"Liburuez eta elkarrizketez taldean gozatzeko espazio bat da irakurle txokoa". Aintzane Usandizaga idazle eta irakurle txokoaren dinamizatzaileak iazko urrian TXINTXARRI-k egindako elkarrizketa batean egindako adierazpena da hori; azken hamar urteetan talde hori gidatzeaz arduratu zen Uxue Alberdiren lekukoa hartzear zelako egin zion aldizkariak elkarrizketa. Eta orduko hitzak gogora ekarri nahi izan ditugu, taldeak aurrera eraman berri duen azken saioan ere hala egin dutelako bertaratu diren herritarrek; Mendiko gaitzaz solastu bitartean, gozatu.
Idazlearen aurkezpen labur bat eginez eman dio hasiera, dinamizatzaileak, saioari. Kontatu du Garzes kazetaria dela ikasketaz, eta gidoigile eta erredaktore lanetan aritu dela urte luzez. Horrez gain, idazlea, mendizalea eta txistularia ere badela azaldu du, eta orain arte idatzi dituen lanak aurkeztu ditu: Lizardi saria jaso zuen Hari single bat; Zubikarai beka irabazita idatzi duen Mendiko gaitza; eta Euskadi Sarietara nominatuta egon zen Kukuaren kantua, eta, gazteei zuzendutakoa, argitaratu berri dena: Dei galdu bat.
Mendiko gaitza, mintzagai hasi dira, gero, taldeko kideak inpresioak partekatzen. "Oso gustura" irakurri dutela azpimarratu dute askok, eta bakarren batek ere aipatu du, kontakizunaren hasieran ez bezala, irakurtzen joan ahala "harrapatu" egin dituela eleberriak. Nabarmendu dute, baita ere, Garzesen mendizaletasuna agerian geratzen dela nobelan, eta berak ere egin dio aipamena horri: "Jende askok esan dit ni ikusi nauela". Mendizale amorratua da Garzes ere, eta testuinguru horretan kokatzen da istorioa: mendian. Arlet Anaut izeneko emakume bat da protagonista, idazlea bezala, mendizale amorratua da hori ere, eta mendira egingo duen irteera batean, bertako buzoian txartel bat topatuko du. Momentu horretatik aurrera katramilatuko zaio bizitza, eta bere burua katramila horretatik askatzeko ahaleginean murgilduko da irakurlea.
Nobela beltzaren ezaugarri batzuk, hankaz gora
Eleberriak egiten dituen atzera-aurrerako begiradak ere aipatu dituzte irakurleek, eta bertan agertzen diren hari mutur solteak nola elkar gurutzatu eta lotzen diren ikustea ere atsegina egin zaie. Hizkuntzaren mailaz ere mintzatu da baten bat, eta aipatu du "erraz ulertzekoa" dela. Hari horri tiraka, adibidez, aipatu dute Kukuaren kantua hizkuntza jasoagoa idatzita dagoela.
Eleberri beltzak bere gain hartzen dituen hainbat ezaugarri topa ditzake irakurleak irakurketarekin aurrera egin ahal, baina horietako beste batzuk nola irauli dituen ere antzemango du, eta hori ere izan dute ahotan. Hirigune urbanoetan kokatu ohi dira eleberri beltzetako istorioak, ez da hori, ordea, Mendiko gaitzaren kasua, arestian esan bezala, mendian gertatzen baita. Protagonista, gainera, nobela beltzetan agertzen diren emakumeengandik urrun dago; "Nobela beltzetako emakumeen irudia, askotan, misoginoa eta paternalista izaten da. Hortik aldendu nahi nuen, eta argi neukan nire kontakizuneko protagonista emakumea izango zela. Inoren beharrik ez eta bere kasa ibiltzea maite duen emakume bat da".
Egileak nabarmendu du "oso ongi" pasa duela Mendiko gaitza idazten, eta, bazekiela berak hainbeste gozatuta, irakurleak ere hala egingo zuela. Eta eleberriaren izenburuaren gainean, galdetu die ea ba ote zekiten zergatik erabili duen hori. Azaldu die, liburuarekin bere nahia "arrastoa uztea" dela, eta horregatik izendatu duela Mendiko gaitza izenarekin: "Batzuk Everest igotzearekin egiten dute, beste batzuk liburuak idazten, edo seme-alabak edukitzen".