"Mundua aldatzen ari da eta gu mundua aldatzeko ari gara"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 8a, 20:34

Azken urtetako bideari jarraituz, M8ko ekintzetan zaintzaren auziari nagusitasuna eman dio beste behin mugimendu feministak. Gure gorputzekin negoziorik ez! lelodun pankarta atzean dozenaka lasarteoriatarrek zeharkatu dute herriko erdigunea Asunak talde feministak deitutako ekintzan. Okendon hasi eta buka, zenbait aldarri oihukatu dituzte bidean, nagusiki, borroka feministaren alde eta patriarkatuaren aurka. 

Gazteek eraman dute mobilizazio jendetsuaren buruan zihoan pankarta, eta bidean, are gazteagoek hartu dute. Ibilbidea moldatu dute oraingoan, Kale Nagusian barrena Largoenea kaleko biribilgunean Beko kalerantz joan dira eta Elizatzetik Kale Nagusira bueltatu. Hala, Tajamar biribilgunea inguratu eta Hipodromo kaletik jaitsi dira, Pablo Mutiozabaletik Iñigo de Loiola kaleraino egiteko. Kultur etxera iristean, Geltoki kaletik joan dira plazaraino. 

Txalapartariak zain zituzten udaletxe azpian. Pankarta eusten zuen taldea haien eskuinera jarri da zetozenei begira. Biribilean jartzeko eskatu diete manifestazioan parte hartzen ari zirenei, eta osatu dutenean, Haizea Arbizuk hartu du mikroa. Txalapartariek jo bitartean irakurketa partekatu du bertan zeudenekin. Olerki moldea zuen batzuetan eta hitzen arabera, erritmoa bizkortu edo lasaitu egin dute musikariek.

Egungo zaintza eredua zalantzan jarri eta zaintza eskubide kolektiboaren alde egiteko izan dira lehen hitzak; irabazien alde pribatizazioan sakontzen aldeko erabakiak gaitzetsiz..

"Zaintza eredua jarri dugu erdigunean, indibidualismoa lege den unean.
Egungo sistemaren sustraiak errotik erauzteko asmoz, elkar eutsiz, indarberrituta gatoz. 
Egitura publiko baten beharra aldarrikatuz pribatizazioa salatzen jarraitzen dugu, egungo eredu heteropatriarkal kapitalista eta arrazista erauztea dugu helburu.
Zaintza lanen beharrezkotasuna aintzat hartuta, zaindua izatearen eskubidea ezin baitzaio inori uka.
Sektore honetako langileen lan baldintzak hobetzeko ez da inolako neurririk hartzen.
Sistema publikoa indartu beharrean, pribatizazioan sakontzen jarraitzen dute.
Irabazien truke. 
Eta honek segi dezake luzaro, diruak balio badu bizi duinak baino gehiago. 
Zainduak izan gabe zaindu
egoerak amaiera zain du. 
Ez baititugu nahi sistemaren gabeziak emakume* langileon duintasunarekin eta osasunarekin ordaindu. Gure bizitzekin negoziorik ez!"

Mugimendu feministatik proposamen integralak egiteko espazioak partekatzeko eta orain arteko bide beretik jarraitzeko beharra ere nabarmendu du. 

"Urgentziazko neurriak adostuz,
baliabideak exijituz
Bizi dugun sistema heteropatriarkala suntsitu eta bizi eredu eraldatzaileak eraikitzera goaz
trantsizioz trantsizio
Gure borrokak badituelako hamaika dimentsio
arrakalatutako ertzak ere zeharkatzera heldu baikara
tentsioak tentsio
behin lehen lerroan jarrita gure behar eta zio
zuriketa moreak ez baitu balio".

Erronka horiei "oinarri sendoa jartzeko" herrian mugimendu feminista "indartsu eta osasuntsu bat" eratzen jarraitu behar dutela adierazi du eta horretara deitu ditu herrikideak. "Merezi du mugimendu honen parte izateak, mundua aldatzen ari da eta gu mundua aldatzeko ari gara!". 

Palestinarrak eta Aitzel Iriondo ere izan dituzte gogoan. Lehenei, elkartasuna, "askatasuna ukatu eta zapalkuntza jarrerak besterik gailentzen ez diren honetan", eta bigarrenaren urtebetetzearen harira, kartzelan dauden emakume transexualei, babesa. 

Erlazionatuak