Adar berri bat du zuhaitzak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 8a, 09:13

Maddi Lasa Ormazabal (mikrofonoarekin), Kattalin Lizarraga Mendia eta Araitz Ramos Irazusta, atzo iluntzeko saioan.

Lasarte-Oriako mugimendu feministaren genealogia izan dute hizpide eta inspirazio iturri Maddi Lasa Ormazabal, Kattalin Lizarraga Mendia eta Araitz Ramos Irazusta bertsolariek. Alazne Ramos Irazusta eta Ane Jimenez Beltran pandero jotzaile eta trikitilariaren laguntzarekin kalejira egin dute erdigunean barrena, dozenaka herritar atzetik segika zituztela. Asunak neska* gazteen talde feministak antolatutako ekimena izan da.

Gure herriko mugimendu feminista gaur egun zuhaitz bat bada eta adar ugari baditu, sorreran jardun zirenek haziak mimoz landatu eta nekatu gabe ureztatzen hasi zirelako da. Gure herriko mugimendu feminista gaur egun zuhaitz bat bada eta adar ugari baditu, belaunaldi berriek hasieran aritu zirenen lekukoa hartu eta kaleak aldarrikapen ekintzez betetzen jarraitzen dutelako da, arbol gero eta garaiago eta moreago horren gerizpean. Horren adibide, Asunak neska* gazteen talde feministak atzo arratsaldean aurrera eraman zuen bertsotrikipoteoa. Adar berri bat du zuhaitzak.

Okendo plazan elkartu ziren ekimenaren antolatzaileak eta horren berri izanda bertsolariekin nahiz trikitilariekin bidea egitera animatu ziren dozenaka herritarrak. Asunakeko kide Lierni Rekondok hartu zuen hitza, bertaratu zirenei jardueraren dinamika azaltzeko: zenbait eragileren eta TXINTXARRI aldizkariaren artxiboko irudi batzuk aukeratu eta bertsolariei eman zizkieten aurrena, irudietan ikusten zutenari buruz kanta zezaten. Ostean, argazki horiek ikus-entzuleei pasa zizkieten eurak ere ikus zitzaten. Mobilizazio, bazkari edota afari, kirol ekitaldi eta mugimendu feministaren jardunarekin zerikusia izan duten beste hainbat gertaerari buruzko koplak osatu zituzten hiru gazteek, dinamika sozial horren zuhaitz genealogikoaren lehen adarretik hasi eta kimu berrienetara arte. 

Okendoko lanak amaituta Agora tabernan egin zuten lehen geldialdia, ostegun arratsaldeetan ohitura denez tragoarekin batera pintxoa ateratzen baitute. Bertan indarrak hartu eta beste bertsoaldi bat gauzatu ostean, martxan jarri eta Punto tabernara joan ziren, gauza bera egitera. Bertsotrikipoteoak aurrera egin ahala gero eta herritar gehiagok entzun zituzten bertsolarien koplak eta amaitzerakoan txaloekin saritu zuten haien jarduna.

Hemendik urte batzuetara, mugimendu feministaren bilakaeraren horrelako beste errepaso bat egiten badute, atzo argazkiei abestu zietenak eta ondoan zituztenak aterako dira beste pertsona batzuek esku artean ibiliko dituzten irudietan. Ez dadila haria eten, ez dadila zuhaitza idortu.

Erlazionatuak

Bertsotrikipoteo feminista, iruditan

Txintxarri Aldizkaria mar 08 Gizartea

Bertsolarien sarrerako bertsoak

Txintxarri Aldizkaria mar 08 Gizartea