzi aktore eta hogei bat dantzari. Xumela koruak ere parte hartuko du, eta herriko musikariak ere izango dira, gitarra elektriko, trikiti, gitarra jotzaileak eta dultzaineroak. 

 

"Ikusiko dugu zer datorren, baina obra ahalik eta gehien erakutsi nahiko genuke"

 

Nolako lana izan da horiek guztiak koordinatzearena?

Orain arte entsegu mistoak apenas egin ditugu, dantzarienak bai, baina gainerakoan batere ez. Emanaldiaren aurreko aste honetan egin ditugu probak elkarrekin. 

Arestian aipatu duzue lana herritik kanpo oholtzaratu nahiko zenuketela? Hartu duzuen lana eta gero merezi du ahalik eta gehien erakusteak, ezta?

Bai, obra mugitzea izan da hasieratik helburuetako bat, bestela ez ginatekeen horrelako proiektutzarrean sartuko. Lehen esan bezala, momentuz Azpeitiko Antzerki Topaketan izena eman dugu. Ikusiko dugu aurrerantzean zer datorren, baina han eta hemen erakutsi nahiko genuke; badago asmo hori, bai.