Musika, pertsonak artatu eta zaintzeko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mai. 14a, 15:30

Miren Gabirondo Olazabal musikoterapeutak ireki ditu Danok Kide elkartearen XVIII. Balioetan Hezi jardunaldiak, zientzia horren ezaugarri eta erabilerak ikus-entzuleekin partekatuta. 50 bat pertsona bertaratu dira kultur etxeko hitzaldi aretora eta interesez jarraitu dituzte aditu lasarteoriatarraren azalpenak.  

"Herrikoa izanik, ohorea da niretzat horren garrantzitsua den gai bati buruz hitz egiteko aukera izatea". Danok Kide elkarteari eskerrak emanda hasi zuen Gabirondok Musicoterapia, un proceso interpesonal hitzaldia. "Musikoterapiaren gainean izan ditzakezuen zalantzak argitzera etorri naiz hona, jakin dezazuen zer den eta zer ez den". Hori argi adierazita, terminoaren osaerari heldu zion adituak, bi hitzen elkarketatik baitator kontzeptua. Alde batetik, musika, eta, bestetik, terapia.

Musikaren elementu denak (doinua, erritmoa, tinbrea eta armonia) erabiltzen ditu terapeuta kualifikatu eta profesional batek pertsona bakar batekin edo batzuekin terapia egiteko, hau da, beraiek artatu eta zaintzeko. Zientzia hori aplikatzearen helburuak dira pazienteen bizi kalitatea, osasuna edota ongizate fisikoa, emozionala, intelektuala nahiz espirituala hobetzea. Oro har, hori da musikoterapia. Eta, oro har, honako hau ez da musikoterapia: "Melodia jakin bat entzutea arazo konkretu bati aurre egiteko, depresioa duen batek Mozart-en sinfoniak aditzea adibidez, ez da terapia". Horren segidan bota du herritarrak zientzia hori aplikatzerakoan kontuan izan beharreko beste gako bat: "Pertsona bakoitzak behar du bere tratamendua: ez dago formula magiko, zehatz eta orokorrik. Pazientea nolakoa den ikertu ostean erabiliko dute musikoterapia berarekin".

Eta, pertsona batekin musikoterapia erabili behar badute, musikari buruzko ezagutza izan behar du pertsona horrek? Gabirondok azaldu duenez, ez, berarekin lan egingo duen terapeutari dagokiolako hori. Langile horrek, hori bai, parean duenari eskatuko dio inplikatzeko, prozesu horrek ezin duelako pasiboa izan. Tratamendu mota hori jasotzen ari direnek mota askotako gaitz edota egoerak pairatzen dituzte (parkinsona edota alzheimerra bezalako nahasmendu neurologikoak, autismoa, Asperger edota Down sindromeak...) eta dimentsio askotan eragiten die: fisiologikoki, emozionalki, intelektualki, espiritualki... Gabirondoren aburuz, ezaugarri hauek dira berebizikoak terapia egiteko: pazientea, patologia, terapeuta, helburuak eta prozesu terapeutikoa.

Zientzia "gaztea"

Musikoterapia zientzia "gaztea" dela esplikatu du Gabirondok, izan ere, XX. mendeko bigarren hamarkadan hasi ziren tratamendu mota hori ikertu eta sistematizatzen. Helburu horrekin sortu dute, adibidez, SOCIEMT Espainiako Musikoterapia Elkarte Zientifikoa. Bertako kideetako bat da herritarra: "Musikoterapiari buruzko ikerketak egin, zabaldu eta argitaratzen ari gara, gaur egun erabiltzen ditugun teknika eta ereduak kontrastatu eta hobetzeko". 

50. hamarkadan sistematizatzen hasi izanagatik, badaude lehenagoko erreferentziak musikaren erabilera terapeutikoari buruzkoak: txamanak, Antzinako Greziako filosofoak, Erdi Aroa, Barrokoa... Eta baita garaikideagoak ere: batetik, Joaquin Candela Ardid mediku espainiarraren La música como método curativo de las enfermedades nerviosas. Algunas consideraciones sobre la musicoterapia liburua, 1920an argitaratua; eta, bestetik, Juliette Alvin musikari eta terapeuta britainiarra, musikoterapiari buruzko aurreneko formakuntza zentroa eratu zuen emakumea. 

Jarraian, musikaren bidezko terapiaren ezaugarriak aletu zituen Gabirondok: "Unibertsala, malgua, berehalakoa eta multidimentsionala da. Horrez gain, hitzak ez dira beharrezkoak eta interesgarria da hori, barruan dugun min eta traumez aritzerakoan mugatu egiten gaituztelako hizkuntzek batzuetan". 

Zientzia horretan lan egiten duten terapeutak "alor askotatik" datozela esan du Gabirondok. "Langile bakoitzak arreta jartzen du gutxien menperatzen duen alorrean; nire kasuan, osasungintza". Donostiako nahiz Bilboko kontserbatorioetan musikaren barruko alor ugari landu eta Extremadurako Unibertsitatean doktoratu eta gero, herritarrak Alcala de Henareseko (Madril) Osasungintza Fakultatean ikasi zuen musikoterapiari buruz eta zeregin horretan dihardu gaur egun, bere musikari ibilbidearekin uztartuta.

Gaur, Txinako medikuntza tradizionala

Gaur eta etzi aurrera eramango dituzte aurtengo Balioetan Hezi jardunaldietako beste bi hitzaldiak. David Egizabalek hainbat zertzelada emango ditu Txinako medikuntza tradizionalari buruz eta Mindfulness praktikari buruz jardungo da bihar Amaia Urkiza irakaslea, Zergatik galtzen gara hainbeste buruko zarataren aurrean? izenburua duen hitzaldian. Bi mahai inguruak kultur etxeko hitzaldi aretoan izango dira, 19:00etan.

Atzoko gonbidatua aurkezteaz gain, Danok Kide elkarteko kide den Jesus Mari Egizabalek Balioetan Hezi jardunaldien balioa nabarmendu zuen eta herritarrak animatu zituen antolatutako jardueretan parte hartzera. "1962. urtetik ari gara kultura eta herrigintza sustatzen gure herrian eta horren adibide dira hitzaldi sorta hauek. Hezkuntza, familia, etika, erlijioa, kirola eta beste alor asko jorratu ditugu; aurten, balio fisikoetan jarri dugu fokua". 

Norberak bere buruarekin eta ingurukoekin harremantzerakoan kontuan izan beharreko gako ugari jasotzera bertaratu ziren atzo dozenaka herritar. Hori bai, balioetan hezi bitartean inork katarrorik hartzeko asmorik ez zuenez, Udal Liburutegiko langileari eskatu zioten aretoko leihoa itxi eta aire girotua itzaltzeko. Amatatu ez zituztenak zenbait sakelako telefono izan ziren, Gabirondoren hitzaldia uneren batean eten zutenak. Adituak umorez hartu zuen gertatutakoa: "Ikusten? Gure bizitzaren edozein une eta alorretan bezala, gela honetan ere presente dago musika". 

Erlazionatuak