'Mindfulness'-a, gauza bakarra erabat kontzienteki egiteko teknika

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 16a, 13:35

Gero eta hedatuago dagoen 'mindfulness' teknikaren gakoak aletu ditu Amaia Urkiza instruktoreak, prozesu hori gure buruetan pilatzen den zaratari aurre egiteko tresna eraginkor gisa. "Pentsatzen dugunetik dator sufrimendu handiena". Danok Kide elkarteak antolatutako XVIII. Balioetan Hezi jardunaldietako azken hitzaldia izan da. Aurreko bietan musikoterapia eta Txinako medikuntza tradizionala landu dituzte.

Pali hizkuntzako (Budaren diskurtsoak, beste batzuen artean, hizkuntza horretan idatzi zituzten duela 2.500 urte) sati hitzaren itzulpena da mindfulness hitza eta "erabateko arreta" esan nahi du, hau da, gure gogamena non dagoen jabetu eta une honetara ekartzea, orainaldira. Teknika hori jorratu eta irakasten du Amaia Urkizak, erreminta horren "gakoa" argi izanda: "Mina ezin dezakegu hautatu, baina, horregatik sufritu ala ez, bai". Adituaren esanetan, pentsatzen dugunaren ondorio dira gure "sufrimendu handienak". Horri lotuta, azaldu du emozio bat dela pentsamendu batek egiten duen talka bat gorputzean. "Ez gara kontziente bueltaka dugun zarata mental horretaz guztiaz, etengabe talka egiten ari da gorputzekin. Zuetako zenbatek dituzue mina eta kontrakturak giharretan?". 

Zarata horri eta ondorio fisikoei nahiz emozionalei aurre egiteko teknika da mindfulness delako hori, beraz. "Egunerokotasunean bizitzen ditugun egoerak neutroak dira baina akitu eta kaltetzen gaituena zarata mentala da: energia da pentsamendua eta asko gastatzen dugu alfer-alferrik". Ildo horretatik, "espiritualitateak eta horrelakoak" alde batera utzita, "beharrezkoa" iruditzen zaio hori praktikan jartzea, norberaren zein ingurukoen osasunaren mesederako. "Ikasten badugu kontzienteki pentsatzen eta gure gogamena garbitzen posible da hobeto bizitzea, benetan. Hori bai, pauta eta tresna batzuk erabiltzen ikasi behar duzue".

Kontzeptu teorikoagoak uztartu ditu ariketa praktikoekin. Minutu ingurukoa izan da horietako bat. Gong bat jo du Urkizak eta parean zituenei begiak ixteko eskatu. Helburua hauxe: konturatzea pentsamenduak ditugula baina ez garela pentsamendua. Azken kontzeptu hori dugu barneratuta, "mimetizatu" egin garelako burutazioekin eta ezin garelako askatu. "Mendebaldekoon kultura ez da pentsatzen diogunari begiratzea. Super produktiboak izan behar dugu eta ahalik eta gauza gehien egin une berean; justu aurkakoa da mindfulness-a, gauza bat aurrera eramatea horretaz erabat kontziente izanda". 

 
Erlazionatuak