Martxoko kultur agenda, motzagoa baina askotarikoa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 4a, 13:43

Udaleko Kultura saileko teknikari Xabier Goitia eta Ainara Elicechea, egitaraua aurkezten.

Aste Santua hilabete amaieran hasiko denez, aurtengo martxoko kultur egitasmoen zerrenda beste urte batzuetakoa baino laburragoa da. Edonola ere, horrek ez du esan nahi programa aberatsa ez denik, arte diziplina ugaritako eta egitasmo garrantzitsu batzuetako (Emakumearen Nazioarteko Eguna edota 23. Korrikaren etorrera, kasu) ekimenak barnebiltzen dituelako. 

Bizkarsoro filmaren emanaldia eta solasaldia, Loti ederrak antzezlanaren ikuskizuna eta Migrazioa, bidaia ahatezina nahiz Pobres criaturas filmen emanaldiak izan dira aurreneko jarduerak. Horien atzetik etorriko dira beste hainbat, Lasarte-Oriako Udaleko Kultura zinegotzi Ainara Elicechea eta sail horretako teknikari Xabier Goitiak azaldu dutenez. 

Gaur, esaterako, 23. Korrikaren etorrera girotzeko egitarauaren barruan, herriko ikastetxeetako ikasleek ondutako erakusketa irekiko dute, hilaren 18ra arte, Antonio Mercero aretoan. Hori bisitatzeko ordutegia 17:00etatik 19:00etara artekoa izango da. Horri lotutako beste bi jarduera iragarri dituzte: 16an lasterketaren aurkezpen gala egingo dute kultur etxean, 18:30ean, eta, hurrengo egunean, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua, 12:00etan, kultur etxeko auditorioan.

Korrika da hilabete honetako ekimen nabarmenetako bat, eta Emakumearen Nazioarteko Eguna bestea, hilak 8. Egun horretan bertan Escuela de princesas antzezlanaren emanaldia egingo du herriko Makelur taldeak, 19:30ean hasita, kultur etxean. Astebete geroago Cromlech ikuskizuna ekarriko du gurera Evaren Alabak-ek. Antonio Mercero aretoan ariko dira, 19:30etik aurrera.

Dantzak ere badu tokirik hilabeteko programan: Shine lanaren emanaldia egingo du Lasala konpainiak hilaren 15ean, kultur etxean, 20:00etatik aurrera. Sarrerek 6 euro balio dute. XX. Dantza Zirkuituaren barruko ikuskizuna dela zehaztu dute udal ordezkariek.

Film ugari

Lehen esan bezala, zinema kartelerako lehen bi filmak eman dituzte honezkero. Hurrengo paseak igande honetan egingo dituzte: El arca de Noe haurrentzat, 17:30ean, eta Negu hurbilak helduentzat, 19:30ean. Sarrerek 4 eta 6 euro balio dituzte, hurrenez hurren. Hilaren 17an Corre Tiger, corre eta Secretos de un escándalo emango dituzte, eta, 24an, La aventura infinita eta Sala de profesores. Bi egun lehenago hilabeteko bigarren proiekzioa aurrera eramango du Okendo Zinema Taldeak: Al descubierto

Azkenik, Danok Kide elkarteak eta udalak elkarlanean antolatzen duten opera edota ballet emanaldi digitalaren zikloaren barruan, hilabete honetako emanaldia La Cenerentola opera izango da, Gioachino Rossini XIX. mendeko konpositore italiarrarena. Hilaren 13an izango da, 19:00etan. Ikuskizun hori ikusteagatik 7,5 eta 9 euro artean ordaindu beharko dute herritarrek.