Txinako medikuntza tradizionalaren "sarrera labur bat" egiteko asmoa agertuz hasi du hitzaldia gaian aditua den David Egizabal erizain eta fisioterapeuta lasarteoriatarrak, eta aurkezpenarekin hasi aurretik, argibide bat egin du. Gaixotasunak sendatzen dituen medikuntza "bakarra" dela azpimarratu du, eta, gaineratu, batzuen eta besteen arteko ezberdintasuna giza gorputza ulertzeko moduetan dagoela, eta baita horren aurrean erabil daitezkeen erremintetan ere. Honako adierazpenok eginda, argi utzi nahi izan du medikuntza bat ez dela beste bat baino hobeagoa, eta azpimarratu du guztiek balio dutela "jendearen osasuna hobetzeko".
Medikuntza Alopatikoaren (mendebaldekoa adibide) eta Ayurbetikoaren (Txinako medikuntza tradizionala adibide) arteko aldeei buruz jardun da jarraian, eta esan, "bizitzak salbatzeko medikuntzarik onena", lehenengoa dela; nabarmendu du inor gaizki badago, "lagungarriagoa" izango dela medikuntza mota hori: "Gaixotasun egoera bat egonkortasun maila batean mantentzea ahalbidetzen duen medikamentuak asmatu zituen medikuntza mota horrek, baina hori baino hobeago den gauza bat ahaztu zuen; hobe da zaintzea, medikamentuekin mantentzea baino". Horri jarraiki, medikuntza Ayurbetikoaren fokua zertan den azaldu du gero: "Gaixotasunak ekiditea da medikuntza mota horren jomuga. Zertarako sendatu, ez gaixotzea bada egin dezakeguna?".
Hori esanda, bere aurkezpena prestatu eta aurrera eramateko baliatu dituen hiru liburuak aurkeztu ditu, Txinako medikuntza tradizionalaren jatorriari buruz ere mintzatu da. Aipatu du osasuna zaintzeko eta gaixotasunak prebenitzeko "sistema integrala" dela, "gizakiaren oreka naturalean eta hori inguratzen duen munduarekin armonian oinarritua" dagoela.
Yin Yang-aren teoria
Yin Yanga antzinako txinatarren kontzeptu filosofiko bat dela azaldu die entzuleei, eta, esan, "munduaren ikuskera bat" izendatzen duela teoria horrek; ezagutarazi du, gainera, kontzeptu horretatik abiatuta natura ezagutu ahal izan zutela antzinako txinatarrek. Gaineratu du naturaren alderdi eta fenomeno guztien ikuskera bitarra denez, organismoan gertatzen diren fenomenoei aplika dakiekeela. Yin eta Yangaren hainbat adibide jarri ditu; aipatu du, adibidez, Yangarekin lotuta daudela, besteak beste, mugimendua eta beroa, eta Yinarekin, berriz, mugikortasun eza, hotza eta iluntasuna. Argitu du teoria hori erabiltzen dela funtzio fisiologiko edo patologia baten ezaugarriak ulertzeko, eta,beharrezkoa dela bien arteko oreka.
Ordu eta erdi iraun du saioak, eta luze eta zabal hitz egin du gaiaz. Amaitu bitartean, adi entzun dituzte adituaren hitzak bertaratu direnek, eta izan da bere hausnarketa plazaratu duenik ere.
Buruko zarataren gaia
Aurtengo Balioetan Hezi jardunaldiei amaiera emateko hirugarren eta azken hitzaldia izango da gaur. Mindfulness praktikari buruz jardungo da Amaia Urkiza irakaslea, Zergatik galtzen gara hainbeste buruko zarataren aurrean? izenburua duen hitzaldian. Kultur etxeko hitzaldi aretoan izango da hori ere, 19:00etan.