Kristina Berasain Tristan: "Erresistentzia da sahararren ezaugarri nagusia"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko ots. 23a, 08:00

'Sahara, herri bat erresistentzian' lanaren egilea, ale bat eskuetan duela. Argazkia: Kristina Berasain Tristan.

Kristina Berasain Tristan (Lizarra, Nafarroa, 1973) kazetariak aurkezpenez beteta du egunotako agenda. Sahara, herri bat erresistentzian liburua plazaratzeko saio horietako bat gure herriko Jalgi kafe antzokian egingo du, hilaren 29an, 19:00etatik aurrera. 

Lehenik eta behin, Kristina, eskerrik asko TXINTXARRI-rekin hitz egiteko tarte bat hartu izanagatik. Egunotako agenda aurkezpenez beteta duzu...

Hilaren 26tik martxoaren 3ko astean lau hitzaldi izango ditut. Tartetxoak bilatzen nabil saio horiek eguneroko lanarekin [kazetaria da Berria egunkarian] eta bizitzaren beste alorrekin uztartzeko. Egia da lanpetuta nabilela baina era berean oso pozik nago liburuak izan duen eta izaten ari den harrerarekin.

Lau hitzaldi horietako bat gure herrian emango duzu. Zer aurkeztera etorriko zara?

Sahara, herri bat erresistentzian liburuaz hitz egitera etorriko naiz. Arnasa luzeko kazetaritza bitartez egindako lan bat da. Era berean, herrialde horri buruz euskaraz idatzitako lehen lana da, oso harro esaten dut hori.

Bidaia bat da lan hau, Sahararen azken 50 urteak errepasatzen dituena: kolonialismoa, okupazioa, exodoa, gerra, ez bake, ez gerra gisa ezagutzen den garaia eta guda berriro, azken hiru urteetatik gaur egunera arte. Azkenean, traizioz betetako historia ere bada saharar herriarena: Espainiako historian beltzez idatzitako pasarte bat. Ez dugu ahaztu behar horrek jarraitzen duela izaten Mendebaldeko Saharako potentzia administratzailea. Deskolonizazio prozesua ez zuen behar bezala egin.

Gatazka luze, anker eta ertz askotako bat aztertu duzu eta 'erresistentzia' hitza eraman duzu izenburura. Zergatik?

Sahararren ezaugarri nagusia hori dela esango nuke, egoera oso ankerrak bizita ere horretan jarraitzen dutelako. Beraien duintasuna ere nabarmenduko nuke.

Izenburuaren azpiko argazkian emakume bat azaltzen da. Nor da?

Embarka Brahim Bumajruta (Aaiun, 1955). Nolabait, bere bizitzak erakusten du Mendebaldeko Sahararen historia. Bestalde, emakumeak sahararren erresistentziaren sinbolo bilakatu dira. Berari eta beste herritar batzuei hitza eta lekukotasuna emanda, haien istorioak herrialdearen historiarekin harilkatzen saiatu naiz.

 

Elkarrizketa batean irakurri dizut sahararren testigantzak direla liburuaren "altxorrik handiena".

Plazer bat izan da, hogei urtetako lana bildu dut liburuan. Haien bizipenak beraiek kontatzea bilatu dut, beti esaten dut saharar bakoitzak izan dezakeela bere liburua. Batetik, kanpalekuetan ibili naiz euren hitzak entzuten tea hartu bitartean, haimaz haima; eta, bestetik, lurralde okupatuetan, giza eskubideen aktibistekin: Aminatou Haidar, Sultana Khaya, Brahim Dahane eta beste askorekin. Ez dugu ahaztu behar eremu horretan errepresiopean bizi direla eta debekatuta dituztela haien identitate ikur guztiak erakustea, baita haima bat zutitzea ere. Hori ere bada Embarka Brahim Bumajruta liburuaren azalera eraman izanaren arrazoi, bere atzean haima bat azaltzen delako.

Zergatik erabaki zenuen herrialde horretan gertatzen ari zena kontatzea?

Berria-ko kazetaria naiz eta nazioarteko gatazketan lan egin dut urte askotan. Hedabide horretarako egin behar izan nuen lehen lana hori izan zen, 2005ean, lurralde okupatuetatik. Informazioa oso eskasa da Marokok ez duelako lekukorik nahi han: zulo beltz bat da kazetariontzat, basamortuaren basamortua. Beste hainbat berriemailerekin batera kanporatua izan nintzen arren, kateatu egin nintzen herrialde horrekin eta hamar urte geroago lortu nuen eremu horretako hiriburu Aaiun-era sartzea.

Saharar auziak agerian uzten du konponbidea berez oso erraza dela: paperetan dagoena betearaztea. Ehunka ebazpen eman ditu Nazio Batuen Erakundeak, esanez sahararrek eskubidea dutela erreferendum bat aurrera eramateko. Bizi duten injustizia horrek jarraitzen duen artean, han izango naiz beraiekin batera euren eskubideak aldarrikatzen.

Konpromisoa bada zure kazetaritza egiteko moduaren ezaugarri bat?

Kazetariok erantzukizun handia dugula uste dut, are gehiago bizi ditugun garai ilun eta arraro hauetan. Beti aldarrikatzen dut teletipoetatik at dagoen kazetaritza, kalekoa. Gurentzat erreferente handia den Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarraren esaldi bat badago: "Gerra guztiak lehenengo tiroa baino lehen hasten dira". Beste gerra kazetari batek, Gervasio Sanchezek, hauxe dio: "Gerra bat ez da bukatzen Wikipedian jartzen duen egunean". Gatazka eta gudak urtetan luzatzen direnez,  interesgarria iruditzen zait konfliktoak dituzten herrialdetara joan eta bertan bizi direnei ahotsa ematea, entzun eta kontatzeko ariketa bat baita kazetariok egiten duguna.

Ez dut objektibotasunean sinesten eta ez dut inpartziala izan nahi. Iruditzen zait kazetariok zintzoak izan behar dugula kontatzen ari garenarekiko.

Prentsako 'Argia' saria jaso duzu berriki eta ekitaldian "ahaztutako gatazka eta herrialde asko" daudela aldarrikatu zenuen.

Nire joera beti izan da gatazken ertzei begiratzea, ahaztutako herrietakoei eta Mendebaldeko Saharari bereziki. Munduan badaude asko eta asko ahaztuta daudenak, Kongon gertatzen ari dena adibidez: gure sakelako telefonoak egiteko erabiltzen duten baliabide naturala den koltanagatik sekulako sarraskia egiten ari dira eta ez gara horren berri izaten ari.

Nabarmendu nahi dut munduko gatazken jatorria, normalean, berdina izaten dela: estatu okupatzaileentzako, interes ekonomikoak zintzotasun politikoaren eta giza eskubideen gainetik daude.