Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke. Bertako herritarrak fikziozko pertsonaiak dira, eta aldi berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren fikziozko bost istoriok osatzen dute filma, ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarrituak.
Hastapenetatik zuen film bat egiteko asmoa Josu Martinezek, nahiz eta onartu duen inork gutxik sinesten ziola. Garai desberdinetan filmatu zituen, XX. mende osoan herri hori nolakoa zen erakutsi nahi duten istorioak, eta aurrera zihoan heinean iritziak aldarazi zituen. "Hirugarrenerako sinesten zuten iritsiko ginela pelikula osoa egitera".
Duela sei urte filma ekoizteko finantziazio bila ari ziela euskaraz, Iparraldean, lekuko jendearekin... "ezinezkoa" zela esan zieten. Beraz, zatika egitea erabaki zuten. "Horrela demostratu dugu ezinezkoa zen hori posible zela", zehaztu du. 1980ko hamarkadan Jaunba Berasategik Kalabaza tripontzia euskarazko animaziozko film luzearekin antzeko zerbait bizi izan zuela gogoratu du. "Burutik jota zegoela esaten zioten. Orduan, gauza bera pentsatu zuen: 'Egingo dut labur bat, gero beste bat, gero beste bat... horrela osatuko dut luzea'. Sei istorio labur dira eta filma oso garrantzitsua izan zen belaunaldi batentzat". Bilbotarrak horren berri izan zuen iaz argitaratu zuen liburu baterako ikertzen ari zela baina uste du erakusten duela "euskaldunok oso ondo dakigun gauza bat, gauza guztiak direla ezinezkoak egiten diren arte".
Euskaldunak ardatz
Euskarari buruzko pelikula bat beharrean, euskaldunei buruzkoa dela argitu izan du zuzendariak lanaz hitz egitean, eta ñabarduraren zergatiaz galdetu diote. "Ez zait bereziki interesatzen euskara zentzu horretan. Euskara salbatuta dago, zientzia liburuetan dago, gramatiketan dago, aspaldi egin ziren hiztegiak... Salbatuta ez dagoena da euskaldun bizitzea. Ez da hizkuntzari buruzkoa, euskara hiztunei buruz, baizik”.
Martinezen ekoizpenaren asko euskarari buruzkoa da. Hori dela eta, hizkuntzarekin duen harremanari buruz jakin nahi izan dute. “Zoritxarrez, ez dut historia apasionagarririk. Gustatuko litzaidake erantzun brillante bat izatea, baina ez. Gurasoak euskaldunak dira, euskara ikasitakoak, bilbotarra naiz, txikitatik euskaraz egin dut etxean eta lagunekin". Bere biografiatik haratago, bizi den inguruan topatu du erantzuna. “Nondik datorkidan? Ez dakit. Hemen bizi naiz, ateratzen zait, interesatzen zaizkidan gauzei buruzko pelikulak egiten ditut”.
Euskal herritar guztiek hizkuntzarekin "harreman berezi bat" dutela azaldu du Martinezek. "Batera edo bestera, onerako edo txarrerako. Bizi garen gizartean, euskaldunek eta euskaldun ez direnek, bortxaz badute diglosi edo bilinguismo egoerarekin harremana". Batzuek ez dute euskarara hurbildu ere nahi, baina ez zaie gauza bera gertatzen beste hizkuntza batzuekin, gatazka bat dute; euskaldunak zirenak ,baina jada ez direnak... Zentzu horretan, filmak jende asko ukitzen du pertsonaiak "oso errekonozibleak" direlako, ikusle askok ezagutuko dituzte inguruan edo familian dituztelako halakoak.
Lekukotza koherenteak
Gogoeta amaitzeko gehitu du euskal zinema egiterakoan badirudiela "batzuetan disimulatu egin behar dela euskal zatia". Euskaraz egitekotan leku aseptiko batean, lokalismoan ez erortzeko. "Badirudi ez dagoela modan".
Filma egiteko ikertu egin du Martinezek. Entzundako istorioak, bereak, lekukotzetatik jasoak... Harkaitz Canori irakurria dio fikzioa eta errealitatearen arteko aldea fikzioa koherentea izan behar dela. Berak koherentzia eman dio hainbat istoriori, ordenatu. “Ia dena koherentzia emateaz harago, egia da”. Adibide gisa, filmean ikus daiteke Marsellesa ez dakitela herri txiki bateko biztanleek Lehen Mundu Gerra ostean; baina Piarres Larzabalek bere memorietan kontatzen du, Hazparnen (Lapurdi) 1944an, Bigarren Mundu Gerrako liberazioaren ondoren. "Jendea oso dosi txikian zen frantsesa". Ikastolen zatirako, berriz, 20 bat elkarrizketa egin eta ahozko lekukotzak jaso ditu.
Okendo Zinema Taldeko kideez gain, bertaratu diren 90 bat lagunek ere bere jakin-mina asetzeko galderak egiteko aukera izan dute solasaldiak iraun artean.