Urte askotan bizilagun izandako bi lasarteoriatar berriro elkartu ditu jende askoren ahotan dabilen Soilik bai da bai izenez ezaguna den 10/2022 lege integralak, sexu askatasunari buruzkoak. "Duela urte erdi inguru, erakunde batzuen deiak jasotzen hasi nintzen lege horri buruz hitz eigteko eta ohartu nintzen falta zela ikuspuntu juridikoaren zatia txertatzea. Sarari eskatu nion laburpen bat egiteko eta bidali zidan txostenean dena oso argi azaldu zuenez, beharrezkoa zen berak ere hitzaldietan parte hartzea", azaldu du Galardik. Elkarrekin aritu izan dira aurretik, fin eta zorrotz, baina ez oraingoan bezainbeste ilusiorekin, jaioterrian jardun direlako aretoa leporaino bete duten 50-60 bat ikus-entzuleren aurrean, gaztelaniaz, udalak hala eskatuta: Solo sí es sí: alumbrando las sombras que ha producido el ruido mediático izenburupean, lege horren edukiaren gakoak eman eta hedabideetan nahiz jendartean eragin duen harrabotsaren atzean dagoenaz jardun dira.
Arrutik hitz egin du aurrena, aipatu legea ikuspuntu juridikotik aztertuta. "Izaera integrala duela nabarmendu nahi dut, sexu askatasunaren berme organiko bat, gure gizartearen egiturazko arazoetako bat den sexu indarkeriari aurre egiten diona". Halaber, adierazi du mugimendu feministak historikoki egindako ekarpenak ere jasotzen dituela, ez dutela politikariek beste inoren ahotsa kontuan izan gabe idatzi eta onartu. Elementu nabarmenetako bat paradigma aldaketa izan da, izan ere, horren aurretik bi delitu mota bereizten zituzten, abusua eta erasoa, eta erdigunean jartzen zutena zen ea horiek biolentziaz eta intimidazioz eginak izan ziren ala ez. "Biktimen bizkarrean jartzen zuten zama guztia, erasotuak izatearekin aski ez eta gertatutakoa frogatzeko prozesuan bi ezaugarri horiek demostratu behar zituztelako; birbiktimizatu egiten zituzten".
Legea onartu zutenean, arestian aipatutako bi delitu mota horiek eraso gisa kontsideratzen hasi ziren. Horrekin batera, erasotuaren onespena jarri zuten erdigunean, biolentzia eta intimidazioa alde batera utzita. Beraz, kontua ez zen erasoaren ezaugarriak nolakoak izan ziren, baizik eta erasotuak baimena eman zuen ala ez. Bidenabar, Kode Penalean kontzeptu horren definizioa jaso zuten 178.1 artikuluan.
Arazoa, legearen interpretazioa
Abusuak eta erasoak bereizteari uzteak eragin zuen gizartean "alarma" sortu duen ondorio bat: akusatuen zigorrak jaistea. "Soilik bai da bai-ren aurreko Kode Penalaren arabera, bortxatzeagatiko zigorrak sei eta hamabi urte artekoak ziren, eta, ostekoan, lau eta hamabi bitartekoak". Arrutik esplikatu duenez, gutxieneko kartzelaldi epea jaitsi zuten juridikoki "intentsitate gutxiagokoak" ziren ekintza batzuk sartzeko, esate baterako, ukituak. Horren aurrean, dena den, zigortuak izan direnetako askok eskatu dute euren zigorrak berrikustea eta kondena denbora jaistea lortu dute, beste lege guztietan aplikatzen den atzeraeraginkortasun printzipioagatik, "egiturazkoa" dena. "Kontua ez da atzo bertan norbait bortxatu zuen pertsona bat dagoeneko kalean dagoela, baizik eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten gaizkileak ari direla aske uzten", gehitu du Galardik.
Biek ala biek argi dute zergatik gertatzen ari den hori: "Interpretazioa izan da arazoa, ez legea bera". Izan ere, tokian tokiko auzitegiek "nahi dutena" egin dute eskaerak aztertzerakoan, irizpide orokorrei jaramonik egin gabe. Arruti: "Orain arteko jurisprudentzia kontuan izanda, esan zieten ezin zutela zigorrik berrikusi baldin eta lau eta urte hamabi arteko tartean sartzen bazen, baina ez dute errespetatu". Herritarrak bat egiten du hausnarketa honekin: "Zigor minimoaren kopuru bat bestearengandik ordezkatze hutsetik harago, kasu bakoitza aztertu eta lege berriaren arabera erasotzailea nola zigortu aztertu beharko lukete, kontuan izanda abusuak eta erasoak fusionatu egin dituztela".
PSOEren erreforma
Zigorren jaiste horrek gero eta harrabots gehiago sortzen ari zen eta PSOEk legea erreformatzea erabaki zuen (PPren babesarekin), gobernukide zuen Podemos alderdia aurka egonik ere. "Onespenaren definizioa ez zuten aldatu baina berriz ere bi azpidelitu tipifikatu zituzten, biolentzia eta intimidazioa erdigunera ekarri eta Soilik bai da bai-ren aurreko paradigmara itzulita", azaldu du Arrutik. Horrekin batera, gutxieneko zigorrak luzatu zituzten, arazoa konponduko zutelakoan. "Ez dute lortu".
Hori horrela izanik ere, aipatu legea balioan jarri du legelari eta ikertzaileak, berriz ere bere izaera integrala nabarmenduta eta "itzalpean" geratu diren (edo utzi dituzten) zenbait aspektu aipatuta. "Lege zaharrek jasotzen ez zituzten indarkeria mota batzuk jasotzen ditu, hala nola kaleko jazarpena, sexu edukiak sare sozialen bidez zabaltzea edota sumisio kimikoa, eta, nire ustez neurri garrantzitsuena dena, probintzia bakoitzean martxan jarriko dituztela egunean 24 orduz irekita egingo diren krisi zentroak". Horietan emango dituzten zerbitzuak erabiltzeko erasotuek ez dute salaketarik jarri beharko aurretik. Noiz egongo dira indarrean? Arrutik esan du aurtengo ekainerako zabaltzea aurreikusi dutela baina adi egon beharko dutela, hasieran esan zutelako iazko abenduan hasiko zirela lanean.
Hedabideen eragin eta boterea
Ikuspuntu juridikoaren atala itxi duenean Arrutik, kazetaritzaren alorra jorratzen hasi da Galardi. Laugarren boterea izenez ezagutzen dira komunikabideak, gizartearen agendan eta iruditeria kolektiboan eragiteko duten gaitasunagatik. Afera honetan, zenbait hedabidek "apropos" hartu dituzte Soilik bai da bai legearekiko jokabide batzuk eta mezu jakin batzuk zabaldu. Horren atzean egon daitezkeen arrazoiak zerrendatu ditu: mugimendu feministak historikoki aldarrikatu izan dituenei kutsu kontserbadorea ematea; mugimendu feministari eraso egitea; eta aurreko legealdiko Berdintasun Ministerioaren aurka egitea, Irene Montero ministroa kargugabetzean eta botere eremu horietan eragiteko ahalmenean eragiteko.
Komunikabideek, gaia lantzerakoan, asko erabili dituzte "morboa eta sentsazionalismoa", kode deontologikoak-eta zapalduta. "Garrantzitsua da kazetaritza lana zorroztasunez eta etikaz egitea, gaiak ertz askotatik landu eta irakurleei gaiak ulertzeko tresnak ematea". Horren aurrean, hedabide batzuek "ezezagutza" sustatu dute eta ez dute afera "pedagogiaz" landu, "nahita".
Aditu bakoitzak bere jakintza arlotik hitz egin ostean, legeak hobetzeko izan ditzakeenei buruz gogoeta egin dute, eta, ondoren ikus-entzuleen galderak entzun eta erantzun dituzte.