Sahararren historiaz eta istorioez

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 1a, 11:47

Kristina Berasain Tristan kazetaria, ikus-entzuleei azalpenak ematen.

Kristina Berasain Tristan kazetariak 'Sahara, herri bat erresistentzian' liburua aurkeztu du Jalgi kafe antzokian. Hogei urtetako lana bildu du berriemaile nafarrak lan horretan, euskaraz. Hitzak eta diapositiba bidezko irudiak uztartuta, hainbat pasarte partekatu ditu saiora bertaratu diren herritarrekin.

"Beti esaten dut saharar bakoitzak izan dezakeela liburu bat". Horretarako nahikoa denbora izango balu, Berasainek atzoko aurkezpenean behin baino gehiagotan errepikatu zuen hori egingo luke ziur asko, pasioz kontatu baitzuen Sahara, herri bat erresistentzian liburuan bildutakoaren berri: sahararren historiaz eta istorioez jardun zen.

Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eragileak antolatu zuen atzoko aurkezpena, eta, berriemaile nafarrari hitza eman aurretik Tomax Arrutik aurkeztu zuen hizlaria, Jalgi kafe antzokira bertaratu diren ikus-entzuleei ongietorria egitearekin batera. Urtero moduan, aurten 48 urte bete berri dituen Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapen dataren bueltan (otsailaren 27a) ekimenak aurrera eramaten ditu talde horrek; aurtengoan elkarretaratze bat eta aipatu liburu aurkezpena izan dira. Hasi aurretik nahiz amaitu eta gero, lan hori erosteko aukera izan zuten herritarrek.

Liburuaren azalean azaltzen den emakumea aurkeztu zuen Berasainek: Embarka Brahim Bumajruta (Aaiun, 1955). Ez zuen kasualitatez pertsona hori eraman portadara, izan ere, kazetariaren esanetan, bere bizitzak islatzen du sahararren historia garaikidea nolakoa izan zen. Gainera, emakumeak sahararren erresistentziaren sinbolo bilakatu dira urteen poderioz. Mendebaldeko Saharan garrantzitsuak izan diren eta izaten jarraitzen duten beste pertsona ugari ere aurkeztu zituen, esate baterako, Mohamed Lamin Ahmed, "liburua ez, entziklopedia ibiltari bat dena, sekulako memoria du". Fronte Polisarioaz hitz egin zuen berarekin, batez ere.

Sahararrena, "traizioz betetako historia"

Mendebaldeko Sahararen nazio askapenerako mugimendu politiko eta militar hori 1973ko maiatzaren 10ean eratu zuten, autodeterminazio eskubidea zutela aldarrikatu eta herrialde gisa euren etorkizuna erabaki behar zutela (Espainiaren kolonia ziren) munduari azaltzeko. Nazio Batuen Erakundeak aitortu zien hori ebazpen ugariren bidez; are gehiago, ikuskari talde bat bidali zuen lurraldera eta ordezkari horiek prestatu zuten txostenean sahararren eskaera berretsi zuten. 

Ordurako, ordea, "traizioa" egosten ari ziren Espainia bera, Maroko eta Mauritania. Hiruko Akordioa deritzon itunaren bidez gorpuztu zuten eta geroago etorri zen Martxa Berdea (sahararrentzat beltz kolorekoa dena) izenez ezagutzen den inbasio militar eta zibila, 1975eko azaroaren 6an hasi zena. Berasainek azaldu zuenez 350.000 lagun inguru sartu ziren sahararren lurretara eta bertan bizi zirenek handik basamortura ihes egitea beste erremediorik ez zuten izan. Biztanle asko eta asko geratu ziren bidean, hilda edota desagertuta. "Espainiak ez zuen deskolonizazio prozesua ongi egin; bere historiaren kapitulu ilunetako bat da hau". 

Mendebaldeko Sahararen historian giltzarri izan diren data, gertakari eta testigantza gehiago partekatu zituen Berasainek, gaur egungo egoerara iritsi arte. Sahararrek erresistentzian segitzen dutela adierazi zuen, "duintasunez". Duela hiru urte berriz ere estatu okupatzaileen aurkako gerrari ekin zioten, argi utzita ez dutela etsitzeko asmorik, herrialdearen etorkizuna zein izango den beraiek erabakitzeko erreferenduma gauzatu arte.