Ixiar Arteagak egin die harrera Oriarte Landaberrin bildutako herritarrei, eta saioa hastearekin batera, gogorarazi du Borobilean elkarteak aurrera eramango zuen bosgarren saioa dela. Deialdiek izan duten erantzun ona nabarmendu zuen, eta eskertu, horietara bertaratu diren guztiei. Bera izan da moderatzailea, eta bi belaunaldietako sei emakume ondoan hartuta osatu du hil honetako borobila; Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperatan. Belaunaldi zaharreko Manoli Zumeta Egia, Mari Jose Eizmendi Tapia eta Itziar Iartza Etxenike izan ditu alde batean, eta Dune Iriarte Iriondo, Nahia Urdalleta Azpiolea eta Amaiur Izagirre Larruskain gazteak bestean; aSUnak neska* gazteen talde feministako kideak azken hiruak. Arteagak berak egindako galderei erantzunez hartu dute hitza protagonistek.
Harremanen lehen hari punta jarri du Arteagak emakume gonbidatuen eskuetan, eta horri tiraka partekatu dituzte euren gogoetak. Zumetak, adibidez, bere gazte garaiko harremanak egun mantentzen dituela kontatu du, horiek duten sendotasun eta garrantzia azpimarratuz. Iartzak, berriz, harremanek "etapa ezberdinak" izaten dituztela nabarmendu du, eta, Eizemendik, berriz, kontatu du garai batean, bikotekidearekin hasteak eragiten zuela, besteak beste, lagunekiko harremanak alboratzea. Soldatapeko lanaz ere mintzatu dira, eta egungo egoerarekin alderaketa eginaz hiruek aipatu dute oso gazte hasi zirela lanean, 15-16 urterekin. Gaineratu dute irabazten zuten soldata etxean entregatzen zutela.
Zaintzarenari tiraka jarri ditu gero Arteagak belaunaldi gazteetako partaideak. Izagirrek aipatu du zaintza lanak emakumeei egozten zaizkiela, horiek emakumeek eginak izatea espero dela. Adibide bat ere jarri zuen: "Orain arte egin ditudan lanak haurren zaintzari lotuak izan dira".
Sexualitatea eta hori bizitzeko moduaz, abortuaz eta antisorgailuez hitz egiteko tartea ere hartu dute; hizlari bakoitzak bere ikuspegia plazatu du. Belaunaldi zaharreko partaideek kontatu dute garai batean, abortatu nahi zuten emakumeek Londresera joan beste aukerarik ez zutela izaten. Gazteak, berriz, ikastetxean jasotako sexu heziketaz mintzatu dira; azaldu dute ezer gutxi ikasteko aukera eskaini diela: "Hilerokoaz zerbait, haurdun ez geratzeko preserbatiboa erabili behar dela eta gutxi gehiago irakatsi ziguten".
Hainbat kontzeptu argitzen laguntzeko eskaera ere jaso dute belaunaldi gazteko parte hartzaileek; ez bitarra izateaz, gorputz normatiboez eta generoei egozten zaizkien rolez hizketan aritu dira, besteak beste.
Feminismoa, erreminta gisa
Emakume erreferenteak izendatzeko tarte bat eskaini die gero moderatzaileak hizlariei, eta bakoitzak bereak izendatu ditu: bere ama aipatu du Eizmendik, eta Mari Luz Esteban idazlea, berriz, Urdalletak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan izandako irakasle bat ekarri du gogora, berriz, Izagirrek. Feminismoari begira jarrita, azken horrek "erruaren eta arduraren zama kentzen" lagundu dion erreminta gisa definitu du. Aipatu dute baita ere herriko emakumeak ezagutzeko aukera eman diela feminismoak, hala nola, aSUnak neska* gazteen taldeko kide izateak.
Gonbidatu berezi batekin eman diote amaiera saioari, Gregorekin. Solasaldian aipatutakoak ekarri ditu gogora, noski, umoretik. Gustura aditu dituzte aretoan bildutakoek bere kontuak; barre algara ederrak entzun dira.