"Partaideak amateurrak dira, baina obrak kalitatea du, eta uste dut hori balioan jarri behar dela"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 24a, 08:40

Argazkia: Miren Gojenola

MIREN GOJENOLA ARRIAGA - LASARTORIA 2074 OBRAREN ZUZENDARIA

Miren Gojenola Arriaga (Lekeitio, 1968) izan da, duela bi urtetik hona, Lasartoria 2074 obraren zuzendaria, eta, hori hala izanik, bere ardura izan da jendaurrean oholtzaratzear duten lana gidatzea. Ibilbide luzea izan dela kontatu dio TXINTXARRI-ri, eta horrek neke bezainbeste poz sorrarazi dizkiola aitortu du. Bere lanaren nondik-norakoen berri eman dio aldizkariari; gogotsu agertu da estreinaldiaren bezperan.

Obraren zuzendari gisa, nolakoa izan da lan hori?

Duela bi urte hasi nintzen ni Kukukarekin lanean. Ibilbide luzea izaten ari da. Astean behin bakarrik elkartzen gara, eta horrek pixka bat zaildu du, adibidez, testua barneratzea. Partaide bakoitzak bere lana eta bestelako zereginak ere baditu, eta horrek luzatu egin du prozesua. Nekagarria bezain pozgarria izaten ari da; bietatik du. Hori hala izanda, gogoa dugu oholtzaratzekoa. 

Aktore bakoitzak, gainera, antzezteko bere tresnak ditu eta horretara egokitu behar izan dugu lana. Ni Kukukarekin lanean hasi nintzenetik hutsetik hasi nintzen obraren gaineko lana egiten; lantaldea eta jendea ikusi, eta horren arabera egin dut nire eginbeharra. 

Helburua beti izan da ahalik eta herritar gehienek parte hartzea; hasi aktoreetatik, dantzari eta musikarietara. Herri antzerki bat egiten duzunean, hori, askotariko diziplinetako jendeak parte hartzea oso aberasgarria da. 

Polita izaten ari da obra hau zuzentzearen lana. Beti daude egun gorabeheratsuak, beti krisi momentu bat, baina horrek egon behar du, hortik indartsu ateratzeko. Azken asteotako lana ere garrantzitsua izan da, egunotan egin ditugulako diziplina ezberdinen arteko entseguak, elkarrekin, horien guztien lanak elkartu ditugu. Jende askoko entseguak izan dira. 

Herri antzerki bat da.

Parte hartzaileak profesionalak izan gabe aurrera eramandako lan bat da Lasartoria 2074. Profesionalek beste tresna batzuk dituzte eta egoera guztietara egokitzen dira, adibidez, edozein testura. Antzerki honetako testuak bere zailtasunak ditu, eta horregatik pixka bat moldatu egin behar izan dugu, parte hartzaileengana egokitu. Halere, horien guztien gogoarekin aurrera ateratzea lortu dugu. Esan bezala, partaideak, amateurrak dira, baina obrak kalitatea du, eta uste dut hori balioan jarri behar dela; kalitatezko herri antzerki bat da. Mota horretako antzerki bat egiten duzunean, ez dago profesionalik, orokorrean; egon daiteke baten bat, edo adituren bat, baina, gainerakoak, herritarrak dira parte hartzen dutenak.

Eta eszenografiari dagokionean, zer nolako atrezzo-a eta jantziak ikusiko ditu bertaratzen denak?

Atrezzo-ari dagokionean, ahalik eta sinpleena osatzen saiatu gara; argiek izango dute garrantzi handia. Gainerakoan, eszenatokian egongo dira elementu batzuk, testuinguruan kokatzeko balioko dutenak. Eta jantziei dagokienean, horiek bai, horiek garrantzia dute, Semblante eta Kukukaren arteko fusio horren erakusle izango direlako.